Zenbait ikastolak babesa adierazi diote Zarauzko ikastolari

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko zigorra ipini dio Salbatore Mitxelena ikastetxeari.

Kirikiño ikastolako kideak, gaur, Bilbon. IKASTOLEN ELKARTEA
Kirikiño ikastolako kideak, gaur, Bilbon. IKASTOLEN ELKARTEA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urtarrilaren 24a
16:47
Entzun

Asteon zabaldu dute albistea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarriko dio Zarauzko ikastolari (Gipuzkoa). Gertatutakoa salatzeko eta Salbatore Mitxelena ikastolari babesa adierazteko, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Euskal Herriaren luze-zabaleko zenbait ikastolatan.

Zarauzko ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek asteartean egin zuten agerraldia, xehetasunak emateko. Bertan, zera adierazi zuten: sailak zortzi familia «kanporatu» nahi izan zituela ikastolatik 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan, baina ikastolako kideek erabaki zutela denei «ateak zabaltzea»; horregatik jarri diete zigorra.

Izan ere, Jaurlaritzak 2023-2024ko ikasturterako matrikulazioan zenbait neurri jarri zituen indarrean; nabarmendu zuten eskola segregazioa apaltzea eta ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea zela helburua. Horretarako, zaurgarritasun indize bat ezarri zuten, eta, horren arabera, zenbait kasutan familiak lehenengo aukera gisa eskatu ez zuten ikastetxeetara bidali zituzten. Neurriak oraindik indarrean daude.

Zarauzko auziaren nondik norakoak azaldu ostean, adierazi zuten Hezkuntza Sailak bilera batera deitu zituela, eta «ia aldaketarik onartzen ez zuen proposamen itxi bat» aurkeztu zietela bertan. Nabarmendu zutenez, hori sinatu beste aukerarik ez zuten ikusi. Horren arabera, ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu; trukean, zortzi umeak ikastolan matrikulatuko dituzte ofizialki. Zarauzko ikastola sostengatzeko, dirua biltzeko kanpaina abiatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.