Zenbait emakumek salatu dute bi ikastolatan sexu erasoak egin dizkietela

Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasle salatu dituzte sare sozialetan; lehenengoak ez ditu eskolak emango; bigarrena jada erretiroa hartuta dago. Ikastolen Elkarteak adierazi du ez duela emakumeen aurkako erasorik onartzen.

Bilboko Urretxindorra ikastola, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Bilboko Urretxindorra ikastola, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abenduaren 16a
09:13
Entzun

Ehunka salaketa jasotzen ari dira Instagramen ireki duten @denuncias_euskalherria izeneko kontuan. Besteak beste, zenbait emakumek salatu dute bi ikastolatan, Bilboko Urretxindorran eta Lekeitioko Azkuen (Bizkaia), sexu erasoak egin zizkietela bi irakaslek —biak gizonak—. Ikastolen Elkarteak jada neurriak hartu ditu, «emakume hauen eskubideak eta ongizatea babesteko»: Urretxindorra ikastolako irakaslea gaurtik aurrera ez da ikasgeletan arituko, nahiz eta ikastolara joango den; Lekeitioko ikastolako irakaslea, berriz, jada erretiroa hartuta dago. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila gertatutakoaren inguruko informazioa jasotzen ari da.

Urretxindorra ikastolako ikasle talde batek —denak neskak— eta Azkue ikastolako ikasle ohi batek egin dituzte salaketa publikoak. Erasoen berri izan bezain pronto atera du gaitzespen oharra Ikastolen Elkarteak; «irmoki» salatu dituzte gertakari horiek, eta «zilegitasun osoa» eman diete salaketei: «Argi eta garbi adierazi nahi dugu gure ikastoletan ez dugula onartzen emakumeen aurkako erasorik, jazarpenik edo biolentziarik, ezta onartuko ere». Eta erantsi dute: «Gure ikasleen eta emakumezko ororen duintasunaren eta errespetuaren aurka doan edozein jokabide guztiz onartezina da».

Beste nork edo nork jazarpena, indarkeria edo diskriminazioa jasan balu ere, posta elektroniko bat jarri dute eskura salaketa egiteko: [email protected] helbidera idazteko eskatu dute. Gainera, ikastoletan edonolako «jazarpena» eta erasoak jasan dituztenei edo «jokabide desegokiren baten» lekuko izan direnei galdegin diete harremanetan jartzea beren ikastoletako zuzendaritza organoekin edo Ikastolen Elkartearekin.

Izan ere, Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, elkarteak berak eta ikastolek protokolo zehatz bat dute emakumeen aurkako eraso, jazarpen eta indarkeria kasuetarako. Hala azaldu dute: «Horrelako egoerak antzematen ditugun kasu guztietan, salaketa egon ala ez, ikastolok neurri zorrotzak eta zehatzak hartzen ditugu, ikastola komunitatea osatzen duten emakume guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko». Horiek horrela, esan dute erasoak jasan dituztenei baliabideak eskainiko dizkietela ongizate emozionalerako eta beharrezko prozeduretan laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere salatu diren erasoak gaitzetsi ditu, eta ikastetxeei adierazi die dagokien protokoloak aktibatzea «beharrezkoa dela». Halaber, ikastetxeetan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, goiz hautemateko eta erantzun eraginkorra emateko lanean ari direla esan du. Eraso bat jasaten duen edonori Hezkuntza Ikuskaritzan, ikastetxean bertan ala Ertzaintzaren komisaldegietan salatzeko eskatu diote.

Salaketa sare sozialetan

BERRIAk jakin duenez, Urretxindorra ikastolan kasuak ez dira bakanak izan, erasoak 30 urtez jasan baitituzte hainbat emakumek. Orain, emakume horiek sare sozialak baliatu dituzte salaketa publikoki zabaltzeko. Pertsona batek @denuncias_euskalherria kontuan salatu duenez, Urretxindorran gertatzen zena jakinekoa zen, baina jende askok ezkutatzen zuen: «Txarrena da gurasoak honen parte izan direla; inork ez dio inoiz Hezkuntza Sailari honen berri eman».

Zehatzago azaldu du gertatutakoa beste batek. Esan du orain arte ez dela ausartu gertatutakoa kontatzera, baina pausoa ematea erabaki du orain: «Nire irakaslea eta tutorea izandakoa da: korridoreetan ukituko zintuen keinuak egiten zituen; iruzkin desegokiak eta deserosoak egiten zituen, ikasgelan eta kanpoan; begirada nazkagarriak; jolasean ibiliko balitz bezala, lurrean jartzen zen, eta kilimak egiten zituen...». Eta jarraitu du: «Horrelakoak etxean ez nituen kontatzen, baina kontatu nuen ikasbidaian aldageletan sartu zela bideokamerarekin. Gurasoek jakin zuten, baina ez zen ezer gertatu». Azaldu du irakasleak 26 urte inguru zituela; berak, berriz, 13.

Urretxindorra ikastolako beste ikasle ohi batek —orain dela hogei urte inguru egon zen bertan— emandako testigantza da hurrengoa. Azaldu du ikasle zaharragoek ohartarazten zietela irakasle horrekin kontuz ibiltzeko. Izan ere: «Ikasle horiekin ikasbidaian joan zen, tutore moduan. Dutxetatik logelara joan-etorria egiten zuten bakoitzean,  —toalla eta txankletak bakarrik jantzita— ipurdia ukitzen zien bata bestearen atzetik eskailerak jaisterakoan». Berari ere egin zion eraso: «Gogoratzen dut gona eramaten nuen bakoitzean arbelera ateratzen ninduela; beste neskekin ere gauza bera egiten zuen. Behin bere bulegora deitu ninduen, noten inguruan hitz egiteko. Bertan atea itxita, ilea ukitu zidan, eta esan zidan nirekin amets gozoak egiten zituela». Emakume horrek ere berretsi du erasoena zabalduta zegoela: «Egia da gizon honen jarrera ikasle, irakasle eta guraso guztiek ezagutzen zutela, baina inoiz ez zaio behar besteko garrantzirik eman».

Orain bi urte bizitakoa kontatu du beste batek: «Korridorean nenbilela, nire titiei begira geratu zen. Uda zen, eta top bat neraman; [begiratu zidala] sentitu egin nuen, eta deserosoa izan zen, egia esan». Esandako gauza batzuk ere ez zaizkio egokiak iruditu: «Horrelakoak esaten zituen: 'Ken ezazu jertsea, beroa edukiko duzu eta». Ikasle ohi horren kontakizunaren arabera, ikastolan bazuten gertatzen zenaren berri, eta gizonari «lasaitzeko» eskatu zioten, ez egiteko horrelako iruzkinak. Baina: «Berdin jarraitu du».

Lekeitioko ikastolako kasuaren berri ere eman du beste batek: «Orain dela urte asko pasatu zen: Lekeitioko ikastolan, irakasle oso gogor bat geneukan, eta behin baino gehiagotan neskoi lepotik eskua sartu eta zera esaten zigun: 'Begira, halakok bularretakoa darama dagoeneko' edo 'halakok ez darama bularretakorik oraindik'». Esan duenez, inori ez zion kontatu gertatutakoa.

Ikastolaren erantzuna

Urretxindorra ikastolak ere erantzun du, ohar batean. Ziurtatu dutenez, salaketen berri izan orduko hasi ziren lanean: «Hasieratik, gure komunitateko aginte organo guztiak aktibatu eta lanean jarri ziren, kasu hauek behar duten zorroztasunez eta diskrezioz, orain arte egin den bezala. Halaber, familiei eta irakasleei egoeraren berri eman zitzaien». Erantsi dute argitaratutako salaketak aintzat hartu dituztela eta baliabideak badaudela: «Gure ardura da ikasleen ongizatea bermatzea, eta, horretarako, horrelako kasuak atzemateko lehenago genituen bitartekoei berriak gehitu dizkiegu».

Eta berriro ez errepikatzeko bermeak jarriko dituztela esan dute: «Urretxindorra ikastola bertan parte hartzen duten guztien babes eta zaintza lekua da, eta izango da aurrerantzean ere. Norbait erasotua edo jazartua sentitu bada, gure barkamen eskaera helarazteaz gain, berriro ez gertatzeko konpromiso sendoa adierazten diogu». Jakinarazi dute edozein testigantza jasotzeko prest daudela eta salatutako irakaslea ez dela eskolak ematen ari.

Egiturazko indarkeria

Ikastolen Elkarteak adierazi du salatutako indarkeria hori ez dela ekintza bakan bat: «Gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, mezu normalizatuen eta sinbolikoen sare bat da, emakumeek gizonekiko duten mendekotasunari eusteko eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak urratzen dituen gorputz, eredu edota portaerarik ez izateko». Eta nabarmendu dute Ikastolen Elkarteak erremedioa jarri nahi diola: «Gure ikasleen babesa gure lehentasuna da, eta haien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak jartzen ditugu. Errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako hezkuntza baten aldeko konpromisoa berresten dugu, eta horrelako gertakariak berriro ez errepikatzeko beharrezko neurri guztiak aurrera eramateko konpromisoa dugu».

Bereziki eskertu dute Urretxindorra eta Azkue ikastolen jarduna: «Aitortza berezia ere egin nahiko genuke gertaera hauek kudeatzeko erakutsitako arduragatik eta zorroztasunagatik. Beren jardunari esker, ikasleen segurtasuna eta ongizatea lehenetsi dira une oro». Ziurtatu dute Ikastolen Elkarteak ildo bertsutik segituko duela: «Eskertu eta aitortu nahi dugu ikastoletan hezkuntza komunitatearen zaintzan egiten den lan pedagogikoa eta horrelako egoeren aurrean erakutsitako konpromisoa. Ikastolekin elkarlanean jarraituko dugu gure komunitatean segurtasuna, errespetua eta justizia bermatzen jarraitzeko».

urretxindorrako ikasle ohiak: «Pederastia kasu bat da»

Urretxindorra ikastolan abusuak egotzi dizkioten gizonaren ikasle izandako hainbat emakumek agiri bat plazaratu dute. Biktimez aritzean haiek adingabeak direla gogoraraztea ezinbestekoa dela esan dute. «Ez dira emakumeak, haurrak dira». Betiere, 10-17 urteko biktimak izan direla gogoratu dute. «Pederastia kasu bat da». Gizon honen abusuak orain dela 30 urte hasi zirela azaldu dute: «Urretxindorran lanean hasi zenean». Abusatzaileak ikasle neskatilei zuzenduriko berba eta keinu desegokiak ez zirela inoiz «sekretu» bat izan erantsi dute: «Mundu guztiaren aurrean jarduten zuen». Biktimek ikastolan bertan egoera askotan salatu zutela esan dute, eta sinadura bilketa bat ere abiarazi zutela irakaslearen aurka: «Mehatxu egin ziguten: jarraitzen bagenuen bota egingo gintuztela». Gurasoen partetik-eta ere kexak egin izan zirela gehitu dute, baina beti «tapatzera» egin zela. «Uste dugu, beraz, Urretxindorrako irakasleak eta zuzendariak pederastaren estaltzaileak eta konplizeak izan zirela». 

Irakasleak egindako hainbat abusu mota zerrendatu dituzte: nesken aldageletan sartu eta bideoak grabatzea, nesken janzkerari buruzko komentario desegokiak esatea, neska ikasleak magalean hartzea, haiei buruzko istorioak asmatzea, sexuarekin lotutako gauzak esatea, berak ematen zuen ikasgaiarekin inolako loturarik gabeko film erotikoak eskola orduetan jartzea, ikasle zituen mutilei sexu harremanak norekin eta zenbatetan izan zituzten galdetzea...

Beren-beregi nabarmendu dute kasuetako bat, nola jokatzen zuen azaltzeko, eta zentroak ez zuela ezer egiten erakusteko. Orain dela 25 urte ingurukoa da. Nesken aldagelan sartu zen irakaslea, kamera batekin, neskak han zeuden bitartean. Neska batek gurasoak jakinaren gainean jarri zituen, eta zentrora jo zuten haiek. Baina, agiria idatzi duten emakumeon arabera, ikastetxeak ez zuen ezer egin. Esan dutenez, ikasleek ere beren kaxara ahalegindu behar izan zuten zer gertatzen ari zen salatzen, eta pintaketa baten bidez utzi zuten idatzita beren oihua: Antton Irusta, akosatzaile, irakaskuntzatik kanpo.

Arrigorriagako institutuko irakasle bat ere salatu dute

@denuncias_euskalherria izeneko kontuko salaketetan aipatu dute Arrigorriagako institutuko (Bizkaia) irakasle bat ere. Ikasle neskekin usu izan dituen portaera jazartzaileen berri eman dute hainbat emakumezkok. Aditzera eman dutenez, bi hamarraldi badira halako jokaerak izaten hasi zela. Geuria tokiko hedabideak jakinarazi duenez, andreek publikoki kontatutako bizipenak tarteko, Erasotzailea kanpora dioen pintaketa agertu da egunotan institutuko horma batean, inizial batzuekin batera, baina ezabatu egin dute berehala. Salaketei buruz galdetu diote institutuari, eta erantzun du ikerketa bat abiaraziko duela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hartu-emanetan ari direla horretarako. Arrigorriagako Udalak «zilegitasun osoa» eman die andreek salatutakoei, eta «erabateko gaitzespena» adierazi nahi izan du. Urruma talde feministak «saretzea» eta «erantzun bat» ematea proposatu du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aurretiko informazio espediente bat aktibatu duela adierazi du, «gertakariak egiaztatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.