Zenbait bizilagun daude oraindik Iruñean okupatutako etxebizitzan, udaltzainen zaintzapean

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak protesta egin zuen atzo iluntzean, Jarauta kalean.

Atzo iluntzean Iruñeko Jarauta kalean egin zuten elkarretaratzea. IRUÑERRIKO KONTSEILU SOZIALISTA
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 14a
10:16
Entzun

«Bi urteko haur bat dago hor barruan, eta arreta behar du». Iruñeko Jarauta kaleko 19. zenbakian sartzen saiatu ziren atzo Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide batzuk, eraikina okupatu zutenentzako elikagaiak eta higiene produktuak eramateko. Iruñeko Udaltzaingoak, baina, bidea itxi zien. «Sarbidea kontrolatzen dute une oro, ez dute inor sartzerik nahi», azaldu dio BERRIAri sindikatuko kide batek.

Erakunde horrek iragan asteburuan iragarri zuen eraikinaren okupazioa. Agerraldian, elkarteak adierazi zuen egoera zaurgarrian diren zenbait pertsona sartu zirela hara bizitzera: «Adingabeak dituzten familiak, aurretik etxegabetuak izan direnak, genero indarkeria sufritu duten emakumeak, emantzipatu ezinik dauden gazteak eta etxebizitza bat alokatzeko aukerarik ez dutenak». Sindikatuak bere gain hartu zituen «espazio horren mantentzea, defentsa eta bertan bizi direnen ongizatea bermatzeko ardura». Handik ordu gutxira, baina, udaltzaingoa bertaratu zen, han zirenak irtenarazteko xedez.

Poliziaren esku hartzearen ondorioz, etxebizitza blokea okupatu zutenetako batzuek alde egin zuten, baina sindikatuko kideek adierazi dute eraikineko pisu guztietan jendea dagoela oraindik: «Hor barruan pertsonak bizi dira, eta etxegabetze saiakera hau legez kanpokoa da», salatu dute.

Iruñeko Udalarena da eraikina; zehazki, Iruña Biziberritzen udal enpresarena. «Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalguneetako jardun urbanistikoaz eta birgaitze ekonomiko eta sozialaz» arduratzen den enpresa publikoa da. Etxebizitza sindikatuaren arabera, ordea, «negozio gisara» jorratzen dute etxebizitzaren auzia: «Bloke horretarako etxebizitza gehienek urteak daramatzate hutsik, eta horrek erakusten du udalak ez duela etxebizitza kudeatzen pertsonen beharren arabera, negozioaren arabera baizik».

Protestak Alde Zaharrean

Atzo, udal enpresa horren bulegoetara sartu ziren Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, protesta egitera. «Han aitortu ziguten polizia operazioa haiek agindua zela», esan du sindikatuko kide batek. Gogorarazi du, halaber, legez kanpokoa litzatekeela eraikina okupatzen ari direnak agindu judizialik gabe egozten saiatzea, eta administrazioak konponbide bat eskaini beharko liekeela han dauden pertsonei. «Erantzun ziguten enpresa batzordea biltzekoa zela, eta auzia jorratuko zutela, baina ez ziguten inongo konpromisorik adierazi».

Bitartean, udaltzainak eraikina zaintzen ari dira une oro, sarbidea galarazteko. «Hara sartzen saiatu garenean esan digute segurtasunagatik egiten dutela: eraikina baldintza txarretan dagoela eta ez dela segurua hara sartzea». Sindikatuko kideen ustez, ordea, argudio hori «gezurra» da: «Iruña Biziberritzen enpresakoei esan genien segurtasun faltarena, eta ez zekiten deus ere. Argi dago poliziak asmatutako aitzakia bat zela, jendea handik kanporatzeko».

Atzo iluntzean ere protesta egin zuten hainbat lagunek eraikinaren inguruan, eta iragarri dute elkarretaratze gehiago eginen dituztela datozen egunetan. Iruña Biziberritzen enpresari eta Iruñeko Udaltzaingoari exijitzen diete eraikineko sarbide kontrola kentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.