Atzo bukatu zen Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu nahi duten hautagaiek lortu sostengua aurkezteko epea. Ipar Euskal Herrian, Jean Lassallek eta Philippe Poutouk eskuratu dute sostengu handiena, gaur-gaurkoz; kontrara, bakar batek ere ez du Eric Zemmour edo Marine Le Penen alde egin. Ondoko egunetan baieztatuko ditu Frantziako Konstituzio Kontseiluak jasotako azkenak, eta orduan jakinen da, ofizialki, zein hautagai aurkezten ahalko diren hauteskunde lehiara.
Frantziako V. Errepublikaren berezitasunetako bat da: edonor aurkeztu daiteke presidentetzarako hauteskundeetara, baina bere hautagaitza ontzat emateko 500 hautetsiren sostengua eskuratu behar du. Ezin da edozein izan, hala ere: auzapezek, eskualdeko edo departamenduko hautetsiek, diputatuek, senatariek edo eurodiputatuek eskain dezakete sostengua. Ipar Euskal Herrian 190 hautetsik dute aukera hori, baina, gutxik baliatu dute; azken kontaketaren arabera, 62 hautetsik baizik ez baitute eskaini. Atzo zen Frantziako Konstituzio Kontseilura lortu sostengua bidaltzeko azken eguna; baliozkoak diren egiaztatu ondoren jakinaraziko dute hautagai bakoitzak eskuratu duen kopurua, hemendik egun edo aste batzuetara. Astean bi aldiz eguneratzen du Frantziako Konstituzio Kontseiluak hautagai bakoitzak jaso duen sostengua, hautetsiek bidalitako dokumentuak egiaztatu ondoan.
Azken eguneraketaren arabera, Ipar Euskal Herrian Philippe Poutou NPAko hautagaiak jaso du sostengu handiena: hamazazpi. Hautetsi ezkertiar eta abertzale andanak eman dio konfiantza ezker muturreko hautagaiari, tartean, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapezak, Daniel Olzomendi Izpurakoak (Nafarroa Beherea) eta Maite Etxeberria Ozazekoak (Zuberoa). Iker Elizalde EH Baiko Departamenduko Kontseiluko hautetsiak argitu du ez dela «erabaki kolektibo bat» izan, baina ez da harritu ezkertiar eta abertzaleen hautuaren kohesioarekin. Bi arrazoi eman ditu: batetik, Poutouren taldekoak izan direla bakarrak zuzenean bera ikustera joan direnak, «hurbiltasun hori inportantea da, eta militanteek egindako lana errekonozitu nahi izan dut». Bestetik, NPAk urteetan Euskal Herriko borrokekiko izan duen elkartasuna ere aipatu du. «Desberdintasunak izanik ere, arlo sozialean ere hurbiltasunak baditugu».
Behin baino gehiagotan kritikatua izan da hautagaitza aurkezteko bostehun hautetsiren sostengu aurkeztu beharra, eta NPAkoa bezalako hautagai txikiek lan handiak izaten dituzte. Hautetsi batzuek horren arabera ere ematen dute, adierazpen politiko guziek izan dezaten lekua hauteskunde lehian. Horrela uler daitezke Emilie Dutoya PSko eskualdeko kontseilariak eta Jean Lassalle diputatuak Poutouri eman dioten sostengua. Azken asteetan kezka agertu badu ere, atzo arratsaldean publikatutako bideo batean jakinarazi zuen NPAko hautagaiak bostehunen langa kausituko zuela.
Herri txikietan, Lassalle
Jean Lassallek lortu du sostengurik handiena Poutouren ondotik; nagusiki herri txikietako hautetsiek eman diote hautagai izateko aukera. «Herriaren inguruan anitz ibili izan da, eta laguntza handia eman izan digu», esplikatu du Claude Recalt Etxebarreko auzapezak (Zuberoa). Hautagai andanaren eskaerak jaso dituela erran du, baina berak argi zuen: «Hari ematen ez banion, ez nion beste nehori emanen». Recalten hitzetan, Ipar Euskal Herri barnealdean «presentzia handia» duen hautetsia da Lassalle; horrek esplika lezake herri txikietatik izan duen babesa. Hamabost hautetsik lagundu dute Biarnoko politikaria.
Gainerakoan, alderdi logikak nagusitu dira, eta beren alderdietako hautetsien sostengua eskuratu dute hautagai gehienek. Azkenik, izan dira Anasse Kazib eta Nathalie Arthaud ezker muturreko hautagaiak lagundu dituenik ere, eta Rafit Smati hautagai ezezagunak ere eskuratu du boz bat. Frantziako Estatu guzian bederatzi eskuratu ditu.
Zemmourrek eta Le Penek ez dute sostengurik eskuratu Iparraldean
Nagusiki Poutou eta Lassalleren alde egin dute sostengua eman duten Iparraldeko hautetsiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu