Zelulen barrunbeetan

Aurtengo Nobel sarietan medikuntza molekularreko ikerketa bat saritu dute: aztertu dute zer eragin duen oxigenoak zelulen metabolismoan

Ezker-eskuin: Peter J. Ratcliffe, Gregg L. Semenza eta William G.Kaelin saridunak. OXFORD/JOHNS HOPKINS/DANA FARBER/EFE.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hasi dira jakinaraztennortzuek jasoko dituzten 2019ko Nobel sariak. Medikuntzako saria izan da lehena, atzo iragarri zutena. Hiru gizonek jasoko dute: William G. Kaelin eta Gregg L. Semenza estatubatuarrek, eta Peter J. Ratcliff britainiarrak. Medikuntza molekularraren arloan egindako lanagatik emango diete garaikurra; zehazki, oxigenoak zelulen metabolismoan zer eragin daukan aztertzeko egindako lanagatik. Datozen egunetan jakinaraziko dute nortzuek jasoko dituzten gainerako Nobel sariak.

Zientzien Suediako Errege Akademia 1901ean hasi zen Nobel sariak ematen, eta, beste askotan bezala, aurten ere, pertsona jakin bat ez, taldeko proiektu bat saritu dute. Urteotan guztietan, 219 zientzialarik eskuratu dute Medikuntzako Nobel saria. Desoreka handia dago genero ikuspegitik: 207 gizon eta hamabi andre.

Medikuntza molekularraren alorrean egindako lanari eman diote medikuntzaren esparruko aurtengo saria: zelulen metabolismoan oxigenoak zer-nola eragiten duen jakiteko oinarriak finkatu zituzten saritutako ikertzaileek. Zehazki, aztertu dute zelulek nola atzematen duten oxigenoa, eta zer egokitzapen egiten dituzten. Haien ikerketaren helburua da bide berriak zabaltzea minbiziari, anemiari eta beste gaitz batzuei aurre egiteko.

Urteetako uztaren fruitua

Medikuntzan bide luzea egindakoak dira hiru sarituak. Kaelin barne medikuntzako eta onkologiako aditua da, eta batez ere giltzurruneko minbiziaren alorrean aritu da. Semenza, berriz, pediatriako, onkologiako eta irradiazio molekularreko katedraduna da. Nefrologiaren alorrean aritzen da Ratcliffe, eta ikertu du nola funtzionatzen duen oxigenoa neurtzeko eta kudeatzeko giza sistemak. Hiruren ezagutza uztartuz ondu dute saritutako ikerketa.

Aurtengo honetako lehena izan da Medikuntzako Nobel saria, eta datozen egunetan jakinaraziko dituzte gainerako bost ataletako irabazleak. Gaur emango dute Fisikako Nobel sariaren irabazlearen izena; etzi, Kimikari dagokiona. Ostegunean izango du txanda Literaturaren arloak, eta ostiralean Bakearen Nobel sariak. Gaur zortzi banatuko dute azkena, Ekonomiako Nobel saria. Aldaketa nabarmenena Literaturaren atalean nabariko da aurten, ezohiko eran bi sari emango baitituzte; izan ere, iaz ez zuten banatu Literaturako Nobel saria, sexu abusuekin lotutako salaketa batzuen harira. 2018 eta 2019koa batera banatzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.