Zelaak azaldu du haurren eskubideak izango direla hezkuntza sistema berriaren gidari

Irakasle berriek urtebeteko praktikaldia egin beharko dute tutore baten zaintzapean. Beka sistema aldatu egingo dute

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak lege berria izan zuen hizpide atzo, Madrilen. MARISCAL / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak hezkuntza lege berriaren proposamena izan zuen mintzagai atzo Espainiako Kongresuan. Jakinarazi zuen lege hori izango dela gobernuak onartuko duen lehena, eta haurren eskubideak izango direla hezkuntza sistema horren gidari nagusiak. «Legeak lehen aldiz jasoko du haurren eskubideen ikuspegia, eta hori izango da sistemaren ardatz nagusia; genero berdintasuna, ikaskuntzaren pertsonalizazioa eta Lanbide Heziketaren bultzada izango ditu bidaide». Are, gaineratu zuen lege berri horrek aukera emango duela LOMCE legea indargabetzeko.

Espainiako Hezkuntza ministroak ez zuen zehaztu noiz, baina adierazi zuen legearen zirriborroa laster aurkezteko asmoa dutela. Halere, nabarmendu zuen haurren eskubideak ez ezik sistema publikoa ere izango dela hezkuntza sistemaren ardatz nagusietako bat: «Gure hezkuntza sistemari egonkortasuna ematen ari zaizkio urte hauetan, eta, beraz, legearen aurreproiektuan kontuan hartuko dira lortutako gizarte adostasunak». Gaineratu zuen eskola curriculumean aldaketak egingo dituztela helburuak lortzeko; LOMCEk jasotzen zituen zenbait eduki ezabatu, eta «oinarrizko jakinduria berriak» txertatuko dituzte, besteak beste. Digitalizazioa ere izango dute hizpide.

Hain zuzen ere, hauek dira hezkuntza lege berriaren helburuak: eskola uztearen datuak murriztea, «giza balioetan» oinarrituko den hezkuntza bermatzea, eta eskola batzuetan erlijioak izan dezakeen zama arintzea, esate baterako. Gainera, irakasle berriek urtebeteko praktikaldia egin beharko dute tutore baten zaintzapean. Beka sistemari dagokionez, berriz, Zelaak esan zuen «erreforma sakona» egingo dutela. «Arau berriak aldaketa garrantzitsua eragingo du bikaintasunean eta zuzentasunean oinarritzen den hezkuntza sistemaren barruan».

Irakasleek, urte bat gehiago

Etorkizuneko irakasleek, unibertsitateko ikasketak amaitu ostean, urtebeteko praktikaldia egin beharko dute tutore baten zaintzapean, Zelaak ohartarazi zuenez. «Urtebeteko praktiken ondoren, irakasle berriek bermea izan dezakete beren zereginetan sartu orduko gainbegiratzea egokia izan dutela». Haren ustez, XXI. mendeko irakasleen profila eguneratu egin behar da, haien gaitasunen eta espezialitateen arabera. Hala ere, espero da proposamen hori legea onartu eta urtebetera jartzea martxan. Ministroak, ordea, gehitu zuen hasiak direla pauso batzuk ematen; adibidez, Unibertsitate Ministerioarekin elkarlanean.

Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntzan eskolak eman ahal izateko, irakasle ikasketak egin behar dira, eta, sistema publikoan lan egin nahi izanez gero, oposizio batzuk gainditu. Desberdina da egoera Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan eskolak emateko. Halakoetan, beharrezkoa da unibertsitatean ikasketak egitea eta irakaskuntzako masterra edukitzea.

Aldaketak beka sisteman

Zelaak azpimarratu zuenez, bekak ezinbesteko tresnak dira «hezkuntzaren zuzentasuna» lortzeko. Baieztatu zuen Espainiako Gobernua konprometituta dagoela beka politika bat eta ikasketetarako laguntzak bideratzeko: «Horiek bermatuko dute ikasleek arrazoi ekonomikoengatik ez uztea ikasketak». Besteak beste, sarrera noten egitura ikertuko da, eta, unibertsitateko ikasketak ez direnen kasuan, 5,5etik 5era jaitsiko da beketarako sarbide nota. «Lan hori hezkuntza komunitatearekin adostuta egingo da, eta hezkuntzako sarbidean aukera berdintasuna bermatzea izango da helburua», azaldu zuen ministroak.

Laguntzak lan jardunarekin uztartu ahal izateko asmoa ere agertu zuen Zelaak. Jakinarazi zuenez, lan egin eta ikasteko aukera bultzatu nahi dute, eta, beraz, sistema egoera horretara egokitzeko apustua egingo dute. Horren helburu nagusietako bat eskola uztearen datuak murriztea da, eta aukerak bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.