Zelaa aztertzen ari da COVID-19arengatik itxialdia egin behar duten haurren gurasoei gaixo agiria ematea

Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak esan du bihar elkartuko direla autonomia erkidegoetako ordezkariekin, besteak beste, maskaren erabileraz eta tenperatura hartu beharraz zerbait erabakitzeko.

Isabel Zelaa, artxiboko irudi batean. BALLESTEROS
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 26a
11:54
Entzun

Maskarak, gel hidroalkoholikoak, PCRak, distantzia... Funtsean, COVID-19ak baldintzatuko du 2020-2021eko ikasturtea. Argibide gehiago emateko, SER irratian hitz egin du Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak.

Zer gertatuko da gurasoekin haurrek COVID-19 dela-eta itxialdia egin behar badute? Hori da guraso askok buruan duten galderetako bat. Dirudienez, zenbait aukera aztertzen ari dira, haurra zaindu ahal izateko: gurasoei gaixo agiria ematea,  baimen ordaindu bat ematea...

Eskolak aurrez aurre ematearen alde egin du Zelaak, eta, lehentasunak jartzekotan, 14 urte arteko haurrek aurrez aurreko eskoletara joatearen alde egin du. «Presentzialtasuna da kontzeptu orokorra, beste batzuk baztertu gabe».

Bihar, bilera

Zelaak azaldu duenez, bihar elkartuko dira autonomia erkidegoetako ordezkariekin. Itzulerarako neurriez arituko direla esan du. Haren hitzetan, autonomia erkidegoek ekainetik dute neurri horien berri, baina «errealitatera egokitu» beharra dute.

Egokitzapen horietako bat da 6 urtetik aurrera maskararen erabilera «orokorragoa» izatea. Horrez gainera, nabarmendu du bihar erabakiko dutela ikastetxeetan umeei tenperatura hartu beharko zaien ala ez.

Osasun Ministerioaren esku utzi du, berriz, ikastetxeetako langileei PCRak egin behar ote zaizkien erabakitzea, baita «kontu larri bategatik» ikastetxeak itxi beharra ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.