Inkesta

Zein izan beharko litzateke euskal ereserkia?

'Gernikako arbola' Euskal Herriko ereserkia izan dadin eskatu zuten igandean Urretxun.

(ID_10176991) \'GERNIKAKO ARBOLA\' - GONTZAL MENDIBIL
Hainbat musikari, 2020an, Iruñean, euskal ereserkia Gernikako arbola izan beharko lukeela adierazteko aurkeztu zuten manifestuaren aurkezpenen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko azaroaren 28a
12:00
Entzun

Ez da eztabaida berria, eta oraindik ez dago erabat argi. Zein da Euskal Herriko ereserkia? Lurraldearen zatiketa izan da bereizgarrietako bat aro modernoan eta garaikidean, eta horren ondorio da gaur egun ikur nazionalak izendatzeko orduan ez egotea batasunik. Hori gertatzen da ereserkiarekin. Asteburuan Euskal Ereserkiaren I. Batzarra egin dute Urretxun (Gipuzkoa), eta Jose Maria Iparragirrek duela 170 urte konposatutako kanta euskal ereserki bilakatzea proposatu dute: Gernikako arbola.


1853an konposatu zuen Jose Maria Iparragirrek Gernikako arbola abestia, eta, Urretxun bildutakoek argudiatu dutenez, kanta horrek gaur egun euskal lurralde guztiak batzen ditu, eta abertzaleak ez diren eta abertzaleak diren euskal herritarrak hartzen ditu bere barruan. Proposamenaren egileek, horregatik, EAEko, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriro ereserkiak errespetatzen dituztela diote, baina Gernikako Arbola-k horiek denak osatuko lituzkeela gaineratu dute.

Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren ereserki ofiziala izan da gai honetan batasunik ez egoteko arrazoietako bat. Eusko Legebiltzarrak 1983an Eusko Abendaren Ereserkia izendatu zuen EAEko ereserki, Gora ta gora ere deitzen da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hori erabiltzen da ekitaldi ofizialetan. Batzuetan, ordea, Euskal Herria ere ordezkatu izan du, ordea; adibidez, euskal futbol selekzioaren zenbait partidetan.

Eusko Abendaren Ereserkia doinuagatik da batik bat ezagun, baina letra ere badu. Sabino Aranak jarri zizkion hitzak. BERRIAk duela zazpi urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zenbait lehendakarigairi galdetu zien ea zein izan beharko lukeen euren ustez Euskal Herriko ereserkia. Argien Iñigo Urkulluk erantzun zuen, eta Gora ta gora aukeratu zuen. Maddalen Iriartek esan zuen adostutakoa eta euskaldun guztiak identifikatzen dituena izan beharko lukeela, eta Pili Zabala Elkarrekin Podemosekoak adierazi zuen Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak asko gustatzen zaizkiola.

Ofizialki ereserki bat ez den arren, azken urteetan jende askok egin du bere Txoriak txori. Hitzak Joxean Artzek idatzi zituen 1957n, eta Mikel Laboak jarri zion doinua. Iparraldeko eta Hegoaldeko hainbat kirol ekitaldietan zaleek elkarrekin kantatu ohi dute, eta ezker abertzaleak azaroaren 18an kantatu zuen Bilbon Autonomia kalean, Nazioa gara leloarekin egin zuen ekitaldi nazionalean.


Eta, zure ustez, zein izan behar litzateke Euskal Herriko ereserkia?
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.