Emakume bat bortxatzeagatik jarritako zazpi urteko zigorra berretsi diote gizon bati

2021eko otsailean gertatu zen erasoa, Iruñean. Espainiako Auzitegi Gorenak Nafarroako Auzitegiaren ebazpena berretsi du.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko apirilaren 24a
12:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du gizon bati 2021ean 18 urteko emakume bat bortxatzeagatik ezarritako zazpi urteko kartzela zigorra. Iruñean gertatu zen erasoa. Nafarroako Auzitegiak ezarri zion zigorra akusatuari, eta hura berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Hori dela eta, akusatuaren defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen, baina auzitegi horrek ere zigorrari bere hartan eustearen alde egin du, argudiatuta ez dagoela «inolako zalantzarik» emakumearen sinesgarritasunaren inguruan, kontakizun berari eutsi baitio beti.

2021eko otsailean gertatu zen erasoa. 18 urteko neska Iruñean zegoen, lagun batekin, eta erabaki zuten akusatuaren etxera joatea, marihuana erostera. Biktimak epaiketan azaldu zuenez, hiru hilabete lehenago ezagutu zuen gizona, eta behin baino gehiagotan erosi zion marihuana. Bi lagunek telefonoz deitu zioten gizonari, eta Sanduzelai auzoan elkartzea adostu. Hara iristean, akusatuak biktimari eskatu zion igo zedila bakarrik etxera. Bertan bortxatu zuen.

Etxetik atera zenean, biktimak lagun bati deitu zion telefonoz, eta zer gertatu zen kontatu. Berarekin zegoen lagunari ere kontatu zion. Ospitalera joan zen gero, baita salaketa jartzera ere.

Bi delitu

Auzitegi Gorenaren arabera, «ukaezina da krimen egozteari eustea, koherentea izateaz gain». Hori dela eta, bi delituak berretsi ditu. Batetik, sei urteko kartzela zigorra berretsi dio gizonari, sexu erasoen delitu bat egiteagatik ezarritakoa. Kartzelatik ateratzen denean, zaintzapean aske egon beharko du sei urtez. Horrez gain, urruntze agindua bete beharko du hamar urtez, ezingo da biktimarekin harremanetan jarri, eta 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio. Osasun publikoko delitua ere berretsi du auzitegiak, eta, hala, eutsi egin dio sei hilabeteko kartzela zigorrari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.