Gizon bati zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik Iruñean

Gizon bat epaitzen hasi dira gaur Donostian, bikotekide ohia bortxatzegatik, tratu txarrak emateagatik, iraintzeagatik eta mehatxatzeagatik.

Elkarretaratzea egin dute gaur, Gasteizen, eraso matxistak gaitzesteko. L. RICO / EFE
Elkarretaratzea egin dute gaur, Gasteizen, eraso matxistak gaitzesteko. L. RICO / EFE
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 19a
16:00
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. Atalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio 34 urteko gizon bati emakume bat bortxatzeagatik Iruñean. Kartzela zigorreko zazpi urteetatik erdiak beteko ditu auzipetuak espetxean: sortzez Honduraskoa da, eta kanporatu egingo dute zigorraren erdia betetakoan. Hamar urtean ezingo da bueltatu. Fiskaltzak, akusazio partikularrak —Nafarroako Gobernua— eta defentsak akordioa lortu dute zigorrari buruz, eta akusatuak zigorrak onartu ditu. Hamabost urtez ezingo da biktimarengandik 500 metrora baino gutxiagora hurbildu, eta 20.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio.

Gizonezkoak emakume bat bi aldiz bortxatu zuen iazko martxoaren 19an, Iruñean. Epaiaren arabera, biak elkarrekin hitz egiten hasi ziren taberna baten kanpoan, eta akusatua emakumea etxera eramateko prest agertu zen; baina etxerako bidean biktima bultzatu eta bi aldiz bortxatu zuen.

Sexu erasoaren ondorioz, emakumeak lesioak izan zituen buruan, lepoan, bizkarrean, ukondo batean, esku batean eta belaun batean. Ginekologia lesioak ere izan zituen. Halaber, laguntza psikologikoa jasotzen ari da.

Beste epaiketa bat

Gipuzkoako Auzitegiko 3. Atalean gizon bat epaitzen hasi dira gaur, bikotekide ohia jotzeagatik eta bortxatzeagatik. Hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatu dute Gipuzkoako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak. Hainbat delitu egotzi dizkiote gizonari: bikotekide ohiari tratu txarrak ematea, iraintzea, mehatxatzea eta bortxatzea. Emakumeak alaba txiki bat dauka, eta berriro haurdun geratu zen gizonak bortxatu eta gero.

Emakumea Bergarako (Gipuzkoa) baserri batean bizi zen. Baserriko emakume edadetu bat zaintzen zuen. 2022ko ekainaren 20an, bikotekide ohia baserrira joan zen, urruntze agindu bat zuen arren. Biktimak azaldu duenez, gizonak, mozkortuta, baserrira sartzea lortu zuen, eta, zuzenean, harengana joan zen. Aurrena, jo egin zuen. Gero, lepotik heldu, ohe gainera bota, eta ilea moztu zion. Emakumeak erantsi du ihes egiten saiatu zela; komunean sartu eta atea krisketaz itxi zuela; baina gizonezkoak «kolpeka puskatu zuen atea». Emakumea logelara eraman zuen gizonak, eta emakumeak esan du «gau osoan zehar» bortxatu zuela, hurrengo goizean alde egin zuen arte.

Emakumea oinaze psikologikoekin eta fisikoekin geratu zen, gizonak hainbat lesio eragin zizkion eta. Era berean, azaldu du gertakari horren ostean gizonak hainbat mezu bidali zizkiola, baita mehatxuzko deiak egin ere. Ginekologoarengana joan zen egun batean, haurdun zegoela jakin zuen. Hori jakitean, gertatutakoaren berri eman zion ginekologoari, eta, ondoren, Poliziari.

Emakumeak ez ezik, bi ertzainek ere deklaratu dute gaur. Erasoa gertatu baino egun batzuk lehenago akusatua baserriko baratze batean lanean aurkitu zuten, eta atxilotu egin zuten —biktimarengandik urruntzeko agindua indarrean zuela—. Bihar jarraituko du epaiketak.

Gaurko elkarretaratzea

Gasteizko Udalak elkarretaratze isila egin du gaur, hirian izandako azken eraso matxista gaitzesteko. Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Gasteizen, bikotekide ohia jotzeagatik eta bahitzeagatik. Epaileak gizona espetxeratzeko agindu du. Alderdi guztietako zinegotziek hartu dute parte elkarretaratzean. Maider Etxebarria alkateak gaineratu du udalak baliabide guztiak jarriko dituela indarkeria matxistari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.