Zazpi urteko kanporatze agindua, Uharten bederatzi neskari sexu erasoak egiteagatik

Barraketako langile batek ukituak egin zizkien adingabeei, Uharteko jai eremuan, iaz.

Eraso sexisten kontrako elkarretaratze bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eraso sexisten kontrako elkarretaratze bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko apirilaren 14a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiak zazpi urteko kanporatze agindua ezarri dio 35 urteko gizon bati, 11 eta 15 urteko bederatzi neskari ukituak egiteagatik. Horrez gain, bederatzi urtez ezin izanen da biktimekin harremanetan jarri, eta haiengandik gutxienez 200 metrotara egon beharko du. Berez, aldeek adostu dute hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarriko ziotela gizonari, baina auzitegiak erabaki du kartzela zigorraren ordez kanporatze agindua ezartzea.

Uharteko jai eremuan gertatu ziren erasoak, iaz. Barraketako langilea zen gizona. Hainbat herritar erasoen lekuko izan ziren, eta haiek deitu zioten Udaltzaingoari. Sententziak dioenez, egindako ikerketek erakutsi dute barraketako langileak adingabeei «ukituak egin zizkiela hanketan, ipurdian edo bularretan». Gehitu du gizonak atrakzioaren barra blokeatu zuela, «[neskei] bertatik jaistea eragozteko».

Gizona behin-behinean espetxeratu zuten joan den irailean. Izan ere, epailearen irudiko, arrisku handia zegoen gizonak ihes egiteko, eta baita delitua berriz egiteko ere, haren jokabidea ikusita. Epailearen erranetan, «aintzat hartu behar da ikertuak erraz egin dezakeela berriz delitua»; izan ere, jaietako atrakzio batean lan egiten zuen, eta neska adingabe ugari ibiltzen dira halakoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.