Asier Agirre. Aramaioko alkatea

Zazpi urteko inhabilitazioarekin zigortu dute Aramaioko alkatea

AHTari buruzko 2007ko inkestaren harira prebarikazioa egin zuela frogatutzat jo du Gasteizko epaitegiak

Erredakzioa. Gasteiz / Jon Rejado. Gasteiz
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Aramaioko alkate (Araba) Asier Agirrek AHT abiadura handiko trenari buruzko inkesta egiteko «plana asmatu» zuela eta prebarikazio delitua egin zuela frogatutzat jo du Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegiak. Ordea, ez du epaileekiko desobedientzia deliturik ikusi. Horrenbestez, zazpi urteko inhabilitazioarekin zigortu du Agirre. Epaia ez da irmoa, eta dagoeneko Arabako Lurralde Auzitegian errekurtsoa aurkeztu dute.

2007ko irailaren 28an, 29an eta 30ean Aramaioko herritarren artean egindako galdeketan udalak «babes politikoa» baino ez zuela eman azaldu zuen Asier Agirrek. Ordea, epaiaren arabera, Aramaioko alkateak berak«asmatu» zuen inkesta egiteko modua. Udalarenak ziren baliabideak inkesta egiteko utzi izana ere frogatutzat jo du epaileak. Horrez gain, EAEko Espainiako Ordezkaritzara inkesta egiteko asmoaren berri ez ziola eman dio epaileak, «epaileek erabaki hori inpugnatzeko aukerarik ez izateko».

Epaitegiak galdeketa egitea debekatu arren debekuaren agindua ostiraleko 19:50ean jakinarazi zuela dio epaileak, udaletxera bidalitako fax baten bitartez. Udaletxea 15:30ean itxi zuten, eta Agirrek agindu hori bete behar zuela ez zekienez, epaileak ez du desobedientzia deliturik ikusi.

Herritar talde batek egin zuela inkesta eta horretan Aramaioko Udalak inolako parte-hartzerik ez zuela izan argudiatu zuen Agirrek epaiketan. Eta herritarrek galdeketa Aramaioko auzo alkateen bozketak baliatuta egin zutela azaldu zuen. Herritar horiek berretsi zuten udalaren parte-hartzerik gabe antolatu zutela inkesta. 1.280 biztanletatik, 673k bozkatu zuten AHTari buruzko inkestan. Horietatik 654 tren lasterraren aurka agertu ziren, hamar alde, eta bederatzi boto zuri bildu zituzten.

Epai «onartezina»

Aralarrek gogor kritikatu du Gasteizko epaitegiak Asier Agirreri ezarritako zazpi urteko inhabilitazioa, eta demokrazian horrelako neurriak «onartezinak» direla nabarmendu du. Herritarrei galdetzea demokraziaren «adierazpide gorena» dela erantsi du, askatasunean oinarritzen baita.

Asier Agirre.Aramaioko alkatea

«Helegitea jarri dugu; epaiak ez du ez hanka, ez buru»

Jon Rejado. Gasteiz

Kargu edo funtzio politikoetan jarduteko zazpi urteko inhabilitazioaz gain, epaiketaren kostuak bere gain hartu beharko ditu Asier Agirre Aramaioko alkateak, Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegiaren epaiaren arabera. Dena den, sententzia ez da irmoa eta aste honetan bertan errekurtsoa jarri dutela jakinarazi du.

Zer irizten diozu epaiari?

Lege aldetik, ez du ez hanka , ez buru, eta horregatik jarri dugu errekurtsoa. Ez zegoen inolako frogarik arrazoitzeko guk estatuaren aurka ezer egin genuenik herri moduan.

Prebarikazio delitua baino ez dute frogatutzat hartu, eta desobedientzia deliturik ez dagoela dio epaiak. Interpretaziorik egin daiteke horri buruz?

Ez, ez. Ezin da inolako interpretaziorik egin.

Orduan, zergatik prebarikazioa bai?

Prebarikazioa argudiatzeko, esaten dute nik ez nuela ezer egin herritarren ekimen hori geldiarazteko. Hau da, delitu pasiboa izan dela.

Epaiketaren ostean, espero zenuen horrelakorik?

Espero, espero... Azkenean, hauekin badakigu zer dagoen. Sententziak ez du oinarri juridikorik, baina sententziak beste zentzu bat du. Bestelako interpretazioa egin dezakegu.

Zer interpretazio?

Politikoa, azken batean erabaki politikoa izan delako. Herri kontsultak abiatu ziren momentuan, herrietan egiten hasi ginen. Galdeketa horietan argi ikusten zen herri guztietan abiadura handiko trenaren aurkako jarrera zegoela. Mugimendu horren aurka zerbait egingo zutela pentsa zitekeen, erabakiren bat hartuko zutela, eta niri tokatu zait.

Hortaz, AHTaren aurkako mugimenduari egindako ohar baten moduan har daiteke sententzia?

Bai, baina batez ere herritarren hitza jarri dute jokoan. Duela hiru urte egindako galdeketetan herritarrek iritzia eman zuten, herriak hitza eman zuen, eta sententzia herritarren adierazpen horren aurka doa. Horrez gain, AHTari buruzko galdeketetan atera ziren emaitzak ez ziren izan haien gustukoak, eta sententzia hau testuinguru horretan ere uler daiteke.

Galdeketen emaitzak bestelakoak izan balira, sententzia ere bestelakoa izango zen?

Ez dakit. Herriari galdetzeko ekimena bera ez dute gustuko. Kasu honetan, AHTari buruzko galdeketa bat izan zen, baina egon badaude beste asko: zentral eolikoak, Pasaiako portua eta Zubietako errauste planta, adibidez. Herritarrei galdetu ondoren ikusten bada gehienak egitasmo horien aurka daudela, gaurko herritarren hitzaren aurka doa.

Hortaz, AHTaren aurkako kriminalizazioaren barruan koka daiteke sententzia?

Bai, horren barruan koka daiteke, AHTaren edo herritarrek erabakitzeko eskubideen aurkako kriminalizazioaren barruan.

Sententziak inolako eraginik izango al du alkate jardunean?

Ez, oraingoz ez delako sententzia irmoa. Sententzia irmoa den arte, alkatetzan jarduteko arazorik ez dago.

Bide batez, nola daude AHTko lanak Aramaion?

AHTko lanek jarraitu egiten dute, baina erritmoa asko jaitsi da. Horrez gain, urte hasieran errepide nagusia itxi zuten, eta egoera jasangaitza pairatzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.