Itaia emakumeen antolakunde sozialistak salatu du 13 sexu eraso izan direla Baionako bestak asteazkenean hasi zirenetik. Elkarretaratzea egin zuten atzo, merkatu plazan.
Ebiakoitzean Itaia antolakunde sozialistak salatu zituen 11 erasoez gain, ebiakoitzetik iganderako gauean, bertze sexu eraso bat izan dela azpimarratu du. Bertzalde, ziztada kasu bat salatu dute. Igandetik gaur arteko gauean aldiz, babesgunean ez dute eraso salaketarik jaso baina Itaiak salatu ditu sare sozialetan zabaldu diren bi erasoren lekukotasunak. Batetik, ohartarazi du emazte bat zafratua izan zela ebiakoitz gauean eta, eraso homofobo bat izan dela.
Gainera, haien afixetan hainbat idazki faxista ikusi dituztela azpimarratu dute: «SS edo 1488 idazkiak ikusi ditugu erasoen afixetan». Horrez gain, gaineratu dute diskurtso ofizialak ez bezala, bortizkeria «biziki» presente izan dela Baionako besten aldi honetan ere.
Atzoko elkarretaratzea
Komunikazio bide ofizialei oihartzun kritikoa eginik hasi zuen agiria Itaiak: «Ez! Baionako bestak ez dira 'giro lasaian' iragaten ari, prefeturak dion bezala». Hain zuzen, Pirinio Atlantikoko prefeturak besten goiz bakoitzean argitaratzen duen bilanean erabiltzen duen tonuari egiten zioten erreferentzia. Adibidez, halaxe laburbiltzen du prefeturak besten denboran goiz guziz igortzen duen agiria: «Uztailaren 12ko eguna eta gaua nahiko giro lasaian igaro ziren». Haatik, dokumentu berean agertzen dute bi sexu eraso salatu zitzaizkiela gau berean: «Bi sexu eraso salatuak izan dira, eta horietako baten ustezko egilea identifikatua da».
Baionako besten ereduaren analisia kritikoa egin du antolakunde feministak. «Itaiako asanbladak bestetan martxan ezarri duen babesgunetik bilan iluna egiten dugu. Baionako bestak bortizkeriaz beteak dira». Salatu diren 11 erasoei buruzko informazio gehiago ere eman zuen antolakundeak: «Asteazkenetik hona 11 eraso; horien artean bortxaketa zantzuak, eraso fisikoak eta irainak zenbatu ditugu. Bideo bat masiboki zabaltzen ari da sareetan. Juridikoki bortxaketa gisa kalifikatua izan ez den arren, onespenaren mugak hautsi eta emaztearen objektu bilakatze argi bat erakusten du». Zenbaketa horren barnean sartzen dira prefeturaren bilan orrietan aipatu erasoak.
Bi zauritu larri
Ortziralean, 05:00 aldera, bi gazte harresietatik sei metroz erori ziren, Lautrec zubitik hurbil. Prefeturak adierazi zuenaz, emazte bat eta gizon bat dira, 20 eta 18 urtekoak, hurrenez hurren. Informazio askorik ez du eman prefeturak, baina bai zehaztu sorosleak heltzeko momentuan, 05:15ean, biek konortea bazutela.
Beste gizon bat hil ala biziko egoeran ere bada Baionako ospitalean, ostegun gauean iragan borroka baten ondotik. Gertakaria Euskaldunen plazako autobus geltokian iragan zen. Baionako prokuradore Jerome Bourrierek eta Baionako polizia judizialeko buru Karim Fillalik prentsaurrekoa egin zuten ebiakoitzean, eta, France Bleu irratiaren arabera, erailketa saiakeragatik inkesta ireki dute. Erasotzailea 39 urteko gizon bat, eta akusaziopean ezarria izan da. Biktima biziki larri dago oraino ere.