Zazpi lanuzte beste horrenbeste egunetan «Nafarroako hezkuntza publikoaren alde»

Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek mobilizazio sorta bat iragarri dute: bi orduko lanuzteak eginen dituzte eskualdeka, otsailaren 19an hasita.

Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuen agerraldia, gaur, Nafarroako Lan Auzitegiaren egoitzan, hezkuntza publikoaren aldeko mobilizazio sorta iragartzeko. ION ORZAIZ/BERRIA
Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuen agerraldia, gaur, Nafarroako Lan Auzitegiaren egoitzan, hezkuntza publikoaren aldeko mobilizazio sorta iragartzeko. ION ORZAIZ / BERRIA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko otsailaren 12a
11:45
Entzun

Hiru grebaren ostean ere, kaleko presioari eutsiko dio Nafarroako hezkuntza publikoko gehiengo sindikalak. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek mobilizazio sorta bat iragarri dute datozen asteetarako, Nafarroako eskualde guztietan. Zehazki, bi orduko lanuzteak eginen dituzte asteazkenero, otsailaren 19an hasita, Hezkuntza publikoaren alde lelopean. Sare publikoko lan baldintzak hobetzea eskatzeaz gain, Nafarroako Gobernuaren «jarrera itxia» salatuko dute protestetan: «Urtarrilaren 30ean eginiko greba egunean, hirugarren aldiz ikasturte honetan, milaka irakasle atera ginen berriz ere kalera Hezkuntza Departamentuari jakinarazteko bere jarrerarekin nekatuta eta haserre gaudela», adierazi dute Unai Alabak (CCOO) eta Oihane Jordanak (LAB), antolatzaile guztien izenean. Azaldu dutenez, gobernuak ez du asmorik negoziatzeko, «ez hezkuntza publikoak dituen beharren inguruan, ezta horretarako behar den inbertsioaren inguruan ere».

Alabak eta Jordanak esan dute orain iragarritako mobilizazio sortak «helburu bikoitza» duela: «Alde batetik, irakasleak entzutera joanen gara, hezkuntza publikoak dituen beharrak eta behar dituen konponbideak denon artean zehaztera, eta, bestetik, horiexek lortzeko behar diren inbertsio eta neurriak kalean aldarrikatzera». Lanuzte eta mobilizazioekin batera, asanbladak ere eginen dituzte eskualdeka. Hau izanen da protesten egutegia:
 

LANUZTEEN EGUTEGIa

  • Otsailaren 19an. Baztan eta Bidasoa aldean.
  • Otsailaren 26an. Estellerrian.
  • Martxoaren 12an. Sakanan, Larraunen eta Leitzaldean.
  • Martxoaren 19an. Zangozaldean eta Pirinioetan.
  • Martxoaren 26an. Erriberan.
  • Apirilaren 2an. Tafallaldean.
  • Apirilaren 9an. Iruñerrian.

Nafarroako Gobernuaren jarreraz galdetuta, CCOOko ordezkariak esan du Hezkuntza Departamentuarekin bildu direla, hezkuntza itunaz hitz egiteko. Hala ere, azpimarratu du ezberdindu beharra dagoela bi gaiak, hau da, hezkuntza ituna eta sindikatuen aldarrikapenak: «Hezkuntza itunaz hitz egiteko bilerak egitea ez da negoziatzea. Guk dioguna da gauza bakoitza bere aldetik negoziatu behar dela».

Steilas, LAB, CCOO eta ELAko ordezkariek adierazi dutenez, bilera horietan gobernuak berretsi zuen «ez dagoela dirurik» sindikatuen eskaerei erantzuteko, baina diru sail bat gorde dutela gutxiengo sindikalarekin —UGTrekin, Afapnarekin eta Anperekin— sinatutako akordioan jasotako neurriak finantzatzeko. Alabaren esanetan, hala ere, gehiengo sindikala osatzen duten elkarteek «ez dute marra gorririk ezarri», eta prest dira negoziatzen segitzeko: «Arazoa da orain arte mahai gainean jarri digutena ez dela aski, inondik inora».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.