Gas isuri batek leherketa bat eragin du Noainen (Nafarroa), eta etxebizitza bloke batek su hartu du Zabalegi kontzejua kalean. Azaldu dutenez, gutxienez bederatzi lagun zauritu dira, eta zazpi Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte artatzeko.
Foruzaingoak azaldu duenez, 15:35ean auzoko etxebizitza bateko galdara lehertu da, gas isuri baten ondorioz. Hark kalte material txikiak eragin ditu, eta zauriturik ez. Halere, segurtasun protokoloa jarri dute martxan, eta zenbait etxebizitza hustu dituzte. Foruzainez gain, han ziren Cordovillako suhiltzaileak eta gas konpainiako teknikariak.
Gerora, baina, beste leherketa bat izan da, aurrez hustutako etxebizitza horietako batean. 18:00etan izan da hori. Hark, bai, kalte larriagoak eragin ditu; hamar etxebizitzari baino gehiagori eragin die, eta bederatzi zauritu utzi ditu. Horietako zazpi anbulantzian eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, eta beste biak Noaingo anbulatoriora. Era berean, lanetara batu dira osasun langileak eta Udaltzaingoa.