Euskal presoak

Zazpi euskal preso batu zaizkio Etxeberriari gose greban

Tinko amnistiak jakinarazi duenez, zeldan bakarrik jar dezaten Garikoitz Etxeberriak Zaballan apirilaren 19an abiatu zuen gose grebarekin bat egin dute beste zazpi presok. → Garikoitz Etxeberriak gose greba utzi du, espetxeak haren baldintzak onartu ostean

Zaballako kartzela. RAUL BOAJO / FOKU
2023ko apirilaren 24a
17:34
Entzun

Apirilaren 19tik gose greban dagoen Garikoitz Etxeberria Lizartzako (Gipuzkoa) euskal presoak bere seigarren eguna du gose greban, eta hamaikagarrena patio greban. Gaur beste zazpi preso batu dira Etxebarriaren protestara: Jon Kepa Preciado, Orkatz Gallastegi, Mikel San Sebastian, Aitor Cotano, Dani Pastor eta Jesus Mari Etxebarria. Patxi Ruizek Iruñeko kartzelan hasi du gose greba. Horretaz aparte, kartzelak eskaintzen duen bandejari uko egingo diote gaur Jon Mirena Sampedrok eta Oskar Barrerasek Basaurikoan, Tinko amnistiak jakinarazi duenez.

Ikusi gehiago: Garikoitz Etxeberriak gose greba utzi du, espetxeak haren baldintzak onartu ostean

Etxeberria apirilaren 19an lekualdatu zuten Dueñasko espetxetik (Gaztela eta Leon, Espainia). Duela hilabete iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek, besteak beste, Etxeberria Euskal Herriratuko zutela; Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak amaitutzat eman zuten orduan euskal presoen sakabanaketa politika. Lekualdatu eta gero, egun hartan bertan jakinarazi zioten Lizartzako presoari beste preso batekin partekatu beharko zuela zelda. «Uko egin nion horri, eta, ondorioz, bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik», adierazi du Etxeberriak.

«Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik zein binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe», gehitu du. «Patio grebaz» salatu nahi izan du Zaballako espetxearen «zigorra»; dena dela, igaro den aste honetan «konponbide arrastorik» ez du ikusi, eta gose grebari ekin dio, bakartze egoeratik atera eta kideekin elkartu dezatela eskatuz.

2007ko urtarrilean atxilotu zuten Etxeberria Azkainen (Lapurdi), eta urte hartako martxoan Espainiaratu. Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an. 2021eko apirilean iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek Sevilla II kartzelatik lekualdatuko zutela, Dueñasera. Iazko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.