Elizabeth etxeko langile egoiliar aritu zen lanean Euskal Herrira etorri zenean. Kolonbiatik iritsi berria zen, eta lanerako aukera bakarra zuen. Urteetako «odisea» pairatu zuen, indarkeria fisikoa eta ahozkoa jasan baitzuen. «Putakumea deitzen ninduen, sudaka... Makilarekin jotzen ninduen, buruan, bizkarrean... Lan horretan, zure bizitzak eta zure hitzak ez du baliorik; inork ez du ikertzen zer pasatzen den etxe barruan». Urte batzuk geroago, zaintzen zuen gizona hil egin zen, eta, Elizabethek kontatu zuen bezala, «ironikoki», bera izan zen haren konpainia bakarra bizitzaren azken txanpan. «Nire eta emakume askoren izenean ari naiz: ez naiz halakoak pairatu dituen bakarra. Etxeko zaintzaile egoiliarraren figura amaitu beharra dago».
Elizabethek aurrenekoz izan du aukera bere egia tranpaldo batean kontatzeko. Bilborock aretoan hartu du hitza gaur, eta epaitua edo auzitan jarria izan gabe entzuna izatea zer den sentitu du. Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak antolaturiko Kintsugi ekitaldian izan da. Beste bederatzi emakumek ere beren minen lekukotza eman dute. Honela azaldu du Joana Etxano Mugarik Gabe-ko kideak: «Erreparazioa nola has zitekeen galdetu genien, eta esan ziguten ikusezinak sentitzen zirela. Esan ziguten erreparaziorako funtsezkoa zela sinetsiak izatea, eta erakundeek birbiktimizatu egin zituztela salaketa prozesu osoan. Horregatik eman nahi izan diegu bozgorailu hau».
«Putakumea deitzen ninduen, sudaka... Makilarekin ere jotzen ninduen: buruan, bizkarrean... Inork ez du ikertzen zer pairatzen duten etxeko langileek etxe barruan».
ELIZABETHIndarkeria jasandako etxeko langilea
Kintsugia artisautza teknika japoniar bat da. Hautsitako zeramika pieza baten zatiak elkartu eta urre hautsa erabiliz berriz itsastean datza. Metafora horren gainean oinarritu dute indarkeria matxista askotarikoetatik bizirik irten diren emakumeentzako erreparazio ekitaldi hori. Prozesu luze baten ondorio izan da, baina ez azken pauso bat, Mugarik Gabe-k eta Bilbo inguruko beste kolektibo feminista batzuek konpromisoa hartu baitute emakume horiei bide osoan laguntzeko.
Lehen pertsonan
Ekitaldi gogorra eta hunkigarria izan da, eta isiltasun ozenak txaloekin eta malkoekin bat egin du intimitate partekatuan. Eta bitartean, lekukotzen oihartzuna. Bere izena emateko gai izan ez den emakume batek azaldu du tratu txar bortitzak hartu ondoren ertzain batek galdetu ziola ea bere bikotekide ohia «bortitza» zen. Esker ona adierazi die «autoko gurpilak zulatuko zizkietela jakin arren» lagundu zioten guztiei.
«Erreparazioa nola has zitekeen galdetu genien, eta esan ziguten ikusezinak sentitzen zirela. Esan ziguten erreparaziorako funtsezkoa zela sinetsiak izatea».
JOANA ETXANOMugarik Gabe GKEko kidea
Antzeko lekukotza eman du beste emakume batek: «Poliziak nire senarra eraman zuenean, hil egin ninduela uste zuten bizilagunek. Aurretik, gauero esaten nuen: ‘Gaur ez naiz etxera itzuliko’. Baina ez nuen dirurik, eta itzuli beharra nuen». Salaketa osteko bidea ez zen leunagoa izan, aitortu duenez, sistema ez dagoelako «prestatuta»: «Leihatilaz leihatila ibili nintzen, beti gauza bera kontatzen, eta ez zidaten sinesten. Zergatik noa ni bizkartzainarekin?».
Victory izeneko errefuxiatu nigeriarrak azaldu du —beste emakume batek irakurri du haren testigantza— bere herrian 13 urterekin saldu zutela gizon zahar batekin ezkon zedin, hala bere osabak gora egin zezan bide politikoan. Gizon hark hainbatetan bortxatu zuen, harik eta ihes egitea lortu zuen arte. Europarrei eskatu die errespetua zer den irakatsiz hez ditzatela «semeak». Carla Guevara salvadortarrak ere umetatik jasandako indarkeria bortitza nabarmendu du: «Latinoamerikan, emakume transen bizi itxaropena 35 urte da. Salvadorren, esaterako, ez dugu inolako babesik».
«Poliziak nire senarra eraman zuenean, hil egin ninduela uste zuten bizilagunek. Ondoren, leihatilaz leihatila ibili nintzen, beti gauza bera kontatzen, eta ez zidaten sinesten».
Indarkeria jasandako emakume bat
Virgina Martinez hondurastarrak eta Miriam Argallo boliviarrak Euskal Herrian etxeko langile egoiliar bezala pairaturikoak kontatu dituzte. Argallok esan du ez zuela ordu librerik, eta enplegatzaileak mehatxu egiten ziola: «Esaten zidan beste inon ez nuela lan egingo, eta bere etxean lan egiten zuten emakumeen datuak hartu eta ertzain lagun bati ematen zizkiola, ‘garbi’ ote zeuden ikusteko». Martinezek ere pairaturiko «esplotazioa» aipatu du: «Umiliazioa etengabekoa da: esklabismoa da. Denborak eta janari kantitateak ere neurtu izan dizkidate».
Indarkeria instituzionala
Emakume arabar batek «indarkeria instituzionala» salatu du, Gasteizko eta Arabako instituzioetan barrena izandako esperientzia txar guztiak zenbatuta. Zenbait kargudun eta teknikari izendatu ditu, eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariari dei zuzena egin dio. Hura ikusleen artean zen: «Salatzeko esaten diguzue. Zertarako? Ez digu ezer konpontzen. Tratu txarrak ematen dituen gizona ez da inoiz aita ona izango. Guk egia, erreparazioa eta justizia behar dugu».
«Latinoamerikan, trans emakumeen bizi itxaropena 35 urte da».
CARLA GUEVARAIndarkeria jasandako emakumea
Almudenarena izan da azken testigantza; indarkeria bikarioaren biktima da bera: «Nik ez dut ubeldurik edo saihets hautsirik; askotan, bigarren edo hirugarren mailako biktima sentiarazi naute. Ama askok pairatzen dute hori. ‘Aitak dio ez nauzula zaintzen eta nahiago duzula lagunekin egon’, ‘Aitak dio puta bat zarela’... Liburu bat idazteko adina dauzkat halako esaldiak». Erakunde publikoetan pairatutakoak ere aletu ditu: alabarengandik urrundu zutela, egun ez duela harekiko harremanik, eta ez dutela inon babestu. «Gerturatzen banatzaio, handik bi egunera epaitegian nago».
Bilborockeko ekitaldiaren ondoren, bertaraturikoak kalejiran joan dira Azaroaren 25aren plazaraino. Bidean, lekukotzetan entzuniko esaldiak zituzten afixak jarri dituzte itsasadarreko hesietan, eta «indarkeriak erretzeko» ekintza sinboliko bat egin dute Arriaga antzokiaren atzealdean. Plazan, Ane Takitto artistak kintsugi teknikarekin eginiko loreontzi bana jaso dute lekukotza emandako emakumeek. Zauriak urre hautsez senda ditzaten.
«‘Aitak dio ez nauzula zaintzen eta nahiago duzula lagunekin egon’, ‘Aitak dio puta bat zarela’... Liburu bat idazteko adina dauzkat halako esaldiak. Bigarren edo hirugarren mailako biktima sentiarazi naute».
ALMUDENAIndarkeria bikarioaren biktima
Ekitaldian erreparazio eske hitz egin duten emakumeek beren eskakizunak helarazi dizkiete erakundeei, gizarte mugimenduei eta gizarteari. Erakundeei etengabeko arreta eta zaintza eskatu diete, prozesu osoan lagunduak izatea, eta beren hitza ez auzitan jartzea. Laguntza psikologikoaren garrantzia nabarmendu dute, eta ezinbestekotzat jo dute etxeko langile egoiliarraren figura legez kanpo uztea eta GAS gurasoen alienazio sindrome faltsuaren aurka egitea. Afrika Bibang abeslariarekin amaitu da ekitaldia.