Zauriak sendatzeko

Azken 60 urteotan Lasarten motibazio politikoak eragindako indarkeria egoerei buruzko txostena idatzi du Argituz-ek.

ETAk hildako Froilan Elespe PSE-EEko zinegotziaren omenezko ekitaldia, 2008an. JUAN HERRERO / EFE.
Iñaki Lasa Etura.
2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Motibazio politikoak eragindako indarkeria ekintzek egoera gogorrak biziarazi dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Lasarte-Oria (Gipuzkoa) ez da salbuespena. Asko izan dira azken hamarkadotan herritarren mina eta sufrimendua eragin dituzten gertaerak: hilketak, bahiketak, jazarpenak, urruntzearen ondoriozko istripuak, torturak, atxiloketak...

Horiek guztiak biltzeko ahalegina egin du Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak Memoria partekatu baterantz. Lasarte-Orian, 1956tik 2016ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena ikerketa lanarekin. Bigarren aldia dute herri batean oinarrituta halako ariketa bat egiten: Errenterian (Gipuzkoa) egin zuten lehena, orain dela bi urte, udaleko alderdi politiko guztien oniritziarekin.

Lasarte-Orian ere udalak bultzatu du ikerketa lana. Herriaren «historia hurbilean izandako giza eskubideen urraketei eta motibazio politikoak eragindako beste urraketa batzuei buruzko gertakariak, datuak, iritziak eta proposamenak jasoz». Errenterian erabilitako metodologia bera erabili dute. Helburu argiarekin: ez ahaztea, gertatutakoaren memoria aniztuna eraikitzea eta bizikidetza berreraikitzea.

Izenburuan ez ezik, txosten osoan ageri da memoria partekatua kontzeptua. Izan ere, «kolektiboa» da memoria, ez alde batenegia. Zubiak eraikitzeko lagun dezakeela uste dute, «zauri asko» sendatu gabe baitaude. Hala dio liburuan jasotako testigantzetako batek, norena den zehaztu gabe, nahita: «Bakoitza bere sufrimenduarekin bizi zen. Orain bai, bestearen lekuan jartzen ikasi dugu, enpatia izaten ikasi dugu».

Iraganean murgildu dira memoriaren puzzlea osatzeko, baina etorkizuna dute buruan, bizikidetza. Horregatik, hainbat proposamen egin dituzte txostenaren azken atalean: ikerketak ez ahalbidetzea gatazka berririk, belaunaldi berriei gertatutakoa modu egokian transmititzeko bideak lantzea, txostenean argitu ezin izan dituzten datuak biltzen jarraitzea, herritarren eskura espazioren bat uztea, memoria eta bizikidetza lantzea eta eskualdearekin partekatzea ikerketa.

1956an frankismoak ezarritako salbuespen egoera du abiapuntutzat Argituz-en lanak. Hortik gutxira gertatu zen bildu duten giza eskubideen lehen urraketa larria: Begoña Urroz Ibarrola haurraren heriotza, DRILek jarritako lehergailu baten eraginez, 1960ko ekainaren 27an. Bederatzi izan dira, guztira, azken 60 urteotan hildakoak. Horietako batzuk, Lasarte-Orian, besteak herritarrek beste lekuren batean izandakoak. Buruntzaldea-Beterriko datua ere bildu dute: 44.

Asko izan dira gatazka politikoak eragindako gertaerak, baina guztiek ez dituzte berdin kolpatu herritarrak. Urrozen heriotzaz gain, beste bost kasu nabarmendu dituzte: Michelin enpresa —ehun eguneko greba, ETAk hildako bi langileak eta ETApm-k bahitutako zuzendari orokorra—, Mikel Kastresanaren hilketa poliziek tirokatuta, ETAk hildako Miguel Angel Blanco —ermuarra izan arren, Lasarten erahil zuten— eta Froilan Elespe —PSEko zinegotzia—; eta Argi Iturralderen eta Iñaki Balerdiren heriotza —Juancar Balerdi euskal presoaren ama eta anaia, zirkulazio istripuan hil ziren, hura bisitatzera bidean—.

Biktimek, eskubide berdinak

Metodologia zehatza erabili du ikerketa taldeak. Nazio Batuen Erakundearen, Europako Batasunaren, Espainiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren legediak erabili dituzte biktima zer den zehazteko. Bi planotan banatu dituzte biktimak eta gertaerak: giza eskubideen urraketa larriak eta beste sufrimendu batzuk—arestian aipaturiko legedietan agertzen ez direnak—.

Bereizketa horrekin ez dute lehen mailako eta bigarren mailako biktimarik sortu nahi izan, argi dute «guztiak berdinak» direla «dagozkien eskubideei dagokienez». Ondorioz, hilketak ez ezik, atentatuetan zauritutakoak, kale ekintzak jasandakoak, segurtasun indarrek zauritutakoak, torturatuak, estortsio ekonomikoa pairatutakoak, mehatxatuak eta abar bildu dituzte txostenean.

Testigantzak dira ikerketaren informazio iturri nagusia. 23 pertsona elkarrizketatu dituzte, tartean Ana Urtxuegia (PSE-EE), Pablo Barrio (Bildu) eta Jesus Maria Zaballos (PSE-EE) alkateak; zinegotziak eta biktimen senitartekoak. Aniztasuna eta oreka, zubiak eraikitzeko.

Txostena ikusgai dago udalaren webgunean:

http://administrazioa. lasarte-oria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.