Eskola segregazioari aurre egite aldera, heldu den ikasturterako aurrematrikulazioan berritasunak izango zirela aurreratu zuen iazko azaroan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Ikasleen baremazioan, besteak beste, aldaketak egin dira. Horra nabarmenena: puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen zentroa den kasuetan. Eta segregazio arriskua neurtzera egin nahi da. «Zaurgarritasun indizea sortu da, ikasle kalteberak identifikatu eta ikastetxe bakoitzean gorde beharreko plazen portzentajea zehazteko», iragarri zuten. Indizea ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egingo zuela esan zuten, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin ari zirela horretarako. Orduan azaldu zuten eskatzaileek galdetegi bat bete beharko zutela eskeekin batera. Hasi dira erabiltzen.
Familien egoera «sozio-edukatiboa» ebaluatu nahi da inkestarekin. Aurrematrikulazioa egiteko gainerako agiriekin batera bete behar dute gurasoek. Bederatzi galdera ditu. Ikasleen baremazioa ebazteko egiten diren galderen ostean dator inkesta. Orain arte, proba moduan erabili izan da, baina ez era orokortuan. Hezkuntza laguntzako berariazko premiei buruzko galdetegia izena du. Argi zehaztu dute galdera guztiak erantzutea ezinbestekoa dela. Lehenengo bi puntuak haurren erreferentziazko pertsonak zein diren argitzeko dira.
Lanbideari buruz
Abiapuntu horren ostean, hirugarren puntutik aurrera, galderak datoz. Hirugarren eta laugarren galderak umeen erreferentziazko pertsonen ikasketa mailari buruzkoak dira: oinarrizko ikasketak bukatu gabe dituzten, derrigorrezko ikasketak bukatuak dituzten, Batxilergoaren tankerakoren bat duten, edo unibertsitate ikasketak dituzten. Bosgarren galdera propio guraso edo tutoreen lanbideari buruzkoa da. Hamabi kategoria daude. Goian, zuzendariak eta gerenteak daude. Amaieran, oinarrizko lanbideak dituztenak, jubilatuak, langabeak, eta ordaindu gabeko lanak dituztenak.
Zazpigarren galdera, horra: Zenbat liburu daude, gutxi gorabehera, zure etxean? Apalategiko metro batean 50 liburu sartzen dira gutxi gorabehera (ez itzazu aldizkariak edo testuliburuak kontuan hartu). 0tik 50era da maila apalena; 500 baino gehiago dituztenena altuena. Zortzigarren galdera zabalagoa da: Ondoko baliabide eta espazioetatik, zeintzuk daude zure etxean? Ondoren dator aukeratzeko zerrenda, eta inkestaren bidez jakin nahi da Interneteko konexiorik baden ikasleen etxeetan, entziklopedia edo antzekoak dituzten, literatura klasiko edo garaikideko liburuak badituzten, eguneroko prentsa eta aldizkari espezializatuak paperean edo Interneten irakurtzen diren eta ordainpeko telebistarik baduten.
Etxearen ezaugarriez
Azken galderak objektuei buruzkoak dira; etxeko ordenagailu kopurua, automobil kopurua, liburu elektronikoen kopurua, tableta kopurua, smartphone kopurua. Eta etxeko espazioei buruzkoak: zenbat bainugela dituzten, zenbat logela. Ikerketa askok lotzen dute indize sozioekonomiko eta kultural (ISEK) apala eskolako arazoekin, eta indize hori lortzeko irizpideak aintzakotzat hartuta eginda dago inkesta hau. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek tokiak gorde beharko dituzte orain ikasle zaurgarrientzat.
Zaurgarritasuna neurtze aldera, bederatzi galdera
Iragarri zuen eran, umeen aurrematrikulazioa egiten ari diren guraso eta tutoreei inkesta bat egiten hasi da aurten Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, familien zaurgarritasuna zein den jakiteko. Berritasunetako bat hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu