Zaurgarritasun egoeran dauden gazteak gidatzeko programa bateratu dute

Gazteek erantzukizun kontratu bat sinatu beharko dute parte hartzeko. Jaurlaritza, hiru aldundiak eta Eudel aritu dira elkarlanean

Atzo eratu zuten programa berria koordinatzeko lantaldea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek estrategia bateratu berri bat aurkeztu zuten atzo zaurgarritasun egoeran dauden adingabeak eta 21 urte arteko gazteak gizarteratzeko: Euskarri. Estrategia berriak helburu argia dauka: programan parte hartzen duten gazteek gizartean zein lan munduan murgiltzea. Hamabi lehentasun zehaztu dituzte; tartean dira gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua sortzea, tokiko hizkuntzak ikasteko ibilbide espezifiko eta trinkoa antolatzea, eta enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza eredu dualak garatzeko.

Programan parte hartuko duten gazteek erantzukizun kontratu bat sinatu beharko dute, eta hartan zehaztuko dira bai gazteek eta bai instituzioek hartuko dituzten konpromisoak. Funtsean, adingabeek eta gazteek «bizitza aurrera ateratzeko arduraz borrokatzeko konpromisoa» hartu beharko dute; eta erakundeek, berriz, hori posible egiteko «sostengu puntuak eskaintzeko konpromisoa» hartuko dute.

Filosofia argia du estrategia berriak: haren arabera, «gogor lan» egin behar da bizitza aurrera ateratzeko, eta, hori egin ahal izateko, beharrezkoa da sostengu puntuak izatea. Azken horiek, gainera, ezberdinak izango dira erakunde publikoen tutoretzapean daudenak adingabeak izan ala ez. 18 urtetik beherakoentzat, etxea, orientazioa eta prestakuntza izango dira sostengu puntuak.21 urtera artekoetan, berriz, lan munduan paratuko dute arreta.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du COVID-19ak areagotu egin dituela zaurgarritasun egoerak, eta ezinbertzekoa dela laguntzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.