Klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den eraginaz ezkor mintzo da Jose Maria Gorostiaga (Bilbo, 1953). Biologian doktorea da, eta Botanika irakaslea EHUn. Algak ikertzen ditu, itsasoan gertatzen ari diren aldaketak erraz antzeman daitezkeelako haien bidez. Ohartarazi du euskal kostaldeko algarik garrantzitsuena desagertzen ari dela.
Euskal kostaldea ikertzen duzuenon arabera, Kantauri itsasoa oso zaurgarria da klima aldaketaren aurrean. Zergatik?
Kantauri itsasoko ertza laborategi zoragarria da klima aldaketak itsas landaredian duen eragina ikertzeko. Euskal kostaldetik Galiziarantz joan ahala, hoztu egiten da ura, eta hori ez da oso ohikoa latitude berean. Hain justu, horregatik da zaurgarriagoa Bizkaiko Golkoa: udako berotze handienak bertan izaten dira, eta horrek estresa eragiten die algei. Gure kostaldea tenperatura epelen irla bat da; inguruan ur hotzagoak ditugunez, guk alga espezieak galtzen ditugunean hutsuneak geratzen dira, ia algarik gabeak. Hemen oso ezaguna da alga gorria, Gelidium corneum, gure kostaldeko habitat eraikitzailerik onena; bada, ura berotzearen ondorioz, desagertzen ari da, eta bere lekua hartzen ari diren algak ez dira hain indartsuak eta eraginkorrak ekologikoki. Zuhaitzak belar txarrekin ordezkatzea bezalakoa da.
Azken 30 urteetan Kantauri itsasoko ura gradu bat igo da udan batez beste. Berotze globalarekin lotuta dago?
1870etik dauzkagu Kantauri itsasoko tenperaturaren erregistroak, eta ordutik gorabehera asko izan dira. Baina 1980tik hona izan den igoera ezohikoa da: lehen, udan 21 eta 22 gradu arteko tenperatura zegoen uretan, eta orain 23ra iristen da. Are gehiago bero olatuetan: 2003an 26,5 gradutara iritsi zen ura Donostian.
Tenperaturaz gain, zer beste faktorek eragiten dute itsas landarediaren osasunean?
Euskal kostaldean oso esanguratsua da elikagai eskasia, adibidez, Galiziarekin alderatuta; han, itsas azpiko korronteak azaleratzen direnean, mantenugai ugari ematen dizkiete algei. Euskal kostaldean ez dago halakorik, eta elikagaiak batik bat ibaietatik iristen dira, baina itsasadarren emaria dezente murriztu da, urtaroak lehorragoak direlako. Beste faktore bat da eguzkiaren erradiazioa: mundu osoan areagotzen ari da 1980ko hamarraldiaren erdialdetik, eta Bilbon, esaterako, batez bestekoaren oso gainetik gaude. Faktore horien guztien sinergia nahiko txarra da algentzat: elikagai gutxiago duten urak gardenagoak dira, eta eguzkiaren erradiazio gehiago jasotzen dute algek. Eta estresatu egiten dira.
Zer gertatzen da algak estresatzen direnean?
Algak tenperatura igoeraren oso adierazle onak dira, nahiko sentiberak direlako; ura berotzean, deseroso daude, estresatzen dira, eta ur hotzagoetara joaten dira, edo desagertu egiten dira.
Zein da algen funtzioa zehazki?
Makroalgek —kostaldetik itsaso sakonera iristen direnek— askotariko funtzioak dituzte: arrain txikiak babesten dituzte, arrainak eta krustazeoak elikatzen dituzte, ornogabeen hainbat espezieren habitata dira, uretako karbonoa xurgatzen dute... Beraz, desagertzen badira, bizi asko galduko da. Ikuspegi biologikotik, funtzio horiek galduko lirateke, alga horren ordezkoek ez daukatelako gaitasunik urak oxigenatzeko. Ekologiaren eremuan, bioaniztasuna aldatzen ari da, eta horrek desorekak dakartza: algak jaten dituzten arrainak desagertzen ari dira, eta arrain horiek jaten dituzten beste arrainak ere bai, ondorioz. Eta horrek eragina izango du, aldi berean, ekonomian: arrantzan, algen bilketan... Ez da baikor aritzeko modukoa.
Beroago, altuago, arriskutsuago
Jose Maria Gorostiaga. EHUko Botanika irakaslea
«Zaurgarria da Bizkaiko Golkoa: udako ur beroenak bertan izaten dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu