LGTBI

Zaurgarri, baita kirolean ere

Gipuzkoako LGTBI kolektiboak jarduera fisikoan eta kirolean zer egoera daukan aztertu dute. Helburua da politikak aldatzea kirola denek egin ahal izateko.

LGTBI kolektiboko kide askok talde kirola alde batera utzi eta bakarkako gimnasioko jarduna egiten du. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Orientazio sexualak eta genero identitatearen adierazpenak eragiten dute pertsonek jarduera fisikoan eta kirolean dauzkaten bizipenetan». Hori da Gipuzkoako LGTBI kolektiboak jarduera fisikoarekin eta kirolarekin duen harremana aztertuta ateratako ondorio nagusia.

EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea ari da ikerketa hori egiten, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala eskatuta, eta Uxue Fernandez Lasa EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle eta Gikafit taldeko ikerlariak joan den astelehenean aurkeztu zituen ikerketaren lehenengo ondorioak, Donostian. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroen barrenean egin zuten Begirada eta politika EkitaAktiboak jarduera fisiko eta kirolean: LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ikastaroa, eta horren barrenean aztertu zuten Gipuzkoako egoera, hain zuzen ere.

2018an egindako ikerketa lan baten jarraipena da bigarrengo azterketa hau. Orduko hartan, Juan Aldaz ikerlariak Gipuzkoako hainbat kirol teknikari eta arduradunekin landu zuen ea nola lantzen zuten sexu aniztasunaren gaia kirolean eta jarduera fiskoan. Hainbat pertsona eta teknikarirekin egon ondotik ondorioztatu zuten sexu aniztasunaren gaia ez zela lantzen, eta are ez zegoela haien agendan ere: «Ez zeukaten ez protokolorik, ez irizpiderik ez ezer horren inguruan», azaldu du Fernandez Lasak. «Unean uneko soluzioak ematen zituzten arazoak izatean, baina ez zeukaten inolako estrategiarik. Hori da lan hau egiteko abiapuntua».

Oraingoan, arduradunekin ez baizik eta erabiltzaileekin hitz eginda ontzen ari dira diagnosia. «Ez dira bereziki pertsona kirolariak, eta gutxiago kirolari profesionalak, kirola aisialdian egiten dutenak baizik», nabarmendu du ikerlariak. Gipuzkoa luze-zabaleko hogei lagun elkarrizketatu dituzte, ahalik eta laginik zabalena hartuta. Oraindik ere elkarrizketak egiteko prozesuan dabiltza; beraz, iritzi gehiago bilduko dituzte.

Ikerketa lana egiten ari direnez, bukatu gabeko lana da oraindik ere. Alta, badituzte jadanik lehen ondorioak eta ondorio horietan argiena da oraindik ere «diskriminazioa» pairatzen dutela. Bazterketa horrek bertzelako ondorio bat ere baduela dio ikerlariak: «Horrek praktikan eragin dezake oro har heterosexualak baino inaktiboagoak izatea, bereziki antolatutako kiroletan». Orokorrean elkarrizketatukoek diskriminazioaren gainean «surfa egiten dutela» azaldu du: «Hasieran, galdetzen diegunean, ez zaie iruditzen bazterketarik pairatzen dutenik, baina, galdetu ahala, eta azpiko geruzak lantzean ateratzen dira pairatzen dituzten zenbait diskriminazio».

Ondorio nagusi horiek plazaratzeaz gain, bi multzotan banatu dute kolektiboa: «Kolektibo zabala da, eta bizipen oso ezberdinak dituena», dio ikerlariak. Alde batetik, orientazio sexualari dagozkion bazterketak aztertu dituzte, eta, bertzetik, generoari dagozkionak.

Lehen multzo horretan, nabarmendu dute orientazio sexuala jakinarazteari buruzkoa: ea kirola egiten den esparruan orientazio sexuala jakinarazten den ala ez. Denetariko iritziak jaso dituzte, nahiz eta ia denek, bizitako bertze eremuetan bezala, hor ere jakinarazia zuten.

Horrekin batera, jaso dute galdekatutako ia denek «ihes» egiten dutela lehiakortasunetik, batez ere kirol baloidunetan eta futbolean, eta oro har antolatu gabeko jarduerak egiteko joera dutela, bakarka: gimnasiora bakarrik joatea, adibidez. Gainera, inaktiboak direnei edo gomendatutakoa baino kirol gutxiago egin dutenei dagokienez, ondorioztatu dute heziketa fisikoko haurtzaroko «esperientzia negatiboek» eragin dutela ondorio hori.

Horrez gain, orientazio sexuala ezkutatzen dutenek «mikroindarkeria» bizi dutela jaso dute: «Galdekatutakoek diote normalizazio falta dagoela batez ere gizonezko homosexualei dagokienez, are konplexuagoa dela kirol esparruan adieraztea», azaldu du. Horren adibide da, erraterako, emakumezkoen futbolean lesbianak eta bisexualak onartuta egotea eta jendaurrean ezagunak izatea, eta mutilen kasuan, aldiz, tabua izatea oraindik.

Aldagelak auzitan

Genero bazterketari dagokionez, transen errealitatea da aztertu dutena, eta gorputza:ondorioztatu dute norbere gorputzaren onarpenakeragina duela kirol praktikan. Horren adibide dira, bertzeak bertze, espazio publikoan kirolik ez egitea deserosotasunagatik, eta hormonak hartzen egon eta entrenatu bai, baina, ez lehiatzea entrenatzaileak hala nahita. Auzi hori, lehiaketa eta hormonazioarena, «puri-purian» dagoela dio ikerlariak, eta gaur egun oraindik ere gairen inguruko kontsentsua izatetik urrun dagoela.

Horrekin batera, Fernandez Lasak azaldu du aldagelen auzia eta horrek dakarren deserosotasuna behin eta berriz agertu direla: «Aldagelak ez dira espazio seguruak. Elkarrizketa denetan ateratzen da auzi hori, eta askok esaten digute ez direla han dutxatzen, etxera joaten direla, oso konplikatua zaielako, eta inork heldu ez dion gai bat delako». Horren atzean kirol instalazioen «banaketa bitarra» dagoela nabarmendu du ikerlariak, eta aldageletan kabina itxiak ezartzea dela hori bukatzeko alternatiba: «Ez transentzat bakarrik, gorputzarekin eroso sentitzen ez den batentzat ere izan daiteke soluzioa».

EHUko ikerlariak gaia aztertzen eta ondorioak jasotzen ari dira oraindik, helburua baitapolitika publikoak garatzea kirola denek egin ahal izateko. Hori da denen asmoa, jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan ere LGTBIfobiari aurre egitea eta desagerraraztea, kirola egitea segurua izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.