«Zatiketa baimendu ezin dugun luxua da», adierazi dute Euskal Herria Batera plataformako kideek. Aberri Egunaren bezpera baliatu dute batasunaren aldeko deia egiteko, eta Euskal Herriko arlo anitzetako ordezkariak bildu dituzte Donostiako Miramar jauregian; politikagintzatik kultur arlora, sindikalgintzatik kirol mundura. Euskal Herria Baterako eledun Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak manifestu bat ere irakurri dute, Euskal Herriko zenbait fundaziotako kideen izenean: «Batera bagara eta indarra badugu».
Ikusi gehiago:Estitxu Garai: «Alderdien mugetatik kanpo ere eraiki daiteke bateratasuna»
«Herri erronkei aurre egiteko» eta Euskal herriaren «etorkizuna ziurtatzeko» euskal herritarren batasunak duen garrantzia nabarmendu dute Garaik eta Zabalak, Euskal Herriko zenbait fundaziotako kideen izenean. Ekitaldian azaldu dutenez, testua ondorengoek sinatu dute: Mireia Zarate Sabino Arana fundazioko presidentea, Iratxe Esnaola Olaso Dorrea fundazioko presidentea, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Center-eko lehendakaria, Naiara Goia ArantzazuLab laborategiko zuzendari nagusia, Carlos Etxepare kazetaria, Maria Elena Etxeberri Ekin argitaletxeko kidea, Eguzki Urteaga Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Koldo Viñuales Irujo Etxea elkarteko kidea. Horien arabera, batasun horrek bide eman behar du «jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta giza kohesioa ardatz»; baita «Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izan dadin euskal herritarrek erabakitzeko».
Zabalak eta Garaik atzera begira hasi dute euren hitzartzea, Irulegiko eskuaren aurkikuntza eta Emakume Abertzaleen Batzaren ehungarren urteurrenak hizpide. «Gure aurreko belaunaldi guzti horiek izan zirelako baikara gaur egun». Hala, euskal herritar guztiei dei egin diete aurrera bidean atzera ere erreparatzeko. «Nondik gatozen behar dugu jakin, beldurrik gabe nor garen, zer garen, esateko. Gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara», adierazi du Garaik.
Eledunen hitzetan, «erronka izugarriak» ditu Euskal Herriak aurrez aurre, baina Zabalak gehitu du «ahul» dagoela haiei erantzuteko: «XXI. mendera heldu gara eta ez da gutxi, baina herri gisa zatituta, herri gisa nahi dugun subiranotasuna lortu gabe, eta demografikoki zaharkituta heldu gara». Izan ere, erronka horiei «estaturik gabe, zatiturik eta nazio gisa gutxiagotuta» erantzun beharko zaie.
Iraganari eta orainari erreparatuta, etorkizunerako beharrei heldu die Garaik: «Nora joan nahi dugun behar dugu adostu denen artean». Haren esanetan, Euskal Herria bezalako «herri txiki batek» ezinbesteko du batasuna oinarrizko aferetan, eta egungo testuinguru historikoak horretarako baldintzak ezarri ditu. Hala, herritarrei adierazi diete Aberri Eguna batasun asmo horien adibide izan behar dela. «Desberdintasunetik batasunerako deiadarra».
Bagara, badugu lelopean egindako ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, EAJko Joseba Egibarrek eta Eneko Goiak, EH Bilduko Maddalen Iriartek eta Mertxe Aizpuruak, Ahal Dugu-ko Miren Etxebestek, Geroa Baiko Unai Hualdek, Xabier Euzkitze aurkezle eta bertsolariak, Alizia Iribarren AEKko koordinatzaile nagusiak, Josu Etxaburu Gure Eskuko eledunak eta beste zenbait eragiletako ordezkarik eta norbanakok.