«Zatiketa» gainditu eta atez atekoari ekiteko deia egin du Bergarako Udalak

Ereduaren alde egin du, eta «malgutu» daitekeela oroitarazi; BZZk asteburuko galdeketako «iruzurrak» salatu ditu

Bergara Garbia plataformako kideak, larunbatean, galdeketa hasi aurretik, udal pilotalekuan hautestontziak jartzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Argi ikusten dugu herrian zatiketa handia dagoela». Bergarako Udalak erreparatu die asteburu honetan Bergara Garbia plataformak antolatuta hondakinen kudeaketaren inguruan herrian egindako galdeketaren emaitzei: 4.843 boto zenbatu zituzten eta %98k atez atekorik ez jartzeko eskatu zuten. Horren ordez hondakin organikoak biltzeko edukiontzi bat —bosgarren edukiontzia— nahiago dutela argudiatu dute galdeketaren bultzatzaileek. «Gaizki planteatutako galdeketa» iruditzen zaio udalari asteburuan egindakoa, dudak ditu emaitzen garbitasunaren inguruan, eta lan nekeza iruditzen zaio hortik «kopuru fidagarriak» eskuratzea. Badaki, ordea, hondakinak jasotzeko atez ateko sistemaren kontrako «desadostasun» mezuak aski errotuta daudela zenbait herritarren artean. Horregatik, «lasaitasun» mezua helarazi nahi izan du, eta herritarrei oroitarazi die beldurrik gabe hasteko sistema horrekin. «Sinplea eta erraza da eskatzen duguna; gurekin hitz egitera etorri direnak 'Hau al zen dena?', esan dute harriduraz», azaldu du. Argi utzi du, gainera, «egoera berezietan» molda daitekeela: «Posible da egokitzapenak egitea eta malgutzea».

Larunbatean, liskar artean hasi zen galdeketa. BZZ Bergara Zero Zabor taldeak salatu zuen «sasigaldeketa» bat zela hori, iruzurretarako bidea ematen zuena. Begirale moduan galdeketan parte hartzen saiatu ziren, baina ez zuten horretarako modurik izan. Bergara Garbia plataformako kideek ez zieten laga bozkalekuetan sartzen; soilik udal pilotalekuan lortu zuten tarte batean sartzea, baina ertzainak agertu zirenean, identifikatu egingo zituztela eta, erretiratzea erabaki zuten BZZko kideek. Begirale lana bozkalekuetako ateetan egin zuten. Nolanahi ere, hainbat «iruzur» salatu dituzte: «dozenaka arau-hauste larri» ikusi dituztela esplikatu dute. Esaterako, azaldu dute «inongo mugarik gabe» onartu dutela boto delegatua, eta, hain justu, bideo bat agertu da hori erakusten duena. Bizilagun bat ageri da bere etxeko guztien partez botoa ematen; soilik nortasun agiriak erabiltzen ditu horretarako, eta boto ordezkatua eman aha0l izateko paperak bozkalekuan betetzen nola uzten dioten ikus daiteke.

Bergara Garbia plataformako kideek, hala ere, adierazi dute «oso pozik» daudela galdeketak eman dituen emaitzekin. «Oso onak izan dira, kontuan hartuta EH BIlduk bozkatzera ez joateko deiak nahastu egin duela giroa», azaldu du plataformako kide Jose Antonio Aperribaik. Kritikei erantzuteko, azaldu du, botoak notario batek zenbatu zituela. Beren jardunak eragiteko balioko duela uste du. «Udaleko agintariek izango dute zer hausnartu», esan du. «Argi dago bergararrak atez atekoaren kontra daudela».

Jarrera «zurruna» nagusi

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak, Bergara Zero Zabor taldearekin bat eginez, gogor kritikatu du atez atekoaren kontrako plataformaren jarrera. Gipuzkoan xede horren inguruan martxan jarri diren beste hainbat talderen parekoa dela ohartarazi du, eta jarrera «geldikeriazkoa eta zurruna» zabaltzen ari direla herrietan, konponbiderako oinarri egokiak jarriko dituen postura batetik urrun. Zizurkilen ere ekainean egindako galdeketan «arau-hausteak» atzeman zituztela gogorarazi du, eta nekez egingo dela aurrera konponbide baten bila tankera horretako jokabideekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.