Zurrumurru diskriminatzaileen kontrako kanpaina berria aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritzak eta ZAS Zurrumurruen Aurkako Sareak. Argi azaldu dute helburua: “Diskriminazioak prebenitu eta kultur aniztasunaren potentziala azaleratu nahi dugu”. Aurreiritziak eta estereotipoak “desmuntatu” eta gizarte kohesioa bultzatzea dute xede.
Pandemia egoerak izan duen eraginean jarri dute azpimarra, eta, hori dela eta, beste “bultzada eta ikuspegi” bat eman nahi izan diote kanpainari; aurtengoa, batez ere, Internetera eta sare sozialetara bideratu dute.
“Osasun krisi batean murgilduta gaude, eta honek ekonomia eta gizarte arloan ere sekulako kolpea eragin du. Krisialdi egoera guztietan bezalaxe, honetan ere egoera zaurgarrienetan dauden pertsonak izaten dira kolpatuenak, eta horiek, askotan, migratzaileak izaten dira”. Azaldu dute horrelako egoerak zurrumurru eta aurreiritziak zabaltzeko “giro egokiak” izaten direla, eta adibide bidez arrazoitu dute baieztapena: izurriaren hasieran txinatar jatorriko pertsonei egotzi izana birus honen sorreran ardura izatea, edota ijito baten hiletan izandako kutsatze beten ondorioz sare sozialetan haien kontrako mezuak zabaldu izana, besteak beste. “Badirudi osasun larrialdia giro egokia izan dela kolektibo eta jatorri ezberdinetako pertsonengan fokua jartzeko”.
Gizartean kultur aniztasuna indartzeko eta diskriminazioa prebenitzeko “zirimiri” moduko bat izan nahi dutela argitu dute. “Horrelako ekimen bat ez da epe labur batean egiteko, baizik eta luzaroan landu behar da”.
ZASek kanpainan aurrera emango dituen hainbat puntu zehaztu dituzte: batetik, jakinarazi dute webgunea berritu dutela. Hiru ardatzi erreparatu diote horretarako: dibulgazioa, diskurtsiboa eta prestakuntza. “Webean sortzen diren material guztiak jasotzen dira; ekitaldien berri ematen da; eta estrategiarako esanguratsuak diren albisteak eta iritzi artikuluak biltzen dira”. Publikoarekin eta herritarrekin konektatu eta errealitatea eratzeko erabiltzen diren esparruak “aldatzen joatea” nahi dute. “Herritarren duten begiratzeko modu horretan eragiteko, kasu honetan, dibertsitateari eta migrazioari dagokionez”.
Horrez gain, sare sozialetan hedatzeko bi bideo eta hamar infografia berri egin dituzte. Infografien bidez jorratzen diren gaiak dira generoa, hezkuntza interkulturala, aterpeak, bakarrik dauden adingabeen egoera edota arrazismoa. Andrea Ruiz ZASeko kideak azaldu duenez, infografietako batzuk izaera soziodemografikoa dute, “herritarrek ulertzeko Gipuzkoan migrazioaz hitz egiten ari garenean zertaz ari garen”. Diseinu “erakargarria eta bisuala” landu dute, sareetan zabaltzeko “aproposa”.
Gipuzkoako hainbat herritan hizketaldi eta mahai inguruak ere antolatu dituzte. “Elkarrizketa formatua erabiliko dugu, arinagoa eta dinamikoagoa delako”. Badute hurrengo saiorako data: otsailaren 16an izango da, Aretxabaletan. Adierazpen askatasunaren eta gorroto diskurtsoaren inguruan arituko dira hizketan Imanol Zubero Soziologian doktorea eta Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko kidea, eta Rosabel Argote EAEko CEAReko kideak egingo ditu moderatzaile lanak.
Azkenik, formakuntza arloari heldu diote, eta joan den urteko irailean Tokikom euskarazko tokiko komunikabideek osatutako sarearekin egindako hitzarmena azpimarratu dute. Formakuntza saioak antolatu dituzte haiekin, mintegien bidez.
Urte zaila
Xabier Aierdi ZASeko kidearen arabera, aurtengoa “urte zaila” izan da egitasmoak aurrera eramateko, bai eta aproposa ere “estereotipoak sortu eta indartzeko”. “Ez dago azalpen errazik arazo zailen aurrean. Estereotipoek, zurrumurruek eta abarrek egiten dutena da errealitatea sinplifikatu, eta, normalean, erantzun oso sinpleak ematen ditu, nahiz eta errealitatearen azterketak beti eskatzen duen sakontasun gehiago”. Adierazi du “inpunitate eremuak” txikitu egin behar direla. “Ezin da ez daukagulako argumenturik, ez dakigulako nola erantzun… korrontea jarraitu. Gure lana hori da: jendeari korronte hori ez jarraitzeko tresnak ematea”.