Zarragak berretsi du isuna poliziei euskaraz egiteko eskatzeagatik jarri diotela

Hau Pittu Hau konpartsako kidea epaitu egin dute, 'mozal legea' ezarrita. Isuna jarri zioten Bilboko udaltzainak ez dira epaiketara agertu

Arkaitz Zarraga telefonoz hizketan, Bilboko epaitegien aurrean atzo egin zuten elkarretaratzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Bilbo
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Iazko Bilboko Aste Nagusian udaltzainei arreta euskaraz emateko eskatu zien Arkaitz Zarraga Hau Pittu Hauko konpartsa kideak. Baina, poliziak, irainak jaso zituela esan, eta mozal legea ezarri zion. Isuna jarri zioten horregatik. Zarragak, ordea, gertakariak salatu, helegitea jarri, eta atzo izan zuen epaiketa Bilbon. Poliziak ez ziren agertu, eta Zarragak uste du horrek haren alde joka dezakeela. «Argi geratu da gezurretan ari direla». Sententziaren zain dago orain. 900 euroko isuna ordaindu beharko du, auzia galduz gero .

Epaitegi aurrean elkarretaratzea deitu zuten Hau Pittu Hau konpartsak eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Euskarari mozalik ez! lelopean. Dozenaka lagun bildu ziren, epaituari babesa emateko asmoz.

Bilboko Udaleko osoko bilkuran ere gertakariak salatu zituen EH Bilduko Alba Fatuartek, 2018ko irailean. Juan Mari Aburto hiriko alkateak ukatu egin zuen isuna euskaraz egiteko eskakizunagatik zela, eta zalantzan jarri zuen Zarragak esandakoa.

Horregatik, udalaren jarrera salatu zuen atzoko elkarretaratzean Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak: «Saiatu dira auzia beste bide batzuetatik eramaten eta hizkuntz eskubideak bigarren mailan utzi dituzte». Koldo Zarate Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramaileak epaituaren jarrera goraipatu zuen. «Udaltzainak ardura du, baina benetako arduradunak erakunde publikoak dira». Haren hitzetan, Bilboko Udalak oraindik ez dauka euskara ordenantzarik eta horrelako beste kasurik ez gertatzeko neurriak har ditzatela eskatu zuen.

«Hau ez da kasu bakan bat Euskal Herrian, segurtasun indarrekin harremanak izatean horrelako ondorioak pairatzen dituzte euskaldunak», azaldu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak.

Bilboko Konpartsak elkarteak ere prentsa adierazpena kaleratu zuen, epaiketa «udaltzaingoak markatutako norabide erasokorraren ondorioa» dela salatzeko.

Atzo bertan, beste pertsona bat epaitu zuten mozal legea aplikatuta Bilboko epaitegi berean. Eduardo Rodriguez Sare Antifaxistako kideari elkarretaratze batean «lotsa emango lidake polizia izateak», esan izana leporatzen diote. Mozal legearen aurka ari zen protestan. Hura babesteko epaitegi aurrean bilkura egin zuten Berriotxoak eta Sare Antifaxistak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.