Zarauztik New Yorkeko argietara

Irailean 'Apar' laugarren diskoa kaleratu eta mundu osoko birari ekin dio Deloreanek.

mikel lizarralde
Donostia
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Pitchfork pop musikari buruzko webgunea izango da munduan gehien irakurtzen dena. Maitatua eta gorrotatua, nolabaiteko biblia bihurtu da pop musika independentea jarraitzen dutenentzat. Bidea markatzen du, eta hari jarraitzen diote kontinente guztietako aldizkariek, batik bat, digitalek.

Delorean taldeak mundu osoan lortu duenaren termometroa izan liteke Pitchfork. 2009an Ayrton Senna EParen laudoriozko kritika bat kaleratu zuen; hurrengo urtean Subiza disko luzeari ere harrera oso ona egin zion, eta aurten taldeak kaleratu duen Apar diskoak ere hitz onak jaso ditu webgunearen eskutik. Ez dago halakorik lortu duen beste euskal musika talderik. Ez behintzat Pitchforken.

Taldea 2000an sortu zuten Zarautzen (Gipuzkoa) lau lagunek: Igor Escuderok (bateria), Tomas Palomok (gitarra), Unai Lazkanok (teklatuak) eta Ekhi Lopetegik (ahotsa eta baxua). Punkaren eta elektronikaren arteko loturetan arakatu nahi zuten, beti ingelesez, eta taldearen lehenengo bi diskoak eremu horretan kokatu ziren. Silhouettes (2001) Underhill Iruñeko zigilu txikiak kaleratu zuen —500 kopia besterik ez—, eta pop nahiz emocore doinuak biltzen zituen. Delorean (2004) bigarren diskorako dantzarako erritmoetan sakondu nahi izan zuen taldeak, post-punkaren energiari bizkarra eman gabe. Eta, aurrenekoz, diskoa atzerrian ere kaleratu ahal izan zuten (Alemania, Norvegia, Mexiko...) hainbat zigiluk lizentzia eskuratu ondoren.

Hortik aurrera taldeak jauzi bat eman zuen. Into the plateau (2006) —aurrekoa bezala, Bartzelonako B-core diskoetxeak kaleratutakoa— elektronikaren eremuetan sartu zen bete-betean, dantzarako erritmoetan, eta bide beretik segitu dute ondorengo diskoek, bakoitza bere ñabardurekin. Horrekin batera, taldeak, bere potentzialaz jabetuta, Bartzelonarako saltoa eman zuen duela zenbait urte. Eta han dauka bere grabazio estudioa ere. New Yorken grabatutako disko berria kaleratu du aurten, Apar. Datozen egunetarako kontzertuak iragarriak zituzten AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan. Ez dute azaldu noiz arteko kontzertuak eten dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.