Zarauzko Gurutze Gorriko Herri Biltzarrak dimisio eman du, taldeko kide eta presidente Felix Zubiak bost urteko kargugabetze zigorra jaso ondoren. Izan ere, EAEko Gurutze Gorriaren Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordeak Zarauzko Gurutze Gorriari leporatu dio moto partikularrak erabili izana Zarauzko triatloiko segurtasuna antolatzeko. Emaniko zigorra «bidegabea eta neurriz kanpokoa» dela nabarmendu dute Herri Biltzarreko kideek. Haiekin bat egin eta kargua utzi du Gipuzkoako Gurutzeko Gorriko zuzendaritzak ere.
Zarauzko Gurutze Gorriak nabarmendu duenez, triatloiak zenbait arrisku izan ditzake, eta motoz ibili zen sokorri talde bat antolatu zuten laguntza beharrean ziren korrikalariei laguntzeko. Halaber, azaldu dute beharrezkoa zela motoak erabiltzea: «2016an, parte hartzaile batek ez zuen laguntzarik jaso tarte luze batean, ondo ikusten ez zen gune batean erori baitzen».
Gainera, segurtatu duenez, nahiz eta moto partikularrak izan, triatloiko aseguru orokorraren barne ziren. Erantsi dute moto partikularrak erabiliko zituztela jakinarazi zietela Ertzaintzari eta Udaltzaingoari, eta ez zutela inongo «eragozpenik» izan horretarako. Hala ere, EAEko Gurutze Gorriko koordinatzaileak espediente bat zabaldu zuen kargugabetze zigorra emateko.
Zigorraren zergatia
Salatu dutenez, Zarauzko zigorra ez da gertakari «isolatua» izan. Izan ere, Gurutze Gorriko kideek adierazi dute desadostasunak dituztela EAEko zuzendaritzarekin, eta horren arrazoitzat jo dute itsas salbamenduaren kudeaketa «txarrak» eragindako gatazka. «Gure salbamendu ontziak zahartuta daude, eta ez digute berritzeko baimenik ematen. Getariako Itsas Salbamenduko Eskola geldirik dago, eta ez dago gardentasunik diru laguntzen kudeaketan. Gertakari horiek salatzeak gatazka piztu du, eta uste dugu zigorra horren ondorioa izan daitekeela».
Zigorraren eta dimisioen inguruko informazioa Getariako arrantzaleen kofradian emanen dute, ortzegunean, arratsaldeko bostetan.