Koronabirusa. Hondartzak

Zarautz. Hondartza pribatu batean baleude bezala

Eguraldiak eta legediak lagunduta, gutxi batzuk ausartu dira urteko lehen bainua hartzera. Udan ez dute toldorik jarriko, eta edukiera kontrolatu egingo dute

Gizon bat eguzkia hartzen Arrigunaga hondartzan, Getxon (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Zarautz
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Giro atsegina egiten du Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan: 20 gradu inguru, haize leuna, eta marea behean. Astelehen goiza izan arren, jende ugari dabil malekoian paseatzen, terrazetan ez dago esertzeko leku askorik eta surflariak hara eta hona dabiltza taulak besazpian hartuta. Hondarretara jaitsi eta eguzkia hartu edo uretara sartzen ausartu direnak, ordea, ez dira asko, eta espazioa sobera dute. Lekua erreserbatu balute bezala.

Espainiako Gobernuak ezarritako faseetatik bigarrenera igaro ziren atzo Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, eta horrek hondartzetan eguzkia hartu eta bainatzeko aukera eman die herritarrei, baita ordutegi mugarik gabe kalera irtetekoa ere. Goizeko hamaikak aldera, haurrekin jolasean dabiltzan gurasoak gehiengoa dira hondartzan.

Garbiñe Pedrosa da itsasbazterrean umearekin jolasean dabiltzanetako bat. Ez da hondartzara jaitsi den lehen eguna, baina «beste lasaitasun bat» eman dio legedia aldatu izanak, orain arte «denbora gutxirako eta jolasteko soilik» bertaratu baita. Uste du bigarren fasean sartzea «lasaitu ederra» dela gurasoentzat: «Ordutegirik gabe, bainatzeko aukerarekin... ura haurrentzako jolas bat da, eta eskertu egiten dut etorri ahal izatea».

Zarautzen bizi da Pedrosa, eta uste du datozen hilabeteetan hondartzaz disfrutatu ahal izango duela: «Ez agian beste udara batzuetan bezala, baina... Umeekin, azkenean, jolastera soilik etortzen gara, eta guretzat antzeko izango da».

Metro batzuk harago, Naiara dago haurrei begira, toallan eserita. Asteasukoa da (Gipuzkoa), eta, jaieguna duenez, Zarautzera gerturatzea bururatu zaio. Haren iritziz, hondartza aukera «erraza» da gurasoentzat, oraindik egin ezin dituzten plan asko baitaude.

Joan den ostiralean Donostian izan zen, Ondarreta hondartzan, eta igarri du aldaketa: «Donostiako udaltzainek esan ziguten jolasteko aukera bagenuela, baina ezin ginela bainatu; haurrek ulertu zuten, baina ez da gauza bera». Gainera, Asteasun ordutegirik ez zuten arren —5.000 biztanle baino gutxiago dira—, hondartzara joateko ordutegiak errespetatu behar izan dituzte orain arte. Zarauzko hondartzan apenas dagoen udaltzainik.

Iñakik 73 urte ditu, eta «lasai-lasai» dago hondarretan etzanda: «Ez du izugarrizko eguraldia egiten, eta haizeak jotzen du apur bat, baina egoteko egun ederra dago». Bainu bat hartzeko asmoz joan da hondartzara, «sartu-irten bat», baina «badaezpada» uretara ez sartzea erabaki du, «mugitu samarra dago-eta itsasoa». Sorospen zerbitzuak ekainaren 15ean hasiko dira Gipuzkoako hondartzetan.

Aurrerantzean ere hondartzara joaten jarraitzeko asmoa du. Zarauzko Udalak joan den ostegunean iragarri zuen hondartzaren edukiera mugatuko duela udan; zazpi sarrera izango ditu 2,8 kilometroko hondartzak, eta enpresa bat egingo da edukiera mugatzearen arduradun. Mareen arabera, jende gehiago edo gutxiago egon ahal izango da.

Udako egun jakin batzuetan milaka pertsona biltzen dira Zarauzko hondartzan, baina aurten ez dirudi irudi hori errepikatuko denik. Iñakik argi du zer egingo duen kasu horretan: «Bi metroko tartea bermatu badezakegu, ez dago arazorik. Nik segituko dut hondartzara lasai etortzen, eta, baten bat alboan jartzen bazait, ikusiko dut hemen jarraitu ala ez».

Toldorik ez

Iñaki «zarauztar peto-petoa» da, baina ez du inoiz alokatu herriko hondartzaren ikur diren toldoetako bat. Udan, haiekin egiten du lan Ibai Goikoetxeak. Orain unibertsitateko ikasketekin dabil buru-belarri, baina azterketa eta ikasketa orduen artean, hondartzara jaitsi da «bainu azkar bat» hartzera; «deskonektatzera».

Aurten ere toldoekin lan egiteko asmoa zuen: «Duela pare bat aste azaldu zigun nagusiak ez zuela oso argi toldoak jartzeko aukera izango genuen ala ez, eta jartzekotan noiz eta nola jarriko genituen. Argi genuen ekainean ezinezkoa izango zela, baina bagenuen itxaropena uztailetik aurrera lanean hasteko».

Xabi Txurruka alkateak (EAJ), ordea, joan den astean iragarri zuen aurten ezingo dutela toldorik jarri Zarautzen. Prentsaurrekoan entzunda jaso zuten albistea langileek. Goikoetxeak ulertu du erabakia, baina, aldi berean, «kezkatuta» dago: «Nagusientzat gogorra da egoera, haien urteko diru sarrera guztiak toldoen alokairutik eskuratzen baitituzte, udako hiru hilabete eta erdian». Bera ere udako lanik gabe geratuko da aurten.

Goikoetxearen ustez, udan «oso zaila» izango da hondartzan daudenen kopurua kontrolatzea: «Ez dakit bakoitzak nahi duen tokira joan ahalko den; bizi garen lekuak eragingo ote duen; zarauztarroi lehentasuna emango diguten...».

Antzeko iritzia du Luka Gormanek, baina argi du zer gustatuko litzaiokeen: «Hondartza zazpi zatitan banatzearena ez zait oso ideia ona iruditzen, eta egiten badute gustatuko litzaidake zarauztarroi lehentasuna ematea».

Surfa eta lagunak

Gorman lau lagunekin eserita dago hondartzan, legedi berriak eguzkia hartzen uzten diela eta. Goizean surf egitera sartu da itsasora, «lehen aldiz hamarrak baino geroago»; orain arte kirola egiteko ordutegiak bete behar izan dituzte surflariek ere. Ondoren, «eguraldia aprobetxatzeko», hondartzan elkartu da lagunekin: «Goizean, gainera, ez zegoen jende asko, eta lasai-lasai egon gara». Aitortu du ez dituela legeak oso argi, izaten ari diren aldaketa guztiengatik; «posible da baloiarekin jolastea?», galdetu die lagunei.

Altxatu eta badoaz bostak bazkaltzera, etxera. Egunak aurrera egin ahala hobera egin du eguraldiak, eta geroz eta jende gehiago bildu da hondarretan. Asko dira goizez lan egin eta hondartzara arratsaldean gerturatu direnak ere. Ezohiko uda izango da Zarautzen, hartu beharreko neurriek eztabaida sortu dute, baina ez dirudi horrek eguzkia hartu eta bainatzea eragotziko dienik; ez herritarrei, ezta kanpotik joaten direnei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.