Zaratatik aldenduta, edukien defentsan

'Soilik baietz da baietz' legeak ekarritako «aurrerapenez» mintzatu da Victoria Rosell Bilbon, EHUk arau horren inguruan antolatutako udako ikastaroan. Aurreko legediaren okerrak azaldu ditu, eta biktimen ibilbidea samurtzeko neurriak nabarmendu.

Irantzu Varela eta Victoria Rosell, atzo, Bizkaia aretoan eginiko ikastaroan. JAIXKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Feminista» da soilik baietz da baietz legea, «integrala», baina «harrituta» mintzo da Victoria Rosell, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeria arloko ordezkaria, arauak ekarritako «aurrerapenez» gutxi hitz egin delako: «Halako legeen alde ezagunena beti da zigorren eremua; baina, halere, ez da ia ezer entzun kondenez bestelako neurri penalez». Zarata handia izan baita arauaren inguruan; «polemika asko eta eztabaida gutxi», zehaztu zuen Irantzu Varela kazetariak atzo, Bilbon, EHUren Udako Ikastaroetan. Laugarren urtez, justizia sistema ikuspegi feministatik aztertzeko ikastaroa antolatu du EHUren Zuzenbide Fakultateko lantalde batek, eta Sexu Askatasunaren Berme Integralari Buruzko Espainiako Legeari eskaini diote aurtengoa. Varelak Roselli egindako elkarrizketaren bidez ireki zuten atzo gogoeta gunea, eta gaur ere araua xehatuko dute hainbat adituren laguntzaz.

Sexu erasotzaileen zigor murrizketek eragindako zaratatik urrun, legearen edukiak aztertzea da ikastaroaren helburua, arazoak eta indarguneak identifikatzea. Ikuspegi horretatik hartu du hitza Rosellek, arauaren espiritua defendatzeko: «Lege honen ama gehienak biktimak laguntzeko eremuetatik datoz: bagenekien nolakoa zen prozesua, eta bide horretako harriak kendu nahi genituen».

Epailea da Rosell, eta instrukzio prozesuen talaiatik antzemandako harriak eta konponbideak izan ditu ahotan, legearen aurrerapenez jardutean. Adibidez, sexu erasoen frogak jasotzeko prozeduraz: «Osasun sistemak frogak hartu eta zaindu beharko ditu biktima artatzean, une horretan salaketa jarri zein ez. Jendeak uste zuen hala egiten zela, baina ez; eta osasun langileei hori nola egin azaltzeko, gida bat osatu dugu berriki. Horrela, estatuak mezu bat igortzen die emakumeei: 'Nik sinesten dizut; eta une honetan ezin baduzu erabaki salaketa aurkeztu ala ez, lasai, sendatu zaitez, eta prozesuan ez dira frogak galduko'. Epaitegietan askotan ikusi baitugu andreen ezina, froga biologikoak galduak zirelako».

Zigorrik handienak

Zigor arloan egindako beste aldaketa batzuk ere zerrendatu ditu, hala nola kaleko jazarpena delitu bihurtzea, edota irudiak Internetetik kentzea agindu ahal izatea «behin-behinean, epai baten beharrik gabe». Baina zabaldu nahi duten kondena molde bat nabarmendu du: sexu erasotzaileen inhabilitazioa. «Harrigarria da jendeak ez ikustea zein garrantzitsua den guraso ahala erabiltzeko inhabilitazioa, edo adingabeekin lan egitekoa, baita boluntarioki ere. Lehen, inhabilitazioa hautazkoa zen; orain, derrigorrezkoa».

Aipatu du, halere, legea lantzean Berdintasun Ministerioak «uko egin behar izan» ziola bortxaketa kasuetako gehienezko zigorra txikitzeari: «Hamabost urtekoa da, homizidioagatiko berdina; jurista izan gabe ere, erraz uler daiteke berdin zigortzen dela emakumea bizirik uztea edo hiltzea. Zigor proportzionalagoak nahi genituen, gainera, zigor handienetatik ihes egiteko joera bat dagoelako: Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri dira, baina ez dira ezartzen». Eta sexu erasotzaileen zigor murrizketek hala berretsi diete: «Aurreko legediarekin sekulakoak ikusi ditugu: gertaera oso larriak, gutxieneko zigorrekin. Nagusitasun abusua, senidetasuna eta halako larrigarriak ez ziren aplikatzen. Baina lehen, bortxaketaren gutxieneko zigorra sei urtekoa zenez, eta orain laukoa denez, kondenak txikitzen dituzte beste guztia kontuan hartu gabe?».

Abagune zabal horretatik begiratu dio zigor murrizketen polemikari: lege berriak baztertu nahi zituen harriei erreparatuta. Gogoratu du, dena den, sexu erasoen %8-10 baino ez direla salatzen: «Kalean ez gara gurutzatuko nire erruz libre geratu diren erasotzaileekin, baizik eta zigorgabe dauden %90ekin».

Kondena murrizketek, ordea, harrabots handia sortu dute, eta horrek eragin du legea Espainiako Gorteetara itzultzea, onartu eta zazpi hilabetera. Apirilean, zigor tarteak aldatu zituen PSOEk, PPren babesarekin, eta Berdintasun Ministerioaren oniritzirik gabe, eta indarkeriaren eta larderiaren baldintzak txertatu zituen berriro. Tristuraz jardun da Rosell «porrot» hartaz, eta sozialistei egotzi die ez eutsi izana: «Genero indarkeriaren aurkako legea onartu zenean, 187 epailek uko egin zioten aplikatzeari, eta Auzitegi Konstituzionalera jo zuten, esanez legeak gizonak diskriminatzen zituela. Orduan ere izan zen presioa, baina eutsi egin zioten, eta erantzun penalik gabe zeuden 187 emakumeei baliabide gehiago jarri zizkieten».

Paradigma aldaketa

Apirileko moldaketa, gainera, ez da txikia, Rosellen arabera. Adela Asua EHUko katedradunaren hitzak erabili ditu aldaketa kualitatiboki azaltzeko: «Legearen azpimarra indarkerian eta larderian jartzen denean, eta horien arabera bi eraso mota bereizten direnean —arina eta larria—, frogaren zama biktimaren gainean jartzen da, eskatzen baitzaio bere gorputzaren bidez demostra dezala aurre egin ziola erasotzaileari. Zer gertatzen da andre batek aurreikusten badu erasotzaileak zaurituko duela, eta hori egiaztatu aurretik amore ematen badu?».

Bide horretan, legeak ekarritako paradigma aldaketaren ibilbidea deskribatu du Rosellek: «Soilik baietz da baietz lelora iristeko, ezetza ezetz da ideiatik igaro ginen. Ezetzaz ari garenean, desberdinen arteko eskubideez ari gara: emakumeak txikitatik behartuta gaude ezetz esatera. Eta eskubide bakoitzari betebehar bat badagokio, ezetz esateko betebeharrari zer eskubide dagokio? Maskulinitatearen eskubidea, idatzi gabea baina ondo barneratua, emakumeen gorputzak erabiltzekoa. Baina soilik baietz da baietz esaten dugunean, berdinen arteko harremanez ari gara: batek ez badu nahi, ez dago onespenik, eta bien onespenak berdin balio du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.