1957an abade egin zenetik, Juan Mari Uriarte Goirizelaiak (Fruiz, Bizkaia, 1933) hainbat zeregin bete ditu Eliza katolikoan: besteak beste, Bilboko seminarioko arduradun izan da, Bilboko gotzain laguntzaile, eta Zamorako (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Donostiako gotzain. Urteotan hainbat gaik arduratu dute: batez ere, fedeak, euskal kulturak eta Euskal Herriko bakeak. Hiru arlo horietan egindako lanagatik, Bilboko Elizbarrutiak Carmelo Etxenagusia aitormen saria eman zion urtarrilean. Angel Mari Unzueta Bizkaiko bikario nagusi zena, Josune Ariztondo politikari eta irakaslea, eta Ander Manterola abade etaetnografoa ere omendu zituzten.
Zer garrantzi dauka zuretzat Carmelo Etxenagusia Bilboko gotzain laguntzaile zenaren izena duen aitormena jasotzeak?
Urteetan nire kolaboratzaile leiala izan zen Etxenagusia. Haren omenez asmatutako aitortza da, eta niretzat pozgarria izan da. Jasan ditudan pairamenen ordain bezala hartu dut; bakegintzanjasandakoengatik, batez ere.
Zer pairamen izan dira?
Bakea lortzen laguntzeko egindako lanagatik zaplada itzelak jaso ditut prentsaren eta beste jende askoren aldetik. Askok arerio legez ikusi ninduten. Erromara gutunak bidali zituzten.
Aitortza jaso zenuenean, besteak beste, adiskidetzearen inguruan egin zenuen berba. Esan zenuen hemen alboratuta dagoela. Zer da adiskidetzea?
Adiskidetzea ez da armak alboratzea bakarrik. Ez da lehen arerioak izan zirenak orain lagun min bihurtzea. Egiaren eta zuzentasunaren baldintzak betez guztion onerako diren helburuak elkarrekin bilatu, gorrotoa menderatu eta barkamena gauzatzea da adiskidetzearen muina.
Baina zelan lor daiteke adiskidetzea, oraindik batzuk sufritzen ari badira?
Nire ustez, sufritzea ez da adiskidetzarako eragozpenik handiena. Adiskidetzea sufrimendua arintzeko lagun ona da, dagokion garaian egiten denean. Sufrimendua baino gehiago, beste jazoera etajarrera batzuk dira adiskidetzaren arerio handiagoak, nire ustez.
Zeintzuk?
Lehen sortu den gorrotoak irauten badu, edo politikan kolaborazioa barik elkarren aurkako lehia bat bultzatzen bada, edo komunikabideetatik bakearen eta adiskidetzearen aurkako iritziak zabaltzen badira... Hori dena da sufrimendua baino arriskutsuagoa.
Traba horiek ikusten dituzu?
Bai, noski. Bizi-bizi daude oraindik; batzuen aldetik besteenetik baino gehiago.
Zelan ikusten duzu ETAk jarduna utzi zuenetik gizartean eta politikan egin den ibilbidea? Zer falta da egiteko?
Aurrerapenak egin ditugu, nahiz eta geldoegiak izan, nire ustez. Gure gizarteak pauso handiagoak eman ditu politikariek eta enparauek baino. Hainbat komunikabidek, sua itzali beharrean, piztu egin dute. Alde guztietako biktima guztiak ez dira aintzat hartuak izan. Barkamen eskabideak eta eskaintzak urriak dira.
Zer biktima falta dira, zure ustez, aintzat hartzeko?
ETAk sortutako hainbat biktimafalta dira, baina baita beste biktima asko ere. Hala ere, ez dut biktimen artean konparaziorik egin nahi.
1998an eta 1999an, bitartekari ibili zinen Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean. Zeuk esan zenuen orduan alde batekoen artean malgutasun falta ikusi zenuela, eta beste aldekoen artean maximalismoak eta pazientzia eza. 20 urte luze pasatuta, zelan gogoratzen duzu hura?
Orduan esan nuena egia borobila izan zela iruditzen zait oraindik ere. Zorionez, ordutik malgutu egin da egoera. Ez asko, tamalez. Gordin zegoen garai hartan konponbide batera heltzeko bidea. Nire iritziz, ETAren arduradunak ez ziren oraindik guztiak bakearen aldeko. Espainiako Gobernuaren barruan ere bazeuden elkarrizketaren aurka sutsu jokatzen zutenak. Goizegi zen zuhaitzetik sagar helduak jasotzeko.
Baina pauso bat izango zen gerokoa etortzeko, ezta?
Lehenagotik ere berba eginda zeuden. Jakina, negoziazio bat apurtzen denean, norberak uste du porrot egin dela. Baina gero ikusten da negoziazio bakoitzak beti bere oihartzuna uzten duela, eta negoziazio guztien arteanbakerako bidea ireki zutela.
Zu zelan sentitu zinen?
Esperientzia gutxigaz. Ni, bitartekari baino gehiago, negoziazioa errazten zuena izan nintzen. Nik ez nuen proiektu borobil bat aurkeztu, batzuei eta besteei irentsarazteko. Deskonfiantza mundu hartan, konfiantza apur bat jartzen zuen pertsona izan nintzen; elkarrizketa mozten zenean galdera bat egiten zuena, elkarrizketa berriz pizteko. Batzuei beldurra kentzen ziena; guztiei beldurra kendu, hobeto esanda.
Ez zenekienean zer egin, norengana jotzen zenuen?
Gotzain bat neukan, eta baita neure konfiantzazko beste pertsona bat ere; nik baino esperientzia helduagoa zuten biek. Haiengana jotzen nuen. Baina sarritan ezin duzu, ez duzu aukerarik. Zauden lekuan zaude, eta arazoak sortzen dira konturatu barik; zirt edo zart egin behar duzu. Ez duzu denborarik norbaiti kontsultatzeko.
ETAren biktima batzuek beste aldera begiratu izana egotzi izan dizuete euskal Elizari. Onartzen duzu kritika hori?
Horri lotuta esan eta egin ditudanak agerian daude, hemeroteketan. Iritzi hori mantentzen dutenak, edo ez dute oroimenik, edo aurreiritziek bahiturik daude.
Gatazkaren konponbidea. Juan Mari Uriarte. Donostiako gotzain ohia
«Zaplada itzelak jaso ditut bakea lortzen laguntzeko egindakoagatik»
ETAk jarduna utzi zuenetik pausoak oso geldo eman direla uste du Juan Mari Uriartek, eta, gainera, gizarteak gehiago eman dituela politikariek baino. Adiskidetzearen aldeko aldarria egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu