Zapi gorria sexu erasoen aurka

Indarkeria matxistari lotutako hamasei salaketa jarri dituzte aurtengo sanferminetan, eta, horiekin lotuta, hemezortzi gizon atxilotu dituzte. Aurreko urteetan baino salaketa gehiago dira. Erantzuna irmoa izan da kalean erasoen aurka. Aldaketa bat izan da horretan, eragileek nabarmendu dutenez.

Sexu erasoen aurkako bi elkarretaratze jendetsu egin dituzte sanferminetan Iruñean. Irudian, festetako zapi gorria, erasoen aurkako mezuarekin. JESUS DIGES / EFE.
Maider Galardi - Ion Orzaiz
Iruñea
2016ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
INKESTA

1. Zein da jaien inguruan egiten duzun balantzea? Eraso sexista gehiago salatu dira, baina zergatik?

2. Eraso horien aurkako erantzunak ere tamaina handikoak izan dira aurten. Zer aldatu da Iruñean?

3. Gaiaren inguruan izandako mobilizazio soziala kontuan harturik, zein dira hemendik aurrera planteatzen diren erronkak?

Milioi eta erdi ikusle, hiru milioi inpaktu Twitterren, 1.923 salaketa, 427 artatze ospitaleko larrialdi zerbitzuan, 1,1 tona zabor... Sanferminetako bederatzi egunek ekarritako emaitzak dira; eta kopuru batzuk gorabehera, argi dago aurtengo festak ez direla ohiko parametroetatik gehiegi aldendu. Eta, hala ere, nabaritu da aldea. 2016ko sanferminak aurrekoetatik bereizi dituena, ordea, ezin neur daiteke kopuruak soilik erabilita. Iruñeko alkate Joseba Asironen aburuz, «parte hartzea, herri izaera eta konpromisoa» izan dira aurtengo ezaugarri nagusiak. Sexu erasoei emandako erantzun irmoan islatu da, batez ere, paradigma aldaketa hori.

Aurreko legealdietan, Iruñeko Udaleko ordezkariek zeharka aipatzen zituzten sexu erasoak, halako albisteek hiriaren eta sanferminen «irudi txarra» zabaltzen zutela iritzita. Atzo, jaien balorazioa egiteko agerraldian, ahoan bilorik gabe hitz egin zuen Asiron alkateak indarkeria matxistaren inguruan: sexu erasoak sanferminen «alderik ilunena» islatzen dutela esan zuen, eta «salaketak aurkeztearen garrantzia» azpimarratu, opakutasunarekin bukatzeko.

Hain zuzen, errealitate beltz horri emandako erantzunean, Iruñea «erreferente» bihurtu dela gaineratu zuen alkateak: «Herritarren erantzunari, erakundeek erakutsitako batasunari eta, batez ere, kolektibo feministek urteetan eginiko lan nekaezinari esker, hasiak gara arazoa ikusgai jartzen».

Guztira, hamasei salaketa jarri dituzte aurtengo sanferminetan indarkeria matxistari lotuta: bost salaketa sexu erasoengatik —lau eraso eta eraso saio bat—; eta beste 11, gehiegikeria edo abusuengatik —ukitzeak, batez ere—. Udaltzaingoak eta Foruzaingoak hemezortzi gizonezko atxilotu dituzte.

Atzoko agerraldian, alkateak txalotu egin zuen sexu erasoen biktimek erakutsitako «adorea», baita herritarren sostengua ere. Izan ere, uztailaren 7ko eta 11ko elkarretaratzeetan, milaka pertsona bildu ziren Udaletxeko plazan eta Gazteluko plazan. Sexu erasoen aurkako informazio guneak, berriz, iragarpen guztiak gainditu ditu, 7.475 pertsonari arreta emanda. %118ko hazkundea izan du informazio gunea erabili dutenen kopuruak. Horrez gainera, sexu erasoak identifikatzeko 20.000 gida banatu dituzte, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

CARLOS ALBILLO
Alde Zaharreko Ostalarien Elkartea
«Arazoa erdi ezkutuan zegoen, baina aurten gizarteratzea lortu da»

1. «Agerikoa da sexu abusuak eta sexu erasoak egon direla, baina lehenagotik datorren kontua da. Aurten, herritarrek eta instituzioek abian jarritako sentsibilizazio kanpainak intentsoagoak izan dira, eta, horri esker, kasu gehiago salatu dira. Horrek arazoa gizarteratzea ekarri du, eta herritarren kontzientzia piztea».

2. «Gertaera hauek duten larritasunaz ohartu da Jendea, eta, ondorioz, erantzuna ere ikaragarria izan da. Arazoa orain arte erdi ezkutuan zegoen, baina, aurten, gizarteratzea lortu da. Uste dut Iruñeko biztanleek erantzun eredugarria eman dutela eraso sexisten aurrean».

3. «Sentsibilizazioan gogor egin behar da, arazoa ez baita egun batetik bestera konponduko. Etxean, eskolan eta bestelako sozializazio guneetan landu beharreko afera da. Aurtengo kanpaina eraginkorra izan bada ere, garrantzitsua da urtean zehar ere lanketarekin jarraitzea. Maratoi baten antzera, luzerako lasterketa izango da aldaketarena, jarrera eta portaeretan eragin behar baita».

ERKUDEN ARISTU FERNANDEZ
Gora Iruñea-ko jai batzordea
«Jai eredua aldatu behar da, kalea, gaua eta jaia andreonak ere badirelako»

1. «Erasoak beti gertatu izan dira. Salaketen igoera eta halako erantzun irmoa, aldiz, aurten izan da lehenengoz. Salaketa gehiago egotea lotuta dago gaiaren inguruan dagoen kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoarekin, baita urteetan mugimendu feministak eginiko lanketarekin ere».

2. «Erantzunen neurria sekulakoa izan da aurten. Guztion arazo bilakatu dira eraso sexistak. Mugimendu feministak egindako lanketaren bitartez, gizartera iritsi da mezua. Jendeak kalera ateratzeko beharra sentitu du sexu erasoei erantzun sendoa emateko. Instituzioen babesa eta inplikazioa ere azpimarratzekoa da. Udal gobernua aldatzeak eta herritarrek presioa egin izanak gai horiekiko jarrera aldatzera behartu du instituzioa. Horrela, arazoa ikusaraztea lortu da».

3. «Gizartea sentsibilizatzen jarraitu behar dugu, indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa izan dezan. Ezin gara festetako lanketa soil batera mugatu, eraso sexisten kontua egiturazko arazoa baita, gizarte heteropatriarkal batean bizi garelako. Geure taldeak jai ereduak ere aldatu nahi ditu, kaleak, gauak eta jaiak ere andreonak badirelako».

MAITE ARRAIZA
Farrukas
«Biolentzia matxistaurte osoan, egunero, gertatzen den zerbait da»

1. «Erasoak gertatu, gertatu dira, oso bortitzak gainera. Salaketak ere igo dira, eta hori borroka feministaren ondorioz gertatu da. Hala ere, azpimarratzekoak dira salatu gabe geratu diren erasoak. Beste jai askotan ere gertatzen dira eraso matxistak, baita eremu publiko eta pribatuan ere. Horiek ez dira salatzen; eraso matxistak, gehienetan, ez dira salatzen. Hori argi izan behar dugu».

2. «Batetik, lanketa instituzionala egin da, iaztik baliabideak biderkatuz. Bestetik, emandako erantzuna borroka feministaren ondorioa da. Borrokatu ostean lortu da gizartean kontzientzia piztea. Gaiak behar duen lekua hartu du, oraindik egiteko asko gelditu arren» .

3. «Biolentzia matxista urte osoan, egunero, gertatzen den zerbait da, nahiz eta festetan indarkeria matxista masifikatu egiten den. Erasoak ez dira soilik ukipenak, begirada lizunak, sexu erasoak eta bortxaketak. Biolentzia matxista emakumea ikusezin bihurtua eta zapaldua dagoen sistema da. Ez bagara sistema aldatzen hasten eta ez baditugu bitartekoak hezkuntzan jartzen, gutxi dugu aldatzeko. Horretarako, borondate politikoa behar da. Diskurtsotik eguneroko praktikara pasatu behar gara. Arazoa ez da soilik emakumeona; gizonena da, erasotzaileena. Beharrezkoak dira beste maskulinitate eredu batzuk. Eta emakumeok ere jakin behar dugu erasoei aurre egiteko boterea, zilegitasuna eta indarra badugula».

MAIALEN HUARTE
Euskalerria Irratiko kazetaria
«Erasoen afera gizartearen arazoa dela erakutsi da aurten»

1. «Festak berdintasunean igarotzeko lan handia dago egiteko oraindik. Emakumeok jasan ditugun eraso matxistek jaiak zipriztindu dituzte. Baina emakumeon indarra ere nabarmenduko nuke: eraso sexistak isilean gordetzetik salatzera pasatu garelako. Horrek erakutsi du erasoen afera gizartearen arazoa dela».

2. «Eraso sexistak onartezinak direla aldarrikatu da behin eta berriro. Sanferminetan izaten diren eraso horien aurrean justifikaziorik ez dagoela ozen esan dute erakundeek eta herritarrek. Arazoari aurre egiten hasi zaio. Lanketa prozesu sakona egin dute talde feministek, eta herritarrekin konpartitu eta zabaldu dute. Jendeak kontzientzia hartu du, eta aski dela esan du kaleak hartuz».

3. «Festetan eta egunerokoan parekidetasuna lortu behar da; hau da, emakume izate hutsagatik beldurrik ez sentitzea, bakarrik etxeratzeak zalantzarik ez sortzea, edozein lekutara joatean ausardiaz jokatzea baino gehiago aske izateko eskubidea izatea... Hori lortzeko, errora jo behar dugu; arazoaren sustraia zein den ezagutu, eta erantzun eta irtenbide eraginkorrak bilatu. Lana guztiona da, emakume eta gizonena; gizartearena».

MARIA JESUS GUTIERREZ
Nafarroako Berdintasun Institutua

«Erasoa sutsuki arbuiatzeak eragin ona izan du salaketetan»

1. «Eraso bakar bat egoteak festen balorazio negatiboa dakar. Lehenago erasoak egon bazeuden, baina ez ziren ikusarazten eta salatzen. Oraingoan, herritarrekargiki gaitzetsi dituzte erasoak. Hori mugimendu feministaren urte luzeetako lanaren ondorioa da. Lehen eguneko erasoa ikaragarria izateak ere gizartean sekulako eragina izan zuen. Hala ere, Iruñeko biztanleriak erantzun bikaina eman die erasoei, maila ezberdinetan sailkatu gabe, denak baitira serioski hartu beharreko eraso matxistak».

2. «Aurten, gizartearen erantzuna askoz ere irmoagoa izan da, eta instituzioek eragile ezberdinekin egindako sentsibilizazio kanpainak zerikusi handia izan du horretan. Iruindarrek indarkeria matxistarekiko tolerantziarik ez dutela agerian gelditu da».

3. «Sentsibilizazio eta kontzientziazio sozialean lanean jarraitu behar dugu. Ikusi ahal izan dugu erasoa sutsuki arbuiatzeak salaketei dagokienez eragin ona izan duela. Instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa da, eta hezkuntzan gaiari behar besteko garrantzia ematea ere bai. Bestalde, mugimendu feministak arazoa gizarteratzen egindako lana goraipatu behar dugu».

LOLA RODRIGUEZ
Andrea elkartea
«Aurten erasoen aurka egindako mobilizazioak historikoak izan dira»

1. «Eraso kopuruen desberdintasuna ez da oso adierazgarria, baina eraso gehiago salatu dira aurten. Lehen egunean izandako bortxaketa kolektiboak jendea haserrarazi zuen, eta, ondorioz, gizartea gaiarekiko sentsibilizatu da, eta kasu gehiago salatu dira. Mugimendu feministak urteetan egindako lanketaren emaitza ere bada. Urte luzeetako jardunaren fruituak ikusteaz pozik gaude».

2. «Aurten, erasoen aurkaegindako mobilizazioak historikoak izan dira. Horrek gizartean oihartzuna izan du, eta eraso sexisten aurka borrokatu behar garelakokontzientzia sortu da. Beste hiri eta herrietara zabaldu beharreko kontzientzia da hori. Udalak hartu dituen neurriak ere beste udalek landu beharko lituzkete».

3. «Garrantzitsua da instituzio guztiekin lan egitea; baita lana ere. Hezkuntzan jarri behar da fokua. Erasoez defendatuko diren emakumeak hezi ordez, bortxatuko ez duten gizonak hezi behar ditugu. Beharrezkoa litzateke eskolan parekidetasunaren inguruko ikasgai bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.