Zapatero: «Vox sukar faltsua da; PPren eskuindartzea da benetako arriskua»

Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapatero PSE-EEren aldeko botoa eskatzen aritu da Donostian, eta nabarmendu du arrisku handia direla PPren «politika harpetarrak eta erreakzionarioak».

Jose Luis Rodriguez Zapatero Donostian, gaur. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
2023ko uztailaren 17a
16:27
Entzun

PP-Vox bikotearen «benetako arriskuaz» ohartarazi du Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Donostian: Vox «sukar faltsua» dela azaldu du, «eskuinaren eranskin bat», eta «PPren eskuindartzea» dela arriskurik handiena. Rodriguez Zapaterok esan du «harro» dagoela PSOEko militante izateaz, eta nabarmendu du «elkarbizitzarako eta pluralismorako» garrantzitsua dela uztailaren 23ko bozetan sozialisten aldeko botoa ematea, ez daitezen politika «harpetarrak eta erreakzionarioak» egin.

Goiza Donostian eta arratsaldea Iruñean emango du 2004tik 2011ra Espainiako gobernua zuzendu zuen politikariak. Pedro Sanchezen aldeko kanpainan buru-belarri sartu da Rodriguez Zapatero azken asteetan. Espainiako hedabiderik handienetan egon da, inoiz baino gogorrago hitz eginez PPren eta Voxen aurka, inoiz baino argiago azalduz alderdi horiek nola baliatzen dituzten ETAren biktimak botoak ateratzeko. Ezin jakin Sanchezek hala eskatuta ari den ala ez, baina Zapatero aho bilorik gabe ari da egunotan «PPren gezurrak» azaleratzen, datu ugari gogoraraziz.

«Gezurra, azpijokoa, faltsukeria eta biktimen samina ere baliatu dituztenek ez dute proiekturik herrialdearentzat. Besteei gezurra esatea leporatzen dieten horiek dira egia gutxien esaten dutenak. Baina egiaren indarraren aurrean ezin da gezurra gailendu». Espainiako presidente ohia dena emanda doa PPren aurka eta PSOEren emaitzak hobetzeko ahaleginean.

PSOE da «zentro-ezkerreko botoak metatzen» dituen alderdia, haren arabera. Sanchezek gidatzen duen alderdiak 144 urteko ibilbidea duela gogoratu du, eta «konpromisorako gaitasuna» erakutsi duela beti. PSOEren konpromisoa, orain, Espainian eskuin muturreko gobernu bat ez egotea ei da: «Pentsioak eta gutxieneko soldatak igotzen jarraituko duen herrialde bat nahi dugu».

Rodriguez Zapaterok alboan izan du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, eta hark eskertu egin dio presidente ohiari «askatasunen aldeko defentsan eta ETAren aurkako borrokan» egindako ekarpena. «Gezurra esatea erraza da, baina zikinkeria hutsa. Espainiako politikan sartu da gezurra, presidente izan nahi duen hautagai baten eskutik», esan du Anduezak, Alberto Nuñez Feijoo PPren Espainiako presidentegairi erreparatuz. «Gezurra esaten ematen du denbora guztia, eta horrek ez dio eskubiderik ematen presidente izateko: [Feijoo] bera gezur hutsa da, gezur mamitua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.