Hogei urte dira aurten Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izendatu zutenik. Madrilgo atentatuen osteko hauteskundeak irabazi zituen PSOEk, Jose Maria Aznarren PPri gailenduta, eta, horri esker, Moncloara iritsi zen Zapatero. Bada, haren agintaldiaz eta gaur egungo giro politikoaz hitz egiteko, elkarrizketa eskaini dio Jordi Evole kazetariari, La Sexta telebista katean, eta, besteak beste, ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaiera izan du hizpide. Erabaki horretan besteak beste Arnaldo Otegik eta Josu Urrutikoetxeak egindako ekarpena nabarmendu du Espainiako presidente ohiak: «ETAren amaieran lan handia egin zuten gaur egun EH Bildun dauden batzuek».
ETA bere agintaldian amaitu zela aldarrikatu du beste behin, iazko udal eta foru hauteskundeetan esan zuena errepikatuta. «Esaldi horretan garrantzitsuena da betiko izan zela. Ziur naiz betiko izango dela; hala hitzeman zidan ETAren buruzagitzak», azpimarratu du, eta nabarmendu «politikari» eta «elkarrizketari» esker lortu zela hori. Nazioarteko bitartekarien lana goraipatu du Zapaterok, hain zuzen ere.
El final de ETA. Luz y taquígrafos. #LoDeZapateropic.twitter.com/47x6t8x06d
— Lo de Évole (@LoDeEvole) March 10, 2024
Baina baita Arnaldo Otegik eta gaur egun EH Bilduko kide diren «beste batzuek» egindako ekarpena ere. «Ia konplizitatez lan egin zuten [Espainiako] gobernuarekin eta bitartekariekin. Eta IRArekin, eta Sinn Feinekin, Tony Blairrekin, Jonathan Powellekin...», esan du. «Konbentzitzeko lana izan zen dena».
Evolek Urrutikoetxeaz ere galdetu dio elkarrizketan, eta Zapaterok azpimarratu du ETAren amaieraren alde lan egin zuela. «Nik dakidanaren arabera, behintzat, bai. Ez daukat zalantzarik», esan du. «Zer axola dit niri egia hori aitortzeak?», itaundu du Espainiako presidente ohiak. «Egia esan behar denean, egia esan behar da».