Zaparrada handi batek dozenaka etxaberi kalte egin die Lazkaon

Maulen ere «ohikoa ez den indarrarekin» egin du euria, eta hainbat etxetara sartu da ura.

lazkao
Lazkaoko kale bat, ur azpian, Whatsappen zabalduriko irudi batean.
Edu Lartzanguren.
2024ko maiatzaren 19a
20:16
Entzun

Abisua emanda zegoen, baina inork ez zuen horrenbestekorik espero Lazkaon (Gipuzkoa).

Zaparrada handia erori da bazkalostean, eta, minutu gutxian, herriko erdiguneko hainbat kale aintzira bihurtu ditu, eta dozenaka etxabetan sartu da ura.

Euskalmetek abisu horia ezarri du, gaur 15:00etatik aurrera zaparrada mardulak espero zituztelako, batez ere barnealdean. Lazkaon eta inguruan bota duena bereziki gogorra izan da. Herritarrek sare sozialetan bananduriko bideoetan ikusten denez, ur oldar handiak jaitsi dira inguruko mendietatik.

WhatsApp Video 2024 05 19 at 18.46.25

Lazkao haran baten hondoan dagoenez, mendietako ur horiek erdialdeko hainbat ibilbide ur azpian utzi dituzte, tartean Lazkao Txiki, Iturralde eta Areso kaleak.

 

Herriko agintariak eta herritarrak kalera atera dira ekaitzaren ostean, kalteak ikusteko, eta ura ateratzeko etxabe eta garajeetatik.

Kepa Zubiarrain alkateak esan du kalte handiak eragin dituela zaparradak. Inork ez du minik hartu, dena den, agintariak azaldu duenez.

WhatsApp Video 2024 05 19 at 18.46.27

Zuberoan ere, arazoak

Lazkaon baino ordubete geroago, ekaitz handia lehertu da Maulen (Zuberoa), eta han ere kalteak eragin ditu. «Ohikoa ez den indarrarekin» egin duela esan dio Louis Labadot alkateak Sud Ouest egunkariari. Azaldu duenez, ur zirripak ez dira gauza izan mendietatik jaitsi den ur guztiak bideratzeko, eta gainezka egin du leku askotan.

Mauleko industrialdean paiaratu dituzte kalterik handienak. Hainbat etxetan sartu da ura, eta garbilekuaren inguruko errepide bat ur azpian geratu da.

Herritarrek garbitzeari ekin diote.

Inork ez du minik hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.