Orreaga iritzi taldeak «Euskal Herriak askatasuna berreskuratzeko prozesuan» laguntzea du helburu, eta, azken bolada honetan, hainbat hitzaldi antolatu ditu Euskal Herriko zenbait lekutan, independentziaren aldeko estrategien inguruko eztabaida pizteko. Horietako bat izan zen atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean Orreagako kide Asier Ipiñazarrek (Bedia, Bizkaia, 1979) eskaini zuena.
Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea jorratu dituzu zure hitzaldian. Zelako desberdintasunak daude bi kontzeptu horien artean?
Nik neure buruari egiten dizkiodan galderen emaitza da hitzaldia. Gure Esku Dago dinamika sortu zenean, eta lehenago ere, Gazta zati bat dokumentala agertu zenean, zalantzak sortzen zitzaizkidan, ikusten nuelako independentzia eta askatasuna hitzak desagertzen ari zirela eta kontzeptu arraro bat agertzen ari zela: erabakitzeko eskubidea. Hasi nintzen aztertzen zelan ulertzen zuten autodeterminazio eskubidea munduko beste zenbait lekutan, eta hori erabakitzeko eskubidearekin alderatzen.
Zein izan zen alderaketa horren emaitza?
Alderaketa leku askotatik egin daiteke, baina nik batez ere zortzi arlo jorratzen ditut: oinarriak, arriskuak, subjektu politikoa eta abar. Nik galderak planteatzen dizkiot entzuleari, azkenean entzuleak berak bere ondorioak atera ditzan. Uste dut kontzeptu guztiz kontrajarriak direla.
Zergatik?
Erabakitzeko eskubidearekin, esaten digute independentzia aukera bat izan daitekeela, eta zapalkuntza ere beste aukera bat izan daitekeela; bozkatu behar dugula, ez dago argi nork, eta, bozketa horren ondorioz, emaitza bada askatasuna nahi dugula, aske izan beharko genukeela, eta bestela ez. Nire ustez, zapalkuntza egoeran bagaude, ez dago demokraziarik; beraz, ezin dugu ezer bozkatu, eta are gutxiago zapaltzen gaituztenekin.
Zeinek izan beharko luke prozesu horren subjektu politikoa, zuen ustez?
Herriak. Nik uste dut Gure Esku Dago dinamikan kontzeptuak ez daudela argi, eta, horregatik, jendea nahastu egiten da. Demos-a errolda batekin nahasten da. Eskozian, bide horretatik joan dira, eta, azkenean, argi gelditu da hauteskundeak irabazleak antolatzen dituela. Hauteskundeetara aurkezten zaren momentuan, manipulatutako edo gutxienez kontrolatutako erroldarekin egiten duzu topo. Zapaltzaileak beti kontrolatuko du nork bozka dezakeen, zer bozka daitekeen eta zer ez, eguna, galdera eta abar.
Subjektu politikoa herriak izan behar duela diozunean, zeri buruz ari zara?
Askotan galdetzen didate zein den euskal herritarra: nire ustez, euskal herritarra da herri honen kontzientzia daukana, zapalkuntzaren kontra dagoena eta askatasunaren alde dagoena. Askatasunaren kontra daudenak ez dira euskal herritarrak.
Kezkatzen zaituzte nazioartearen onarpenaren arazoak? Izan ere, badirudi nazioarteak gaur-gaurkoz arazoak dituela alde bakarretik bultzatutako independentzia prozesuak onartzeko, eta adostuak lehenesten dituela.
Ez nago ados esaten duzunarekin. Nazioarteak onartuko zaitu zu subjektu politiko zaren momentuan. Munduan ez da egon herri bakar bat ere bozkatuz independentzia lortu duenik. Aldiz, askotan, bozketak egon dira, baina independentziari zilegitasun demokratikoa emateko. Munduan, politikak horrela funtzionatzen du: gauzak lortu egiten dira, eta, gero, idatzi edo bozkatu egiten dira. Zure etsai politikoaren maila berdinean jarri behar duzu, eta badakit hori oso zaila dela, baina, hori lortzen duzun momentutik, nazioarteak onartuko zaitu.
Zelan ikusten dituzu alderdi politiko independentisten estrategiak?
Nik uste dut ez dutela estrategiarik. Oraindik ez dugu ikasi politikak nola funtzionatzen duen munduan, politikaren esentzia zein den. Eta hor gabiltza, buru barik.
Eta gizarte mugimenduak?
Nik uste dut Gure Esku Dago gure artean daukagun estrategia eta lidergo faltaren adibiderik bikainena dela. Herria, askatasun grina duen neurrian, edozein gauzari atxikitzen zaio. Herria badago, indarra dauka, eta askatasuna nahi du, baina ez dugu lidergo bat indar hori estrategikoki askatasun prozesu batean jartzeko.
Asier Ipiñazar. Orreaga taldea
«Zapaltzaileak beti kontrolatuko du nork bozka dezakeen eta zer»
Orreaga taldeko kidearen iritziz, «akats bat» da independentzia lortzeko estrategia erabakitzeko eskubidearen pentzuan jartzea; dioenez, «zapalkuntzan ez dago demokraziarik, eta ezin da ezer bozkatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu