Naroa Anabitarte. Orreagako kidea

«Zapalduak egongo ez bagina bezala funtzionatzen dugu»

Orreagak politikari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Donostian. Azken saioa dute gaur, eta Naroa Anabitartek emango du hitzaldia. «Nazio zapalkuntza egoeran» estatuaren beharraz ohartarazi du.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Naroa Anabitarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1979) Neurozientzietan doktore da, eta Antropologiako lizentziaduna. Bi jakintza horiek uztartuz ikertu du herrien zapalkuntzak burmuinean duen eragina. Menderatuen psikologia izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo, Orreagak Donostian antolatu dituen jardunaldietan; Gure erakundeak izenburupean arituko da gaur. Orreagako kide ere bada, eta jardunaldien nondik norakoak azaldu dizkio BERRIAri. Asteartean hasi ziren, eta gaur izango da azken saioa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean (18:30).

Zein da jardunaldien helburua?

Kezka da abiapuntua. Herri honetan hutsune nabarmena dugu politika lantzeko orduan. Gure esparrua herri zapaldu batena bada ere, egoera politikoari buruzko analisiak egiterakoan, ez da kontuan hartzen egoera horren eragina. Zapalduak egongo ez bagina bezala funtzionatzen dugu.

Politikako kontzeptu asko nola gizarteratzen diren eta kalean nola erabiltzen diren, gure kalterako da. Kontzeptuen nahasmena ere gure egoeraren ondorio da. Horri aurre egiteko lehen pausoa gogoeta egitea da.

Politikaren oinarrizko kontzeptuei buruzko solasaldiak izan ziren jardunaldien lehen egunean.

Asteartean oinarrizko kontzeptu politiko batzuk landu genituen. Jendeak oro har eta politikan jarduten dutenek ere hainbat kontzeptu erabiltzen dituzte gure herri zapalkuntza kontuan hartu gabe. Demokrazia edo bakea hitzak, adibidez. Politikaren oinarri-oinarrian dauden ideiak landu ditugu, edozein gizartetan ulertu beharko liratekeen kontzeptuak.

Zein erabilera oker egiten da?

Adibidez, gaurko egunean bada joera bat, arazo nazionala eta arazo sozialak bereiztekoa. Diskurtsoetan entzuten da: «Gizarte gaietan adostasunak ditugu, baina arlo nazionalean, ez». Herri baten identitatearen barruan daude gizarte arazoak, txertatuta daude. Gauza bera gertatzen da ekonomiarekin eta identitatearekin ere. Identitate nazionala etiketa soil bat balitz bezala aipatzen da, eta guk pentsatzen dugu gai estrukturala dela, gainontzeko guztiarekin erabat lotuta dagoela.

Orreagak azpimarratu du nazio guztientzat dela garrantzitsua erreminta politikoak erabiltzen jakitea, baina zapaldutako nazioentzat hil edo bizikoa dela.

Nazio zapalkuntza aipatu, eta ematen du identitatea bigarren mailako arazoa dela, baina zapalkuntza nazionalaren azken helburua herri horren desagerpena da. Beraz, zapalduta dagoen nazioak bi aukera ditu: lehenbailehen independentzia berreskuratu eta bere joko arauak ezartzea, edo zeharo asimilatu eta hiltzea. Ez dago orekarik nazio zapaltzaile eta zapalduaren artean. Horrelako egoerak beti izaten dira trantsiziozko egoerak, batak edo besteak irabazi arte. Ondorioz, herri zapaldu batek ondo jakin behar du nazioarteko politikak nola funtzionatzen duen eta bere kartak ongi nola jokatu.

Bi hitzaldi emango dituzu: Menderatuen psikologia izenekoan mintzatu zinen lehenengo, eta Gure erakundeak izenburupean solastatuko zara ondoren.

Menderatuen psikologian esandakoa zeharo lotuta dago orain arte komentatu dugunarekin. Menpeko egoeretan, azpiratuak zapaltzailearen begirada barneratzen du, eta gu ez gara salbuespena. Egoera horri buelta emateko lehen pausoa zapalkuntzaz ohartzea da.

Biharko [gaurko] hitzaldian, berriz, instituzioei buruz ariko gara. Instituzioak dira gizarteen jokabideak erregulatzen dituztenak. Herri honetan, erakunde hitzaren azpian sartzen dira egiaz instituzio ez direnak, eta are gutxiago gureak. Gabezia bat nabarmenduko dugu: gure instituzio propioena. Gizarte jokabideak gure nortasunetik erregulatuko dituzten instituzioak izatearen garrantziaz ariko gara.

Estatuaren berreskuratzea izango duzue saio horretan gai nagusi. Zein beste hitzaldi izango dira?

Gure erakundeak solasaldiaren ostean, estatu propioa martxan jartzeko beharrari begira jarriko gara. Aurretik, ekonomia eta estatu egitura lotzen dituen hitzaldia emango du Mikel Erauskinek. Amaieran, hiru egunetan jorratu ditugunak marrazkitan laburbilduko ditu Asisko Urmeneta marrazkilariak.

Euskal Herriak bere estatua berreskuratzeko beharraz ohartarazi duzue. Zein analisi egiten duzue egoera politikoaz?

Instituzionalizazio propio batek ekarri beharko luke gure herriaren egituraketa politikoa, gure identitatean eta nortasunean oinarrituta. Herria bat da, eta ez dira hiru zati. Instituzionalizazioak esan nahi du gure arauak ezartzea, gure balioen eta interesen arabera. Erakunde deitzen zaien horiek, azkenean, beste instituzio nazional batzuen errailean txertatuta dauden egiturak dira. Estrategia nazionalak derrigorrean joan behar du hortik aparte .

Norbaitek erabaki dezake, kontraesanaz jakitun, egitura horien barruan lana egitea beste bidea elikatzeko. Baina, egun ez bezala, ez ditugu gure indar guztiak erakunde horietan jarri behar.

Zein erronka ditu Orreagak?

Lan ideologiko handia egin beharra dago, eta horretan ari gara. Bestalde, estrategia nazional bat martxan jartzeko indar handia dagoela ikusten dugu, baina ikusi beharko dugu indarrak metatzeko gai garen, gure helburu berberak dituzten talde eta norbanakoekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.