Zamoraren auziko gastuei aurre egiteko, laguntza eskatu du Kontuz-ek

Zoido ministroak ez du hitzemandakoa bete, elkarteko eledunak azaldu duenez. Lau prozedura ditu zabalik administrazioarekiko epaitegietan

Patxi Zamora, eskuinean, Kontuz-eko Mirentxu Iribarrenekin atzo Iruñean eginiko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ez dute etsiko. Sei hilabete iragan dira Patxi Zamorari, Nafarroako hainbat ustelkeria kasu argitara atera dituen Kontuz elkarteko eledunari, bat-batean eta inongo arrazoirik eman gabe, Iberia enpresako hegazkin zerbitzari izateko beharrezkoa zuten txartela kendu ziotenetik. Geroztik, administrazioan egin beharreko bide guztiak agortu dituzte: «Inork ez du erantzun; nonbait, inork ez daki ezer. Argi dago inork ez duela erantzukizunik hartu nahi», azaldu du Zamorak,prentsaurreko batean.

Kontuz-eko eledunaren arabera, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne Ministerioak onartu egin dio berak ez duela zigor aurrekaririk, eta hegazkinetan sartzeko baimena kentzea argudiatzea zegokiola Guardia Zibilari. Hala ere, halakorik ez dela gertatu nabarmendu du Zamorak.

Otsailaren 19an, Elkarrekin Podemoseko Iñaki Bernalek Espainiako Senatuan egindako galdera baten ostean, biltzeko eskatu zion Zoidok Zamorari —osoko bilkura bertatik bertara ikusten ari zen Kontuz-ekoa—. «Ez dakigu zergatik proposatu zidan elkartzea», aipatu du. Hamar minutuz egon ziren, eta Zoidok bere konpromisoa eman zion egoera aztertuko zuela. Iragan ostiralean, ministerioko kabineteburuak erantzun zion, eta erakutsi zuen gaia ondo ezagutzen zuela, Zamoraren arabera: «Auzia ministroaren mahai gainean dago, oso ongi zainduta. Horrela azaldu zion auzia Nafarroako Gobernuaren ordezkari bati, eta aitzakia gisa azaldu zion ezin zutela ezer egin, gaia auzitegietan dagoelako».

Zamorak azpimarratu du auzitegietara bideratu dutela kasua Kontuz elkartea indargabetu nahi dutelako. «Baina ez gaituzte ezagutzen», ihardetsi du.

Madrilen, lan arloko auzi bat dago, eta urrirako espero da ebazpena, nahiz eta atzeratu daitekeen. Bestalde, Nafarroako Administrazioarekiko auzien epaitegian salaketa jarri dute Barne Ministerioaren aurka, eta beste bat Guardia Zibilaren zein AENAren aurka, bi kasuetan erabakia ez justifikatzeagatik. «Urtebete atzeratu daiteke, baina behin-behinean, txartela itzul diezadatela eskatu dut, eta, Guardia Zibilak nire aurka zerbait badu, argudiatu dezala».

Nafarroako Parlamentuan,laukoak babesa adierazi dio Zamorari, eta adierazpen instituzional bat sinatu. Hala ere, UPNk, PSNk eta PPk kontrako jarrera adierazi dute, eta aipatu dute «kaleratze bat besterik ez» dela Zamorarena. Hark erantzun die kaleratze bat besterik ez izateko arraroa dela auzia Zoidoren mahai gainean izatea. «Esparzak, Txibitek edo Beltranek zer pentsatuko lukete politika utziko balute —nahiz eta hori gertatzea zail den— eta Guardia Zibilak lanpostutik kenduko balitu alderdiko kide izateagatik?», galdetu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.