Zallan egindako bi asto lasterketa salatu ditu Haiekin-ek, tratu txarrengatik

Haiekin elkarteak salatu du egindako bi lasterketak ez direla legalak. Kexu azaldu da ere horietan haurrek parte hartu zutelako.

Zallako asto lasterketetako bat. HAIEKIN
Zallako asto lasterketetako bat. HAIEKIN
2024ko abuztuaren 24a
15:10
Entzun

Haiekin elkarteak salatu du Zallan (Bizkaia) «legez kanpoko asto lasterketak» egin dituztela. Gainera, elkarteak adierazi du udalerri hartako Sollano auzoan egindako lasterketetan «tratu txarrak» eman dizkietela animaliei. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan salaketa bana aurkeztu dute.

Haiekin elkarteak asto lasterketen argazkiak eta bideoak jarri ditu ikusgai sare sozialetan, jazotakoa salatzeko: «Animalien babeserako euskal legea indarrean sartu zenetik, asto lasterketak ez dira legezkoak, eta Zallan, egiteaz gain, animaliei tratu txarrak eman zaizkie». Zehazki, legearen arabera, debekatuta dago animaliekin ikuskizunak egitea, «baldin eta beren garapen-araudirik ez badute». Eta, elkartearen arabera, halako lasterketek ez dute.

Era berean, elkarteak salatu du kontuan hartu behar direla halako ikuskizunen ondorioak. Izan ere, adierazi dute astoek normalean ez dutela korrika egiten: «Asko jota, trostan ibiltzen dira, baina ez lauhazka. Beraz, orokorrean, asto lasterketa deiturikoetan euren gaitasun fisikoa behartzen da, animalia horien etologiarekin bat egiten ez duten ekintzak behartuz».

Elkarteak salatu du lasterketetako batean astoak jo egin zituztela, lasterrago mugitzeko. Bestean, berriz, «kolpeka, bultzaka eta oihuka» mugiarazi zituzten, atzeraka ibiltzera behartuz. «Ekintza horrek lesioak eragin diezazkieke animaliei, eta beldurgarria da haitzulotar talde batek astindua sentitzea», gehitu dute.

Kexu azaldu dira ere halako ekintzetan haurrek parte hartu zutelako, non «dibertsioaren» muina den «izaki babesgabe eta zintzoak jo eta menperatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.