Zallako Udalak Cespa salatu du, ura kutsatzeagatik

Udalak uste du enpresak kudeatzen duen zabortegiko lixibiatuak errekara isuri dituztela.Uraren Agentziaren aurrean jarri dute salaketa

La Jarilla errekara lixibiatuak isuri ditu zabortegiak, udalaren arabera. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zallako Udalak Cespa enpresaren kontrako salaketa aurkeztu du Uraren Agentzian. Las Lagunasko hondakindegia kudeatzen du aipatutako enpresak, Zallan (Bizkaia), eta udalak susmoa du hondakindegi horretako lixibiatuak La Jarilla errekara isurtzen dituztela.

Hainbat txosten eta neurketa aurkeztu ditu Zallako Udalak susmoa oinarritzeko. 2013ko uztailaren 22an egindako azterketa baten arabera, erreka horretako uraren %8 inguru lixibiatuak ziren, eta bestelako gai kutsatzaileak ere aurkitu zituzten; horien artean, metal astunak.

Cesparen jarduera ikertu, dagozkion zigorrak ezarri eta isuriak eteteko neurriak hartzeko eskatu dio Zallako Udalak Uraren Agentziari. «Gure baratzeak ureztatu eta gure aziendak asetzen dituen erreka horrela egotea ezin onartuzkoa da», adierazi du Javier Portillo Zallako alkateak.

Zabortegia, gatazka iturri

Lehenago ere, Las Lagunasko hondakindegia eta hura kudeatzen duen Cespa enpresaren jarduera gatazka iturri izan dira. Zallako Udalak behin baino gehiagotan eskatu du zabortegia ixteko; azkenengo aldiz, joan den apirilean, Eusko Jaurlaritzak zabortegiari emandako baimenari helegitea jarri ziotenean.

Maiatzean, berriz, udalak Cespa salatu zuen ostera ere, eta Zabalgarbi errauste plantako zepak hondakindegi horretara jaurtitzen ari zirela ohartarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.