Pastor
Darwin eta gu

Zalditxo maketoaren kanta

2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Euskalduna: kaikuduna, abarkaduna. Eta maketoa? Paleto, cateto…? Maketoa joana zela zirudien, baina hementxe dugu berriz, inoiz joan bazen. David Perez Sañudok gai hori azaleratu du Azken erromantikoak bere azken filmari buruzko solasaldian. Euskal Herriko errealitate linguistikoari buruz ere mintzatu da zuzendaria: «Gure errealitatea elebiduna da». Bai ote? Ea, ba: euskal gizartea, gure errealitatea, ez da elebiduna. Hegoaldean espainiera da nagusi, hiztunez eta legez; Iparraldean, frantsesa. Ez gara gizarte elebidunean bizi, gizarte diglosikoan baizik. Argi ez badugu…

Ez dago gizarte elebidunik, bi hizkuntza erabateko berdintasunean bizi direnik. Gizabanakoak elebidunak izan daitezke; gizartea, ez. Euskal gizarte osoan zati txiki bat baino ez da bilinguea, euskarari eta espainierari edo frantsesari dagokienez. Eta gero etxeko hizkuntza beste mintzaira bat duten milaka herritar daude, horiek ere elebidunak, baina erdara dute makulu, ez euskara. Erdarak gobernatzen gaitu. Onean zein txarrean.

«Maketoa erreibindikatzea oso ideia boteretsua iruditzen zait, konplexuak kentzeko edo identitate hertsiegietatik ihes egiteko», esan du Perez Sañudok. Identitate hertsiegiak? Gure herrian norbaitek identitate hertsi edo itxiegiak aipatzen dituenean, ezetz asmatu nori buruz ari den? Bingo!

Gurea baino ez da identitate itxia. Ez dugu ezer hartzen beste kulturetatik. Dena txistua, danbolina eta bertsoak. Txapela bekainetaraino. Maketoa erreibindikatzen baduzu, irekia zara. Zabala. Euskalduna goresten baduzu, estua. Mundua hain erraza balitz! Gasteizko festak aurten: kuadrillak Dato kalean gora eta behera. Kazetariak etxe erregionalen lana eta presentzia goretsi ditu kameraren aurrean: «Odol andaluziarra»; «odol aragoiarra»; «hona etorritakoak, haien seme-alabak eta haien bilobak…». Oraindik ere odolaren koplarekin? Ez dugu esan, ba, odola gorria dugula denok? Zer esango lukete ustezko maketo horiek Boiseko euskal jaietan «euskal odola» goratzen hasiko balira?

«Zeinen inklusiboak diren. Ez dut unibertsaltasun faltsuan sinesten. Are gutxiago mesetako alegiazko kosmopolitismoan»

Identitate itxiak? Musika hartu: euskaldun artaburuok Camaron, Rosalia, Bad Bunny, El Alfa, Fariana eta Quevedo ezagutzen ditugu —flamenkoak lortu ez zuena lortu du reggaetonak hemen—. Kultura maketoa ardatz dutenetako zenbatek ezagutzen dituzte Mikel Laboa, Anari, Huntza, Eire edo Bengo? Gatibu zer arraio ote den jakingo zuten EITBk Alex Sarduiren adierazpenen berri eman ez balu erdarazko atalean eta handik ordubetera Vocento taldeak berria argitaratu ez balu?

Nor da itxia? Nor bizi da besteari bizkarra emanda? Eta nor dago bene-benetan diskriminaturik? Euskaldunon eskubideak nola urratzen dituen gogorarazi dio Europako Kontseiluak Espainiari. Epaiketak euskaraz? Baita zera ere! Eta osasungintza? Alberto Martinezek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ezin argiago azaldu du elkarrizketa batean: «Inoiz ez dugu mediku bat kontratatu barik utzi euskaraz ez zekielako. Bat ere ez. Areago: eskualde euskaldunenetako adibideak jar genitzake, non euskaraz ez dakiten medikuak baitaude». Alegia: inoiz ez dute mediku bat bera lanik gabe utzi euskaraz ez jakiteagatik, baina sendagile euskalduna baztertuko dute —lapurtarra, esaterako— espainieraz bikain ez badaki, horrek herri euskaldunenetara bidaltzeko aukera eskaini arren. Non da Perez Sañudok aipatzen duen gizarte elebiduna?

Eta zer esan Espainiako errealitateari buruz? Ikusi Imanol Alguacilek kanpoan euskal kazetariei euskaraz erantzuteagatik nola erreakzionatzen duten hango berriemaileek. Zer da Espainia plurala? Ekaitz bati Aitor deitu eta kito? Zeinen inklusiboak diren. Ez dut unibertsaltasun faltsuan sinesten. Are gutxiago mesetako alegiazko kosmopolitismoan.

Kolonbiarra dugu Fariana. Zaldi bat nahi du, gau eta egun zamalkatzeko. «Un caballito pa' montarlo cuando quiero». Eta ustezko zaldia pozik, bero-bero eginda: «Tu caballito, tu caballito. Tu caballito pa' que me monte cuando quiera». Antiojoak jantzi, eklipsea iritsi da eta.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.