Azkoitiko lurretan (Gipuzkoa), Azkarateko gainean, hondakin ez-arriskutsuen planta bat eraikitzen hasia zen Larke 360 enpresa. «Balorizazio planta bat», EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ingurumen baimenak jasotzen duenez —Eusko Jaurlaritzaren baimena da, martxoaren 11koa—. Azkarate Garbi Auzotarrak plataformako kide Patxi Gorosabelen esanetan, duela sei hilabete «gutxienez», ikusten hasi ziren GI-2634 errepidearen alboko eremu bat ixten ari zirela. Baina, haren arabera, auzotarrek ez zekiten zertarako. «Arrastorik ere ez genuen». Udaleko oposizioko taldeek eta herritar gehienek ere ez, harik eta apirilaren 7an baimen hori aldizkari ofizialean kaleratu zen arte. Gertatutakoak hautsak harrotu ditu herrian. Izan ere, Jaurlaritzaren agirian aipatzen denez, instalazioaren lehen fasea eraikitakoan hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gune bat izango du —agiriak ez du zehazten obra noiz den hastekoa—. Auzotarren plataformak Larke 360ren proiektua eskuratu du. «Aipatzen du lehen fasean jarduera potentzialki kutsagarria izango dela. Aipatzen ditu erabiliko diren material arriskutsuak: zinka, beruna, kobrea, eztainua...». Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian gertatutako luizi handia gogoan, proiektuak kezka eragin du Azkoitian.
Egun etenda dago egitasmoa. Hala erabaki zuen Javier Zubizarreta alkateak (EAJ) apirilaren 24an. «Desadostasunak baldin badaude, proiektuak ez du aurrera egingo. Eta kontziente naiz desadostasunak handiak direla», adierazi zuen Euskadi Irratian, bost egun geroago. BERRIA harekin hitz egiten ahalegindu da, baina erantzun du esan dituela «esan beharrekoak». Parte-hartze prozesu moduko bat garatu eta gero erabakiko dute zer egin. Udaleko alderdiek deituta, parte hartuko dutela baieztatu dute Azkarate Garbi Auzotarrak, Azkarate Garbi Herritarrak eta Urola Bizirik taldeek; Azkoitiko eraikuntzako gremioen ordezkari batek; Larke 360ko kide batek; baita Eusko Jaurlaritzaren ordezkari batek ere. Berez, joan den ostegunean ziren biltzekoak, baina, COVID-19ak eragindako alarma egoeraren debekuak direla eta, atzeratu egin behar izan dute.
Udalaren jokabidea
Zubizarretak esan izan du ez dela «zabortegi bat» Azkaraten egin nahi dutena. «Argi eta garbi geratu behar da ez dela zabortegi bat, baizik eta eraikuntza eta eraispen lanen hondakinak birziklatzeko planta bat». Apirilaren 29an garrantzia kendu zion Jaurlaritzaren agiriak hondakin arriskutsuez dioenari: «Horiei buruzko izenburu bat besterik ez da agertzen. Gaur zera esan dezakegu: proiektuak aurrera egingo balu ere, Azkaraten gai horiek ezingo lirateke erabili». Agiriak zehazten du 36.898 metro koadroko hedadura izango duela eremuak, bi faseak aintzat hartuta. Azkarate Garbi Auzotarrak plataformak ez du bigarren faseari buruzko datu gehiago, hedadurarenaz gain. Lehen fasean 11.696 metro koadro izango lituzke azpiegiturak, eta bigarrenerako 21.517 metro koadro aurreikusten dira,
Gorosabelek ez du ulertzen udalaren jarrera. «Ikusi da batere gardentasunik gabe jokatu duela, eta, gainera, gezur asko esan dituela». Gogoratu du, esaterako, udalak «hasieran» esan zuela «nahita ere» ezingo zuela gelditu proiektua. Hala adierazi zuen, bai, Zubizarretak, apirilaren 10ean. «Gero ikusi da gezur handi bat zela hori», azpimarratu du Gorosabelek. Eta aste batzuk egin ditu atzera: «EH Bilduren udal taldeak apirilaren 15ean jakinarazi zuenez, lur horiek ez dira urbanizagarriak». Horrenbestez, arau subsidiarioetan aldaketa bat egin beharko litzateke. «Alkateak du proiektua aurrera eramateko edo eteteko eskumena».
Horrekin lotuta, bada auzotarrengan «amorrua» pizten duen gertakari bat. Udalak ingurumen adierazpen estrategikoa eskatu zion Jaurlaritzari otsailaren 14an. Horren bidez, arau subsidiarioak aldatu, eta Azkarateko eremua urbanizagarri bilakatu ahal izango luke. Martxoaren 14an, ordea, Jaurlaritzak «ezinbestekotzat» jotzen ez dituen prozedura administratiboak etenda geratu ziren, alarma egoeraren ondorioz. Baina Azkoitiko Udalak izapidea ez eteteko eskatu zion Jaurlaritzari, espedientea «interes orokorrekoa» zela iritzita. Martxoaren 26a zen. Lau aste geroago, apirilaren 22an, ingurumen adierazpen estrategikoa kaleratu zuen Jaurlaritzak, aldizkari ofizialean.
«Arau subsidiarioenaren ondoren, alkateak esan zuen ez zuela interes berezirik. Alde batetik hori esaten du, baina gero...», azaldu du plataformako kideak. Arau subsidiarioak aldatzea udalbatzak onartu beharko luke. EAJk zortzi zinegotzi ditu, eta PSE-EEk, bat. Oposizioan daude EH Bildu (zazpi) eta Azkoitia Bai (bat).
Eraikuntzako gremioetakoak ere prozesuan parte hartzekoak dira. Irtenbide bat nahi dute sortzen dituzten hondakinentzat. Plantaren bueltan «informazio gabezia nabarmena» dagoela azpimarratu dute ohar batean, eta Azkaratekoari eta «beste edozein plantari» eskatzen diote izan dadila «eraisketako hondakin ez-arriskutsuen» gune bat; jasoko diren hondakinak «ez-arriskutsuak» izan daitezela; eta plantan «zorrotzak» izan daitezela «jasotze eta sailkatze lanetatik prozesuaren amaieraraino». Gainera, «ulerberak» izan nahi dute azpiegituraren inguruan bizi diren auzotarrekin. «Elkarren beldurrak jaso eta ados jartzeko prest gaude».
Auzotarren plataforma bi arrazoirengatik dago proiektuaren kontra. Batetik, pentsatzen dutelako «ezaugarri horiek» dituzten planten kudeaketa «inondik ere» ezin dela pribatua izan. «Badakigu nolako kontrol falta egoten den, zer ondorio ekartzen dituen. Hor dago Zaldibarko kasua». Eta beste kasu bat izan du hizpide Gorosabelek: Azkoitian bertan zegoen Oñeder zabortegian gertatutakoa. «Han sortu zen aire kutsadurak baserritarren lurrak kutsatu zituen. Eragin horiek ez dira kontuan hartzen». Hortaz, bi «adibide» horiek aintzat hartuta, galdera bat plazaratu du: «Nola izango dugu konfiantza horrelako proiektu pribatu batean? Gero nor egiten da hondamendien erantzule?». Galderari erantzun dio: «Herritarrak».
Lanak, «baimenik gabe»
«Kokagunearengatik» ere badaude egitasmoaren aurka. Plantatik 50 metrora baserri bat dago, eta hamaika daude 800 metroren bueltan. Larke 360ren proiektuan jartzen du «aire kutsadura eta kutsadura akustikoa» sortuko dituela. «Gainera, baimena dute lixibiatuak inguruko erreka batera botatzeko. Erreka horretako urak erabiltzen dituzte baserritarrek, bai abereei ura emateko, bai baratzeak ureztatzeko».
Gorosabelek uste du eremuan egiten ari ziren lanak ere eten dituztela: «Hala dirudi. EH Bilduk ikuskaritza bat egiteko eskatu du. Udaltzainak-eta ikusi ditugu. Susmoa dugu dena baimenik gabe egin dela».Gorosabelek ez du gauzatuta ikusi nahi«Zaldibarkoaren hurrengotzat» duena.
Larke 360k beste bi baimen beharko lituzke instalazioa martxan jartzeko. Bi baimen horiek eskatuta dauzka: bat, Jaurlaritzari, eta bestea, Azkoitiko Udalari.