Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko sutearen «foku garrantzitsuenak» dagoeneko itzalita daudela iragarri du egunero biltzen ari den mahai teknikoak. Hala ere, Ernesto Martinez de Cabredo Uraren Euskal Agentziako zuzendariak ohartarazi du oraindik berpitz daitezkeela eta txingarrek kea bota dezaketela. «Beti kontuan eduki behar da», erantsi du. Hori ekiditeko, «beharrezko baliabideekin» zaintzen jarraituko dute. «Gaur [atzo] arratsaldean ikusiko dugu nola ez den kerik egongo», gaineratu du.
Ostiraletik piztuta egon den sute horrek eragin zuzena izan du Zaldibarren eta inguruan arnasten duten airean. «Ez da izutzeko modukoa, eta mundu osoak ez du pentsatu behar jantzi espazial bat erosi behar duela babestuta egon dadin». Horrela mintzatu da Begoña Jimenez CSICeko ikerlaria aurreko astean airean dioxinak eta furanoak aurkitu izanak sortu duen kezkaren inguruan. Ziurtatu du kopuruak «normalean baino zerbait handiagoak» izan diren arren «oso baxuak eta une jakin bati lotutakoak» direla. 720 fentogramo metro kubikoko hauteman zituzten, baina, Jimenezen iritziz, mikrogramoez aritzea litzateke «kezkagarria», hau da, milioi bat aldiz kopuru handiagoez. Esan du hartutako neurriek ez dutela lortu nahi zuten helburua, baizik eta kontrako eragina izan dutela, eta «beharrezkoa ez den eta gehiegizkoa den alarma» eragin dutela. Erantsi du hurrengo neurketek emango dituzten dioxina eta furano kopuruak txikiagoak izango direla, eta egoera ez dela eguneroko bizimodua geratzeko modukoa.
Sutea itzaltzea lortu badute ere, aire librean kirolik ez egiteko eta etxea ez aireztatzeko gomendioei eutsi die Eusko Jaurlaritzak, bihar arte behintzat orduan emango dituzte airearen neurketen emaitzak.
Aixola eta Ego erreketan amonioa, etilbentzenoa, bentzenoa, toluenoa eta xilenoa topatu izana ere ez da kezkagarria Uraren agentziako zuzendariarentzat. Espero zutela eta «kopuru txikiak» izan direla azpimarratu du. Gainera, esan du «ezinezkoa» dela txorrotako uretara iristea. Zabortegiko urak biltzeko, berriz, biltegi bat eraikiko dutela azaldu du, eta horiek gero araztegira eramango dituztela. «Aixolako ubideko uraren kalitatea bikaina da, amonioaren kantitatean izan ezik. Hori ahalik eta azkarren jaso behar da». Hala ere, «lasai» daudela nabarmendu du. «Zabortegi batean gaude, eta ziur nago egiten ari garen kontrolek balioko dutela inguruko pertsonak lasaitzeko». Aurrerantzean ere «alertan» jarraituko dutela esan du, eta zabortegiko hondakinekin egin beharrekoak arduratzen dituen arren «egoera kontrolatuta» daukatela.
Aireaz eta uraz ez ezik, lurraz ere aritu dira. Eusko Jaurlaritzaren Elika fundazioko Amaia Ariñok azpimarratu du horren kalitatea ere «bikaina» dela. Adierazi du, inguruetako lurretan 90 parametro aztertu ondoren, metal astun eta hidrokarburo denak mugen «oso azpitik» daudela, eta, beraz, «espero bezala», lurra ez dagoela kaltetuta.
Oraindik produktuen eta larreen emaitzen zain badaude ere —ostiralean jakinaraziko dituzte baratzeetako produktuek emandakoak—, teknikariek uste dute lurra kaltetuta ez badago normalena dela produktuek ere kalterik ez izatea. Ondorioz, Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko produktuak ez kontsumitzeko gomendio bertan behera geratzea eskatuko dute. «Egin ditugun analisiak ondo atera dira; beraz, ez dago arazorik, eta abisua pasatu dugu». Hala ere, Ariñok onartu du epe luzera ondorioak etor daitezkeela.