Zaldibarko zabortegiaren segurtasuna bermatzeko exijitu diote Jaurlaritzari

Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxan-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak bi elkarretaratze egingo dituzte hilaren amaieran

Zaldibarko zabortegiaren egoera salatzeko agerraldia, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Geologia y Geoteknia Larrea SM enpresari eskatutako txostenak agerian utzi du Zaldibarko zabortegiaren orubea ez dela batere egonkorra. Jaurlaritzak txostena fiskaltzari helarazi dion arren, Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak uste dute ez dela nahikoa. «Ikerketek adierazi dute berehala hartu behar direla zenbait neurri, pertsonen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzeko», nabarmendu zuen Eneko Iraeta Zaldibar Argituko kideak atzo, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean egindako agerraldi batean, Bilbon. Hori dela eta, kolektiboek eskaera bat erregistratu dute Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean.

Segurtasun faktorea txikitu dela ondorioztatu du txostenak: Zaldibarko zabortegia erori zenean, 1,6 puntukoa zen faktorea; orain, berriz, 1,15ekoa. Parametroa 1 baino txikiagoa izateak esan nahi du irristatze indarra handiagoa dela egiturari zutik eusten dioten indarrak baino.

Egonkortasunari begiratuz gero, beraz, arriskua «handia» dela salatu zuen Iraetak. «Arrakalak daude». Arrisku hori, gainera, harago doa: «Gas isurketei, usainei eta suteei dagokienez ere arrisku handia dago». Era berean, kritikatu zuen egoera ez dela 2020ko otsailaren 6koa baino hobea. «Oso kezkatuta gaude». Ibaetak gogoratu zuen txostenak adierazi duela premiazkoa dela behin-behineko estaldura artifiziala jartzea eta zabortegia behin betiko zigilatzea. Izan ere, hiru kolektiboek adierazi zuten Jaurlaritzak 2021eko abuztuan jo zituela amaitutzat eremua egonkortzeko lanak, eta ordutik egoera larritu egin dela.

Zabortegia erortzeko arriskuan; Jaurlaritza, bete zure ardura lelopean egin zuten elkarretaratzea. Eta, orduan, Jaurlaritzaren ordezkaritzak ateak itxi zituen. Haren jarrera salatu zuen Javier Vazquez Ekologistak Martxan-eko bozeramaileak: «Gogoratu nahi diogu arriskua ez garela gu; arriskua Zaldibarren dago». Eta gaia saihesteari utz diezaiola exijitu zion. «Erakundeen betebeharra da lurraldea, ingurumena eta herritarren osasuna zaintzea; premiaz jardun behar dute, zabortegia berriro eror ez dadin».

«Berehala esku hartu»

Hiru kolektiboek bi deialdi egin dituzte. Etzi, ekainak 29, elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Eta hurrengo egunean, berriz, Zaldibarko Udaletxe plazan manifestazioa egingo dute, 19:00etan. Carlos Alonso herri akusazioko abokatuak adierazi zuenez hiru kolektiboek abiatu dute, erantzulea Verter Recycling 2002 SM den arren, erantzukizuna «subsidiarioki» Jaurlaritzarena ere bada. «Arriskua eragozteko, berehala esku hartu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.