Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren gainean industrialde bat eraikitzeko aukera aztertu zuen. Horren froga da Sprilur agentziak Trion hirigintza aholkularitzari aukera horren inguruan eskaturiko ikerketa. Hark, baina, ez zuen aholkatu, arrazoi ugarirengatik gainera; argudio horien artean, baina, ez da ageri Joaquin Beltranen gorpuak bertan dirauela ehortzita.
Sprilur industria erabilera izan dezaketen lurzoruak bilatu eta egokitzeko agentzia bat da, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpe dago. Agentzia horrek eskatu zuen, hain zuzen, zabortegiari industria erabilera emateko aukera ikertzeko. Trionen txostenean ez da ageri noiz egin zuen eskaera, baina erantzuna aurtengo martxoaren 29koa da.
Trionen arabera, txostenaren helburua «industrialde edo negozio zentro» bat eraiki daitekeen aztertzea da. Aurrekarietan, besteak beste, zehazten du Jaurlaritzako 28 milioi euro aurreratu dituela zabortegia egonkortzeko —gehiago izan dira—, behin-behineko zigilatze bat egina dagoela eta behin betiko errestaurazioa egiteke dagoela. Are gehiago, oraindik «lan garrantzitsuak» falta direla zehazten du.
Gaztelania hutsean idatzitako txostenaren ondorioak, dena den, argiak dira: ezin da industrialde bat eraiki zabortegiaren gainean. Perituaren ustez, «zaila da ingurumen ikuspegitik jasangarria eta ekonomikoki bideragarria izango den espazio seguru bat bermatzea».
Ondorio horietara iristeko hainbat arrazoi ematen ditu, eta horien artean ez da ageri Joaquin Beltranen gorpua ez aurkitu izana. Jaurlaritzak 2021eko maiatzaren 14an eman zuen bukatutzat bilaketa, arrakastarik gabe. Perituak, baina, ez du aipatu ere egiten langile ohia bertan ehortzita dagoela.
Beste arrazoiak ulerterrazak dira, hainbeste txostena bera eskatu izana deigarria bihurtzen dutenak. Dena den, zehaztu behar da Sprilurren antzeko ikerketak eskatu izan dituela beste hondakindegi batzuetan. Zaldibarren kasuan, perituak dio zoruaren egoera geologikoak egonkortasun arazo larriak dituela, «gizakien segurtasun eta osasunarekin bat ez datozenak».
Horrez gain, besteak beste, paisaian izango lukeen inpaktu handia, sarbideen egoera, eta egokitze zein deskontaminazio lanek izango luketen kostu handia aipatzen ditu. Txostenak arrazoi ekonomikoak ere aztertu ditu, eta ondorioztatu du ingurune horretan ez direla industrialde gehiago behar.
Trionekin batera, Geologia y Geotecnia Larrea bulegoak ere aztertu zuen zabortegia, eta hark ere esaten du industrialdea eraikitzea ezinezkoa dela. Argi uzten du baldintza geoteknikoak «oso eskasak» direla eta behin-behineko zigilatzea egiteke dagoela. Horren gainean eraikitze, zimentazio edo lur betetze lanek izango luketen arriskua aipatzen du. Are gehiago, etorkizunera begira ere «bideragarritasun txikikoa» litzatekeela dio, lan handiak egin beharko liratekeela bertan.
Ikusi gehiago:Zaldibarko luiziaren inguruko albisteak
Instrukzioa luzatu dute
Ingurumen delituari buruzko instrukzioa beste sei hilabetez luzatu du epaileak, ondorioztatu baitu ez dituela bukatu egin behar zituen ekinbide guztiak. Jakina denez, 2020ko otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta pixka bat geroago hasi zen epaitegiko bidea. Langileen lan eskubideen aurkako delituaren auzia familiaren eta enpresaren arteko akordioak amaitu zuen, baina ingurumen delituari buruzkoa, oraindik, Durangoko 1. Instrukzio Epaitegia ikertzen ari da. Hamahiru lagun daude inputatuta, haien artean, Verterreko hiru arduradun, Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari, Lurtek-eko bi geologo eta Geyser ingeniaritzako hiru langile. LKS ingeniaritzak egindako zabortegi proiektua aldatu zuen Geyser enpresak, eta aldaketa garrantzitsuak egin zizkion.