Zaldibarko zabortegia zigilatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Verterri

Jaurlaritzak fiskaltzari jakinarazi dio Verter Recyclingek ez dituela egin behin betiko zigilatze lanak. Lege baliabideak abiatu ditu enpresak zor dizkion 28 milioi euro jasotzeko

Zaldibarko zabortegia, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Astelehenean hiru urte bete ziren Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) kraskatu eta amildu zenetik, baina Verter Recycling enpresa ez da hasi zabortegia behin betiko zigilatzeko lanekin. Horixe salatu zuen atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak, gobernu kontseiluaren ostekoagerraldian. Adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak «hasiera-hasieratik» lanak egin zituen desagertutako langileak bilatzeko eta zabortegia egonkortzeko, eta, horri esker, gaur egun Zaldibarko zabortegia «egonkortuta eta zigilatuta» dago. Alabaina, ohartarazi zuen behin betiko zigilatzea egin gabe dagoela, eta Verter enpresari exijitu zion lan hori egiteko eta zabortegia itxi ondorengo kontrol eta jarraipen neurriak hartzeko. Jakinarazi zuen Jaurlaritzak fiskaltzaren esku utzi duela afera horri lotutako informazioa.

Gaur egun, gertakari horri lotutako auzi bakarra geratzen da epaitegietan —ingurumenaren aurkako delituarena—, eta horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikarik ikertu gisa deklaratu beharko dute otsailaren 28an, Durangoko (Bizkaia) epaitegietan. Jaurlaritzak justiziarekin elkarlanean aritzeko borondate osoa duela azpimarratu zuen Tapiak, eta jakinarazihiru teknikariek Jaurlaritzaren abokatuen laguntza juridikoarekin deklaratuko dutela, «gobernuko beste edozein langilek bezala».

Era berean, Zaldibarko zabortegia amildu eta hiru urte bete diren honetan, sailburuakgogoan izan zituen hondamendian hil ziren langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, eta haien sendiak. Zabortegiaren egungo egoerari lotuta, berriz, jakinarazi zuenJaurlaritzak zabortegiko lanak ikuskatzeko lantaldea «indartu» duela: luizia gertatu zenean, zortzi ikuskatzaile zituen; orain, 11 dira.

Zorraren zatirik handiena

Jaurlaritzak 28,7 milioi euro eskatzen dizkio Verter Recycling enpresari, hondamendiaren ostean egin behar izan zituen lanengatik —dirutza horretan sartzen dira hondamendiak ingurumenari eragindako kalteak; ez, ordea, AP-8 autobidean eragindakoak—. Zabortegiaren jabeek enpresa likidatzeko bidea hartu zutenez, gobernuak uste du horren kudeatzaileek eta administratzaileek ordaindu beharko dutela zorra. Jaurlaritzak behin baino gehiagotan esan du legeak ematen dituen baliabide guztiak erabiliko zituela dirua berreskuratzeko, eta hori bera berretsi zuen atzo Tapiak: iragarri zuen «premiamendu bideari» ekingo diola gobernuak, diru horren zatirik handiena berreskuratu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.