Zaldibarko luizia gertatu zenetik lau urte beteko dira bihar. Eitzagako zabortegiaren (Zaldibar, Bizkaia) amiltzeak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen heriotzak eragin zituen, eta ingurumenean ondorio larriak izan zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaborraren eta zabortegien kudeaketa ere ezbaian jarri zuen.
Orain urtebete eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Verter Recyclingi Zaldibarko zabortegia behin betiko zigilatzeko, mantentze lanik ezaren ondorioz lurraren egonkortasun baldintzek okerrera egin baitzuten. Baina urrian, Jaurlaritzak bere gain hartu zuen subsidiarioki zabortegia zigilatzeko ardura, Verter Recycling egin beharrekoa betetzen ari ez zela ikusita.
Behin-behineko zigilatze lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritza: polietilenozko oihalak jartzen ari dira, eta, behin horiek soldatuta, zabortegia estaliko dute. Arantxa Tapia buru duen Ingurumen Sailaren planen arabera, behin-behineko zigilatzea maiatzerako amaituta egongo da. Jarduketa horrek «gutxienez bost edo sei urtez» lurra egonkortzeko bermea eskainiko duela zehaztu du.
Materiala trinkotu eta egonkortu eta gero ekingo diete behin betiko zigilatze lanei. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu nola egingo duen.
Lan «kritikoenekin» hasi dira: zabortegiaren malda handiena duen eta diketik gertuen dagoen eremuko oihalak soldatzen ari dira, eta espero dute martxoan amaitzea fase hori. Ondoren, goiko aldea lotzea faltako zaie. Hala, espero dute euri ura ez dela iragaziko eta, ondorioz, hondakin masaren pisua ez dela handituko. Lurraren egonkortasuna bermatu nahi dute horrela.
Soldatze makinek polietilenozko oihalen muturrak lotu ahal izateko, beharrezkoa da inolako hezetasunik ez egotea. Hortaz, eguraldiak baldintzatuko du lanek zenbat irauten duten; oraingoz, eguraldia lagun dute.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, zabortegiko isurketa-ontziaren bi lekutan maila freatikoaren —lurpean pilatutako uraren maila— jarraipena egiten ari dira, baita lixibiatuaren irteera emariarena ere, isurketa-ontziak behar bezala drainatzen duela ziurtatzeko.
Lanak urrian hasi zituzten, eta espero dute maiatzean amaitzea, Ingurumen Sailaren planean ezarritakoa baino bi urte geroago. Kalkulatu dute 2,6 milioi euroko gastua izango dutela. Lanak amaitutakoan, zabortegia itxi ondorengo ebazpena aginduko da, gunea gutxienez 30 urtez kontrolpean edukitzeko.
Espedientea Verterri
Lur eta zabor luizia gertatu zenean zabortegiaren egonkortasun baldintzak desegokiak zirela jakinarazi zuen txosten tekniko batek, eta luizia mantentze lanik ez egiteagatik gertatu zela ere ziurtatu zuen. Hortaz, iazko urrian Verter Recycling enpresari zehapen espedientea ireki zion Jaurlaritzak, zabortegia behar bezala mantentzeko beharrezko neurriak ez hartzeagatik.
Verter Recyclingek 31,2 milioi euroko zorra du orain, behin-behineko zigilatze lanen kostua gehituko baitzaio aurretik enpresak zuen 28,6 milioi euroko zorrari. Izan ere, Verter Recyclingek bere eginbeharrak betetzen ez zituela ikusita, Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain behin-behineko zigilatze lana, baina horren aurretik ere beste lan batzuk ere eginak ditu: langileen gorpuen bilaketa lana eta instalazioa trinkotzeko eta mantentzeko hainbat lan. Jaurlaritzaren iritzian, lan horiek atzeratzeak arrisku gehiago ekar zitzakeen.
Sololuze eta Beltrani omenaldia
Igandean senide eta lagunek Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratu zituzten, duela lau urte zabortegia behera erori zenean hil ziren bi langileak. Zaldibar Argitu elkarteak antolatu zuen ekitaldia, hondamendia oroitzeko eraiki zen eskulturaren ondoan. Elkarteak gogorarazi du prozesu penala itxi bada ere ingurumenaren aurkako delituen auzian dutela «itxaropena» orain. Dena dela, instrukzio fasean dago oraindik, lau urte geroago. Era berean, erantzukizunak argitu gabe daudela salatu zuten.