Zaldibarko luizia

Zaldibarko zabortegia egonkorra ote den aztertuko du Jaurlaritzak

Mantentze lanak Verter enpresari dagozkio, baina, Arantxa Tapiak esan duenez, muzin egin die administrazioak egindako errekerimenduei

Legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzea, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 29a
12:16
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du Zaldibarko zabortegiaren egonkortasunari buruzko ikerketa bat egiteko lana. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak azaldu duenez, administrazioak ikuskapen tekniko bat egin du 2020ko otsailean amildu zen zabortegian, eta egiaztatu du orain konkurtso administratzailearen bidez ordezkatuta dagoen Verter enpresak ez dituela bete administrazioak egindako errekerimenduak: «Zabortegiaren kontrol, mantentze eta jarraipen lanak ez ditu titularrak behar bezala egin, ziurgabetasun egoera bat sortu du, eta azpiegituraren baldintzak nabarmen okertu dira».

Hori ikusita, Jaurlaritzak erabaki du azterketa berak egitea: «Enpresak egonkortasunari buruzko azterlanik aurkeztu ez duenez, Eusko Jaurlaritzak berriro hartuko du bere gain zabortegiaren titularraren erantzukizuna, eta hondakinaren egonkortasunari buruzko azterketa egingo du lehenbailehen». Azterketa horren bidez jakingo du zein den zabortegiaren benetako egoera, eta, behar izanez gero, esku hartu ahal izango du «instalazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko».

Jaurlaritzak lan hori bere gain hartuko badu ere, haren asmoa da horren kostua gero enpresari ordainaraztea. Horrez gain, administrazioaren errekerimenduak behin eta berriz ez betetzeak «dagozkion isun espedienteak martxan ipintzea» ekarriko duela ohartarazi du Tapiak.

Segurtasuna bermatzeko eskea

Aste honetan bertan, Zaldibar Argitu plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak kezka azaldu dute zabortegiaren egoeraren inguruan, eta haren segurtasuna bermatzeko eskatu diote administrazioari, Bilbon egindako agerraldi batean. Hiru elkarteek elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.