Zaldibarko hondamendia

Zaldibarko zabortegia behin-behinean zigilatzea ere bere gain hartuko du Jaurlaritzak

Enpresaren utzikeria salatu du Arantxa Tapia sailburuak, eta zigor espedientea irekiko dio. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute, eta «bospasei» urterako konponbidea izango da.

Zaldibarko zabortegian eginiko lehen egonkortze lanak. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urriaren 3a
13:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatze lanak hasiko ditu. Iragan ekainean eskaturiko azpiegituraren egonkortasun ikerketak azaleratu du enpresak ez duela beste pausorik eman, eta ondorioz zabortegiaren oreka ez dagoela bermatuta. Gauzak hala, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu egin beharreko mantenu lanak, bi fasetan: lehenbizi, lurrak konpaktatuz, eta, ondoren, lamina iragazgaitz bat jarriz. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute, eta «bost edo sei» urterako konponbidea bermatuko duela iragarri du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak.

«Enpresak ez du bere lana egin, eta horregatik hartu behar izan du ardura Jaurlaritzak», adierazi du Tapiak. Salatu du egun Verter Recyclingen gaineko kontrola duen konkurtso administratzaileak ez dituela hasi mantenu, zigilatze edota iragazpen lanak. Azaldu du azpiegiturak ez duela laster amiltzeko arriskurik, baina zigilatu ez eta euri ura sartzen jarraituko balu orduan handituko litzatekeela. Obren xehetasunekin batera, iragarri du beste zigor txosten bat irekiko dutela enpresaren ordezkarien aurka.

Lan berriek bi fase izango dituzte. Lehenbizi, goiko lurrak konpaktatuko dituzte, eta, gero, geruza iragazgaitz bat jarriko diote. Obrek 750.000 euro inguruko kostua izango dute, eta bospasei urterako konponbidea lirateke. «Beste zabortegi askotan probaturiko konponbidea da, berme osokoa», zehaztu du sailburuak. Era berean, garbi utzi du ez dela behin betiko zigilatze bat, eta «azpiegituraren egungo egoera ez dela bideragarria». Hala ere, ez du behin betiko zigilatzearen inguruko argibiderik eman.

EH Bildu: «Berandu da»

EH Bilduren ustez, Zaldibarko behin-behineko zigilatzea «berandu» iritsi da, eta Jaurlaritzari egotzi dio hiru hilabete «alferrik galdu» izana. Koalizio abertzaleak lanei ekiteko eskatu zion ekainean, azterketa geoteknikoaren emaitzen berri izan bezain laster. Mikel Otero legebiltzarkideak kritika oso gogorra egin dio Ingurumen Sailari: «Horixe eskatu genion, eta ezezko borobila jaso genuen; EAJk eta PSEk garrantzia kendu zioten gaiari, eta alarma sortzea egotzi ziguten gainera. Azkenean, hiru hilabete pasatu ostean, guk proposatzen genuena egin zuten».

EH Bilduk gogoratu du txostenaren arabera zabortegia «arrisku handiko» egoeran dagoela, eta Jaurlaritzari esan dio «premiazkoa» dela estaldura bat jartzea eta behin betiko zigilatze lanak ahalik eta lasterrena hastea. Tapiak, berriz, ez du zabortegiaren behin betiko zigilatzearen inguruko argibiderik eman. Lan horiek garestiagoak lirateke; bere garaian, Verter Recyclingek zortzi milioi euroren funtsa zuen gordea lan horietarako.

Behin betiko zigilatzea izango da auziak izango dituen beste korapiloetako bat. Tapiaren adierazpenek ulertarazten dute Jaurlaritza itxaroteko prest dagoela, baina jakina da enpresa hondoa jota dagoela eta ez duela dirurik. Udaberrian orubea trukean ematea eskaini zuen, baina Jaurlaritzak eskaturiko txosten batek ondorioztatu zuen ezin dela ezer eraiki haren gainean.

Lanak, bigarrenez

Ez da Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egin beharreko lanak bere gain hartzen dituen lehen aldia. 2020ko otsailean, hondamendia gertatu eta egun gutxira, gobernuak bere gain hartu zuen azpiegitura osoa egonkortzeko lana. Ordukoan, enpresak jakinarazi zion ezin zituela lan horiek egin, eta, ondorioz, erakunde publikoa subsidiarioki bere gain hartzera behartuta zegoen. 30 milioi euro inguruko lanak izan ziren, eta enpresak oraindik ez ditu ordaindu.

Ingurumen delituaren inguruko epaiketan argituko da nork ordaindu beharko duen. Egun instrukzio fasean dago; Durangoko epaitegiko epaileak hainbatetan luzatu du, eta ezin da jakin noiz egingo den epaiketa. Egun, hamarretik gora dira inputatuak; Verter Recyclingeko ordezkariez gain, epaileak Ingurumen Saileko hiru teknikari eta Geyser HPC ingeniaritza enpresako bost langile ikertu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.