Europako Batzordeak bigarrenez adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete duela Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luiziaren aurretik eta ostean. Hala azaldu du gaur Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Europako legediaren ustezko hauste bat ikertzeko eskatu zioten San Lorenzoko Bizilagun Elkarteak, Ekologistak Martxanek eta Zaldibar Argituk Europako Parlamentuari, eta, horri erantzunez, Europako Batzordeak ebatzi du ez dela lege hausterik egon.
Horrez gain, Batzordeak adierazi du luiziaren ostean Eusko Jaurlaritzak izandako jokaera babesten duela, eta gehitu du ezbeharraren ostean «azkartasunez» jardun zuela. Jaurlaritzak hartutako bestelako neurriak ere goratu ditu; hala nola airearen kalitatearen zaintza eta amianto isurien inguruko ikerketa.
Bigarren ebazpen horren ostean Jaurlaritzaren jokabidearen inguruko eztabaida ea itxita dagoen galdetu diote sailburuari, eta adierazi du Europako administrazioak «argi» utzi duela ez dela lege urraketarik egon. Hala ere, prozesu judiziala oraindik ere irekita dagoela gogorarazi du Tapiak, eta luze joko duela gehitu du: «Ingurumen kalteak handiak dira. Oraindik luzea izango da prozedura judiziala, baina Europak berretsi du Jaurlaritzak ondo egin zuela lana eta beste nonbait egon daitekeela akatsa».
Egonkortasun ikerketa, ezkutatua
Tapiak adierazi du Verter Recycling zabortegia kudeatzen zuen enpresak 2018ko egonkortasun ikerketa bat ezkutatu ziola Eusko Jaurlaritzari. Sailburuaren arabera, Verter Recyclingek egonkortasun ikerketa bat egiteko eskatu zion beste enpresa bati, eta gehitu du txostenak zabortegian arazoak zeudela ebazten zuela.
Bestalde, Verter hartzekodunen konkurtsoa egiten ari da, baina Tapiak esan du enpresak oraindik ez duela ezer ordaindu borondatezko abonu epean eta, ordaintzen ez badute, zorra jabeei bideratuko zaiela. Hala ere, kontu hori konkurtso administrazioaren eskumena dela gogorarazi du.
Eusko Jaurlaritzaren «zuriketa»
Zaldibar Argitu taldearen arabera, Europako Batzordearen ebazpena Eusko Jaurlaritzaren jokabidea «zuritzeko» izan da. Bigarren ebazpen hori 2021eko otsailaren 3an eman zutenaren berdina dela adierazi du taldeak, «hitzez hitz». Hiru orrialdeko txostena dela dio Zaldibar Argituk, eta Eusko Jaurlaritzak bidalitako dokumentazioan bakarrik oinarritu direla diote. Tapiari horri buruz ezer ere ez esatea leporatu diote.
Esan dute 2021eko abenduan CEDEXek epaitegiei emandako 234 orrialdeko peritu txostenak dioela zabortegiaren ibilbide osoan izan zirela akatsak: «Zabortegiaren kontrola Eusko Jaurlaritzarena bada, eta horrek dena ondo egin badu, nola gertatu zen hondamendia?» galdetu dute. Diote CEDEXen txosten hori atera zenetik Jaurlaritzak ez duela ezer ere esan. «Herritarrek ondo dakite Eusko Jaurlaritzak baduela erantzukizuna zabortegiaren hondamendian, bere lana zelako haren gaineko kontrol publikoa egitea», esaten amaitu dute oharra.
Zabortegiko luizia
Ezbeharra 2020ko otsailaren 6an gertatu zen. Luiziak bi langile harrapatu zituen, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Lehenengoaren gorpuzkiak sei hilabete geroago aurkitu zituzten; bigarrenarenak, berriz, ez dituzte oraindik topatu, baina bilatze lanak bertan behera utzi zituzten aspaldi.
Luiziaren ostean, Verter Recycling enpresak egindako hainbat irregulartasun azaleratu ziren. Auzibideak ere abiarazi zituzten: lehenengoa, langileen segurtasunaren kontra egindako delituari dagokiona, 2021ean itxi zuten, hiru akusatuek –Jose Ignacia Barinaga enpresaren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Elosegi ingeniaria– akordio bat lortu zutelako hildakoen senitartekoekin. Bigarrena, ingurumenaren eta osasun publikoaren kontrako ustezko delituei dagokiena, abian dago oraindik.